Eu

Kontroleko osoko bilkura (2018/06/8)

2018.eko ekainak 08

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek Legebiltzarreko taldeen galdera eta interpelazioei erantzun diete, Kontroleko osoko bilkuran:

Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos Legebiltzarreko taldekideak Lehendakariari Estatuko aurrekontu orokorren inguruan eginiko galdera

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du etapa berria ireki dela eta forman eta funtsean jarrera berria espero duela. Hori horrela gogorarazi du politika egiteko modu berria babesten dutela, akordiorako borondatea duen elkarrizketan oinarritua, eta diagnostikoa partekatzea eta aurrez aurre dituzten etorkizuneko erronkei erantzuteko estrategiak aztertzeko sakoneko gaiak bideratzeko jarrera berria.

Hori dela eta, Urkulluk esan du espero duela guk entzuteko eta gu entzun gaitzaten elkarrizketa-etapa irekitzea. “Hori da hasiera, arazo politikoak elkarrizketa politikoaren bidetik ebatzi behar direla aitortzea”, esan du.

Larraitz Ugarte Zubizarreta andreak, EH Bilduko Legebiltzarreko taldekideak, Lehendakariari eginiko interpelazioa, Espainiako Gobernuan izan diren aldaketek ekar ditzaketen egoerei buruzkoa

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du gobernu-programak autogobernuaren aukera zabaltzea defendatzen duela, Euskadin berezko gizarte-espazio bereizia eratzeko, arlo ekonomikoan garatuagoa eta gizarte-arloan progresistagoa, eta euskal autogobernua defendatzeko erakunde-mekanismo eraginkorragoak hartzeko.

Gainera Espainiako Gobernuko presidente berriarekin gure gobernu-programan jaso diren gaiak aztertzeko topaketa izateko erakunde-konpromisoa adierazi du. “Nire erantzukizuna aintzat hartuta, dagoeneko zuzendu natzaio Espainiako Gobernuko presidenteari, bere izendapenagatik zorionak emateko ez ezik, egiteke ditugun gaiak gogorarazteko ere, batik bat Gernikako Estatutua betetzeari buruzkoa”, esan du.

Iker Casanova Alonso EH Bilduko Legebiltzarreko taldekideak Lehendakariari eginiko galdera, 2018-2020rako Euskadin enpleguaren eta kualifikazioaren aldeko esparru-akordioa baztertzeari buruzkoa

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du Legebiltzar honetako akordioak eragile ekonomiko eta sozialei eta Eusko Jaurlaritzari erakunde sindikalak gizarte- eta lan-adostasuneko erakundeetan sartu ahal izateko erabakiak hartzeko eskatzen diela. Era berean, Lehendakariak esan du, halaber, badakiela euskal enpresak, dagoeneko, ari direla soldatak egokitzen. Gainera esan du berretsi egiten duela elkarrizketarekin eta gizarte-itunarekin duen konpromisoa. “Hala erakutsi genuen Eusko Jaurlaritzaren eremuan sindikatuekin eginiko 50 lan- eta negoziazio-mahaietan, topaketa eta baterako lanerako erakundeez gainera”, esan du Lehendakariak.

“Berretsi egiten dut esparru-akordioaren edukia gizarte-elkarrizketako mahaira bidaltzeko konpromisoa. Inor ez dago kalitateko enplegua sortzea helburu duen akordio baten garapenetik eta gauzatzetik kanpo. Euskal enpresek planteatzen dituzten 100.000 enpleguen aukerari erantzun eraginkorra ematea”, esan du.

Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularraren Legebiltzarreko taldekideak Lehendakariari eginiko galdera, Etxebarrieta terroristari eginiko omenaldiari buruzkoa

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du terrorismoa gorestea dakarren edo biktimen sentsibilitatea iraindu dezakeen edozein ekitaldi salatzen duela. Gainera esan du epaimahaiek baimentzen edo debekatzen dituztela horrelako ekitaldiak. “Nire iritziz, egun horren oroitzapenari gure oraintsuko memoriaren ikuspegi kritikoarekin heldu behar zaio”, esan du Lehendakariak.

Lehendakariak amaitzeko esan du “Eusko Jaurlaritzak familia bakoitzari eskuragarri dagoen informazioa eta ETAren terrorismoaren eraginez jasandako justiziarik eza erradikalaren eta justifikatu gabearen aitorpena jaso dituen dokumentua banatzeko lan egingo duela. Honako hau da Eusko Jaurlaritzaren lana: gertakarien bidez, biktimen eskubideei erantzutea, bai eta gertatutakoaren memoria kritikoarekiko konpromisoari ere”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak