Eu

Kontroleko osoko bilkura (2019/02/08)

2019.eko otsailak 08

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gobernuaren egoerari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak ezagutzen ditu gutxiengoan gobernatzearen zailtasunak, baina lehentasunezko helburua da zailtasun horiek Euskadiko familietan eta gizartean, hazkunderako eta enplegurako aukeretan eragina izatea saihestea. Zentzu horretan, Lehendakariak azaldu du ekintza exekutiboa Programa batean, Plan Estrategiko batzuetan eta 11.500 milioi euro baino gehiagoren kudeaketan oinarritzen dela, erantzukizunez eta eraginkortasunez kudeatu beharrekoak Herrialde erronkei eta helburuei erantzutearren.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos legebiltzarkideak lehendakariari egina, aurrekontua luzatzeak berekin dakartzan ondorioei buruz.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, duela hilabete batzuk, ohartarazi zuen aurrekontua luzatzea ez zela drama bat izango eta Eusko Jaurlaritzak ahal diren neurri guztiak planteatuko ditu, 2018koa baino Sarreren Aurrekontu handiagoa duelako. “Herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzen jarraitzeko aukera emango duten neurri guztiak hartuko ditugu eta, gainera, ekonomiaren susperraldia eta kalitateko enplegu-aukeren sorkuntza bultzatzen jarraituko dugu”, zehaztu du.

Zentzu horretan, Lehendakariak hiru neurri nagusi aipatu ditu: Premiazko Neurrien hiru Lege Proiektu tramitatzea; dirulaguntza-programen aurrekontu-zuzkidura egokitzea, baita gastuena eta inbertsioena ere; eta sailkako politika publikoak garatzeko behar diren proiektu guztiak gauzatzea. “Gure helburua da aurrekontua luzatzearen ondorioek herritarrengan eraginik ez izatea”, adierazi du.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Alderdi Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiko enpleguari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadiko enpleguaren, hazkundearen eta enplegu-sorkuntza eutsiaren joera positiboa nabarmendu du. “Positiboa da joera eta lortu egin daiteke 2020rako langabezia % 10etik behera murriztea”, gaineratu du. Zentzu horretan, Lehendakariak nabarmendu duenez, enplegu gehiago eta hobea lortzea da Euskadiko instituzio, eragile ekonomiko eta sozial, eta enpresa guztien eta gizarte osoaren lehentasunezko helburua. “Indarrak batzen baditugu, gehiago aurreratuko dugu partekatzen dugun helburu horretan”, adierazi du.

Lehendakariak onartu egin du eremu horretan oraindik asko dagoela egiteko. Horregatik, azaldu duenez, aurten 297 milioi euro zuzenduko dituzte Enplegu Planera eta 1.891 milioi euro inbertituko dituzte Ekonomia suspertzeko.

Interpelazioa, Iker Casanova Alonso EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gobernuak hartu behar dituen neurri berriei buruz EAEko erronka nagusiei egokiro erantzuteko.

Lehendakariak azpimarratu du bera ere kezkatuta dagoela Europar Batasunaren eremuan IZAN behar duenaz. Hala, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza jabetzen da mundu mailan gertatzen ari den ekonomiaren ziurgabetasunaz eta desazelerazioaz. “Gobernuak lanean dihardu desazelerazio horrek enpleguan eragin negatiboa izatea saihesteko”, gaineratu du.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak egunero diharduela, eskakizun eta eraginkortasun handienarekin, kudeaketa egiten herritarren eskaerei eta premiei erantzutearren. “Gobernatzea da gure lana, hau da, Herrialde honen premiei eta erronkei erantzuteko gobernatzea.

Galdera, Larraitz Ugarte Zubizarreta EH Bildu legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaizkibel konpainiari jarritako isunari buruz.

Lehendakari azpimarratu duenez, etengabea eta argia da Gobernu honek berdintasunean oinarritutako Alardeari ematen dion babesa, baita bere erabateko gaitzespena ere joan den irailean erakutsitako jarrera errespetugabeei. Gainera, Lehendakariak adierazi duenez, 20 urte eta gero oraindik ere bizirik dirauen gatazka horri elkarrizketa konstruktibo eta zintzo batetik eman behar zaio irtenbidea, elkar aditzeko bideak ireki ahal izateko aurreneko pauso gisa.

Lehendakariak aitortu egin du nabarmena dela oraindik egiteko geratzen den guztia. Zentzu horretan, gogora ekarri du oraindik ere, gaur egun, Ertzaintzak egun horretarako Ebazpen bat eman behar izatearen premia. “Gonbidatu egiten zaitut, dagoeneko ezarrita dauden bideetatik, tentsioa eta liskarra saihestuko dituen bide bat aurkitzen guztion artean laguntzera. Pertsona guztien eskubideak eta berdintasuna bermatuko dituen bide bat”, gaineratu du.

Galdea, Borja Sémper Pascual Euskal Alderdi Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, AHTa Euskadira iristeko epeen betearazpenari buruz. 

Lehendakariak aitortu duenez, agerikoa da azpiegitura hori, gure Herrialderako funtsezkoa, atzerapen nabarmena metatzen ari dela. Nahiz eta, Lehendakariaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak beti erakutsi duen jarrera konstruktibo bat eta beti proposatu dituen obra bizkortzeko formulak. “Exekuzio-maila % 80tik gorakoa da”, zehaztu du.

Lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta euskal instituzio guztiek gure inplikazio osoa mantenduko dute Euskadiren etorkizunerako oinarrizkoa den azpiegitura honek atzerapen gehiagorik izan ez dezan. “Nire iritzia da ahal den guztia egin behar dugula azpiegitura horik ahalik eta azkarren amaitzeko”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak