Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura

2022-06-03

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, kontsulta subiranistei buruz.

Lehendakariak gogorarazi du, bere iritzia argi dagoela, idatzita eta Europar Batasunera bidalita, “Euskadi, Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentziaren aurrean” dokumentuan. Zentzu honetan, azpimarratu du Europar Batasunaren esparruan bermatu egin behar dela “Estatu kideen eta haien Komunitate politikoen parlamentu-erakundeen artean lortutako akordioak errespetatuko direla”.

Horretarako, “Argitasun Zuzentaraua” mekanismo posibleetako bat dela esan du, bere garaian Quebec eta Kanadaren artean harremanak eratzeko onartu zen bezala, baina, gaineratu du hau ez dela mekanismo bakarra. “Beste adibide bat izan genuen 2014an Eskoziaren eta Erresuma Batuaren harremanen kasuan”, azaldu du. 

Lehendakariak adierazi du mekanismoak askotarikoak izan daitezkela eta kontua ez dela ateak ixtea eta aukera bakar batera mugatzea. “Gobernantza demokratikoari dagokionez, elkar ulertzeko ateak eta aukerak eta adostutako konponbideak irekitzea da helburua”, esan du. 

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarrien inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa Legebiltzarrean lortutako hezkuntza-ituna leialtasunez betetzea dela; izan ere, “Hezkuntza Herri-helburu bat da, eta inplikatutako eragile guztiekin adostutako akordiotik aurrera egingo dugu”. “Akordioak gehiago dira desadostasunak baino, eta, batez ere, asko dugu jokoan, adostasunetik eta lankidetzatik euskal hezkuntza eraldatzeko helburua partekatzen dugulako; hori bai, horretarako prest dagoenarekin”, adierazi du.

Erronkaren garrantziaz jabetuta, “ekitatea eta aukera-berdintasuna bermatzea, kalitatearen eta bikaintasunaren hobekuntzan aurrera egiten jarraitzea”, Urkulluk azpimarratu du dagoeneko hartu direla ildo horretan erabakiak: irakasleen egonkortasuna eta Enplegu Eskaintza Publikoen deialdia; ratioen murrizketa; ingelesa hiru urtetik aurrera; heziketa fisikoaren hobekuntza; Haureskolen doakotasuna…”

Hala, hilaren 20an Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Batzordearen aurrean agertuko dela adierazi du, “elkarrizketatik aurrera egiten jarraitzeko”. Bildarratzek lau jarduera-eremutan hitzartutako 43 jarduerak abian jartzeko konpromiso zehatzak eta egutegia aurkeztuko ditu: ekitatea eta segregazioaren aurkako borroka; ikaskuntza eta etengabeko hobekuntza; hezkuntza-sistemaren plangintza estrategikoa; kogobernantza eta parte-hartzea.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak euskal enpresaburuen eskaeren aurrean duen jarrerari buruz.

Lehendakariak adierazi du bilera asko egiten dituela enpresa-sektorearekin, eta erabat baloratzen eta partekatzen dituela euskal enpresaburuengandik zuzenean jasotzen dituen eskaerak: “Lankidetza; errealismoa; aberastasuna sortu; desberdintasunari aurre egin; batu; eta abar”. Eskaera horiek, Urkulluren esanetaz, Eusko Jaurlaritza bere osotasunean aplikatzen saiatzen da gobernantza-ereduan. Hala, politikak ez direla bulego batean sortzen nabarmendu du, baizik eta enpresen, eragile ekonomikoen eta sozialen parte-hartzea dutela.

Era berean, Lehendakariak ekonomia produktiboaren benetako beharrei erantzutera bideratutako programa batzuk aipatu ditu: 2024ko Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoa; 600 milioi euroko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa; enpresen arteko fusioa eta xurgapena sustatzeko eta tamaina eta lehiakortasuna irabaz dezaten Bateratu Programa; sustraitze eta arrisku-kapitaleko funtsak; Finkatuz funtsa eta Finantzen Euskal Institutuak eta ELKARGIk kudeatutako abal-programak.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadik Espainian lidergoa galdu izanari buruz.

Lehendakariak Zedarriak Foroaren batzorde delegatuarekin izandako bilera zuzena eta pertsonala aipatu du. Bertan, landutako txostenaren eduki osoan sakondu zen eta Eusko Jaurlaritzaren beraren azterketekin kontrastatu zen; bilera hori oso positibotzat jo zuten bi aldeek.

Urkulluk adierazi duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoaren lidergoaren galera” ez dator bat Foroa ordezkatzen duten pertsonen iritziarekin, baizik eta Zedarriak-ek planteatzen du “indarrak batzea, elkarlanetik aurrera egiten jarraitzea”. Hala, Lehendakariak kritika konstruktiboa partekatu du, eta Jaurlaritzaren jarrera irekia, zorrotza eta malgua dela ziurtatu du. Orain, azpimarratu du Euskadi EZ dela gainbeheran dagoen herrialde bat, EZ dela erakargarritasuna galtzen duen herrialde bat.

“Ez “katastrofismo derrotista”, ez “baikortasun inkontzientea”, ez dira etorkizuneko erronkei aurre egiteko erantzun baliagarririk. Horregatik, euskal gizarteari dei egiten diot “indarrak batzera””, amaitu du.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Siemens Gamesa enpresak jaso duen EEP/OPAk euskal ehun produktiboan izango duen eraginari buruz.

Siemens Energyren berrantolaketa berriaren aurrean, Lehendakariak ziurtatu du eragiketa eta erabakiak oso gertutik jarraituko dituztela, Siemensek Euskadin presentzia, jarduera, hornitzaileekiko lankidetza eta, batez ere, enplegua indartzeko beharrezkoa den ekosistema aurki dezan. Horretarako, Urkulluk azaldu du Jaurlaritzak, alde batetik, euskal ekosistema ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzeko aukera ematen duten garapen teknologiko eta industrialeko programen eta zerbitzuen katalogo zabala duela; eta, bestetik, industria-politikan duen esperientziari esker jarduerari egonkortasuna ematen laguntzeko neurriak eskaintzeko aukera duela. “Siemensen eta edozein enpresaren jarraipenerako bermerik onena elkarrekin lan egiteko eta Euskadin duen errotzea erakargarri eta errentagarri egiteko gai izatea da”, gaineratu du.

Era berean, azpimarratu du Jaurlaritzak harreman zuzena izan duela konpainiarekin, eta honako hauek jakinarazi zaizkiola: egoeraren inguruko eta langileentzako etorkizunari buruzko kezka; Euskadin dugun ekosistema industrialaren eta teknologikoaren errealitatea; eta Euskadiko lankidetza publiko-pribatuaren eredua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)