qrcode

Ohiko osoko bilkura (2022/5/20)

2022-05-20

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gizartearen pobretze orokortua ekiditeko hartuko diren neurriei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzak neurriak hartu dituela, hartzen ari dela eta hartzen jarraituko duela Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko. “Pandemiaren ondorioei aurre egiteko egin genuen bezala”, gaineratu du. 

Horrela, apirilaren 8an, Osoko Bilkura monografikoan aipatutako neurriak gogorarazi ditu, besteak beste: energia-eraginkortasuna hobetzeko eta kostuak aurrezteko laguntzak (150 milioi euro), enpresa txiki eta ertainei eskainitako laguntzak (10 milioi euro), inbertsio estrategikoak (530 milioi) edo foru-aldundien neurri fiskalak (165 milioi)… Osagarri gisa, pertsona ahulenei laguntzeko 15 milioi euroko ISURI Funtsa onartu dela ere adierazi du, programei baliabide OSAGARRIAK gehituz. “Ekonomia suspertzeko laguntza horiek gizarte-laguntzak ere badira; egungo enplegua sendotzen dutelako eta enpleguak galtzea saihesten dutelako”, adierazi du.  

Hau horrela, gaineratu du Osoko Bilkura hartan onartutako 44 ebazpenetatik 37 dagoeneko exekutatzen ari direla. “Gure konpromisoa da ebazpen guztiak onartzea eta martxan jartzea”,  esan du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, autogobernu-ponentziari buruz.

Urkullu lehendakariak adierazi du Estatutua eguneratu egin behar dela, gizartearen behar berriei erantzuteko. Horri gehitu dio, halaber,  “osorik bete behar da, Espainiako Gobernuak berak hitzeman zuen bezala; Europako errealitate berrira egokitu behar da, eta tresna gehiago eskaini behar dizkigu integrazio-prozesuan parte hartzeko; eta adostutakoa betetzeko bermeak sartu behar ditu”.

Lehendakariaren arabera, gure esperientziaren berezitasunean, lortutako akordioetan eta euskal autogobernuan sakontzeko borondate politikoan oinarrituta eraiki behar da. “Martxoan ere esandakoa errepikatzen dut: ez dugu euskal autogobernua irteerarik gabeko kalezulo batean sartu behar, edo bide hil batean aparkatuta utzi edo zerbait adostu tiradera batean gordetzeko”, zehaztu du. Ildo horretan, azpimarratu du lantaldean egindako lanaren ondorioz aukera bat dagoela, “eta bai, aukera hori aprobetxatzearen aldekoa naiz”. Hala ere, gogorarazi du erabaki hori talde parlamentarioen esku dagoela oraindik.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Europako funtsak Euskadira modu eraginkorrean iristeari buruz.

Lehendakariak adierazi du Euskadin egindako lanaren balorazioa positiboa dela, izan ere: lehentasunezko proiektuak estrategia publiko-pribatu partekatu batean definituta daude; Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak ezarritako lehentasunekin lerrokatuta daude; ezarritako epeetan egin daitezkeen proiektuak dira; arintasunez aukeratzen dira ministerio desberdinek konferentzia sektorialetan esleitutako baliabideak, eta dagozkien funtsak jasotzen ari gara; eta ministerioei lotutako plan teknologikoen bidez jasotzen dira funtsak.

Hala, Urkulluk azpimarratu du, Europako funtsak ezinbestekoak badira ere pandemiaren ondoren susperraldi ekonomiko eta sozialerako, Euskadin aukera dagoela susperraldi hori baliabide propioekin bultzatzeko. “Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien 530 milioi euroko inbertsio-plana da horren adibide. Euskadi Next proiektuak abian jartzeko lehen baliabideak aurreratu ditugu, eta Europako Funtsak iristen direnean, iristen badira, inbertsioak azkartu ahal izango ditugu”, zehaztu du.

“Jarrera konstruktiboa eta proaktiboa izaten jarraituko dugu. Hau transformazio aukera bat da, eta aprobetxatu egingo dugu”, adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Iñigo Urkullu lehendakariak aurkari politikoaren aurkako indarkeria alderdi guztiek ekintza politikoa askatasunez, berdintasunez, bakean eta segurtasunez gauzatzeko duten eskubidea mugatzeko tresna gisa erabiltzea babesteari buruz.

Eusko Alderdi Jeltzaleak, EH Bilduk, Euskadiko Alderdi Sozialistak eta Elkarrekin Podemosek aurkari politikoaren aurkako indarkeria erabiltzearen alde daudela iradoki delarik, Lehendakariak azpimarratu du “zure alderdiaren legez besteko proposamen baten alde ez bozkatzea ezin da interpretatu aurkari politikoaren aurkako indarkeriaren erabileraren aldeko babes gisa”.

"Urrunegi joan da, eta hori onartezina da herri ordezkaritzako ganbera honetan, libreki eta demokratikoki aukeratua. Legezko alderdi politikoek osatutako ganbera. Dialektika parlamentarioak tarte zabalak ditu kritikarako, baita demagogiarako ere; baina, benetan, manikeismo, gezur eta manipulazio ariketa horrek zintzotasunaren muga guztiak gainditzen ditu. Denak dauka muga bat”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak