Kontroleko osoko bilkura (2021/12/17)

2021-12-17

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, oraingo osasun-egoerari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak osasun-larrialdia deklaratu du, eta estrategia argia du, honako neurri hauetan oinarrituta: txertaketa bultzatzea; kasu positiboak identifikatzea; Covid Ziurtagiria erabilgarri eta posible den eremuetara zabaltzea; Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluari behin eta berriz eskatzea kanpoan maskara derrigorrezkoa izan dadin; eta erantzukizunez jokatzeko eta prebentziorako deia egitea. “Berriro egiten dugu familia desberdinetako pertsonen arteko ospakizunak saihesteko deia. Familia-ospakizunak murrizteko eta mugatzeko eskatzen dugu, pertsona kopuru mugatu batekin eta osaera aldatu gabe”, azpimarratu du.

Azkenik, neurri zehatz berriak proposatzeko eskatu dio Gorrotxategiri, eta proposatzen dituenak aztertzeko konpromisoa hartu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadik 2021eko amaieran daukan egoerari buruz.

Lehendakariak aitortu du zailtasunak daudela, baina eguneroko informazioaren analisiak eta zientzia- eta osasun-gomendioak gidatuta jarduten ari direla; osasun publikoa zainduz, bizitza soziala, kulturala, ekonomikoa edo kirolekoa mantentzea ahalbidetuko duen oreka bilatuz. “Arazoak izugarriak diren arren”, Iñigo Urkulluk azpimarratu du egoera ekonomikoa bere onera datorrela eta “gizarteak onartu egiten du” eta egoera instituzionala eta politikoa egonkorra dela.

Urteko azken kontroleko Osoko Bilkuran, Lehendakariak itxaropenezko mezua partekatu nahi izan du. “Pandemiari aurre egiteko baliabideak eta profesionalak ditugu. Euskal herritarrei itxaropena helaraziko dien jarrera eta mezua partekatzera animatzen zaitut: “aurreko bost olatuak gainditu ditugu eta seigarren olatu hau ere gaindituko dugu”. Urte berria, jarrera berria, Iturgaitz jauna”, adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, konpontzeke dauden ETAren krimen guztiak argitzeko Eusko Jaurlaritzak aurreikusten dituen pausoei buruz.

Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak badaki terrorismoaren biktimen ehuneko handi batek ez duela erreparaziorik jaso justizia eraginkorraren ikuspegitik, baina gogorarazi du, legezkotasun-kontuak direla eta, ez dagoela Jaurlaritzaren esku biktimei justizia materiala eskaintzea. Nolanahi ere, egia jakiteko eskubidearen ikuspegitik, Lehendakariak konpromisoa hartu du, bai eta erantzukizuna ere, biktimei eskura duten informazio guztia ahalbidetzeko, eta jasandako bidegabekeriaren aurrean aitorpen pertsonal eta gizatiarra egiteko.

Ildo horretan, Jaurlaritzak arlo horretan abian jarri dituen zenbait ekimen aipatu ditu. Horien artean, “Memoriaren eta Aitorpenaren Koadernoak” proiektua nabarmendu du, terrorismoaren biktima bakoitzaren familiarentzako dokumentu monografiko bat, non berariaz aitortzen den biktimaren familiak jasan zuen sufrimenduaren bidegabekeria eta zentzugabekeria. "Koaderno hauek gaur arratsaldean hasiko dira familiei banatzen, ekitaldi instituzional hunkigarri batean. Horrela, jasan zuten bidegabekeriaren aurrean aitorpen etiko eta gizatiarra egin nahi diegu", azaldu du. Gainera, adierazi du proiektu honek jarraituko duela aldarrikatzen ETAk hildako biktima bakoitzaren bizitzeko eskubidearen urraketa inoiz gertatu behar ez zen bidegabekeria izan zela.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, kooperatibak Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzaren nahia dela kooperatiba-mugimendua Euskadin dauden izaera sozioekonomikoko erakunde eta organismoetan egotea; eta oso positibotzat jo du Gizarte Elkarrizketako foroetan inplikatzen diren gizarte-eragile guztien lana. “Gizarte Elkarrizketa da enplegu, prestakuntza, osasun edo laneko segurtasuneko politika publikoetan eragiteko modurik eraginkorrena, praktikoena eta produktiboena”, adierazi du.

Horregatik, EH Bildu talde parlamentarioari dei egin dio eragile ekonomiko eta sozial guztien parte-hartzea esplizituki babesteko, ez bakarrik Lanbiden, baita dauden foro guztietan ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak