Eu

Kontroleko osoko bilkura

2018.eko maiatzak 25

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek Legebiltzarreko taldeen galdera eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran:

EH Bildu taldeko legebiltzarkide Maddalen Iriarte Okiñena andreak lehendakariari egindako galdera Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan

Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun du aurrekontuei buruzko erabakia EAJri dagokiola. Gainera, azaldu du aurrekontua positiboa dela Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, euskal herritarrentzat, pentsiodunen kolektiboarentzat eta berdintasunean aurrera egiteko. Era berean, gogorarazi du inbertsio positiboa dela, egonkortasuna lortzea eta garapen ekonomikoa eta inbertsioak berreskuratzea ziurtatzen duelako. Gainera, nabarmendu du hitzarmenarekiko hautabideak norgehiagoka, ezegonkortasun eta tentsio gehiago zekartzala, eta baita, ziurrenik, hauteskundeak egitea ere.

Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkide Lander Martínez Hierro jaunak lehendakariari egindako galdera pentsiodunen mobilizazioen inguruan

Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun du pentsioak ez daudela Eusko Jaurlaritzaren eskumenen artean: “gure eskumenen esparruan, lehentasuna ematen diogu gizarte-babeseko sistemari, eta pentsiodunei modu integralean laguntzen diegu: arreta soziosanitarioa, etxebizitza-osagarria, premiazko laguntzak, egoitzak, garraioa, mendekotasuna, koordainketa farmazeutikoa…”.  Lehendakariak gehitu du Eusko Jaurlaritzak, eskumenik ez izan arren, diru-sarrerak bermatzeko errentaren bitartez osatu egiten dituela premia handienak dituzten pentsiodunen diru-sarrerak.

Euskal Talde Popularra taldeko legebiltzarkide Alfonso Alonso Aranegui jaunak lehendakariari egindako galdera Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen inguruan

Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun du Lege Proposamena baloratzen duela beste urrats bat bezala hiru hamarkadatan Euskal Autonomia Erkidegoak egindako ibilbidean, eta ibilbide horretan Euskal Autonomia Erkidegoak bere elkartasuna erakutsi duela eta premia handienak dituzten pertsonei laguntzen diela. Era berean, gogorarazi du hogei bat agerraldiren ondoren instituzio, elkarte eta kolektiboen proposamenak bildu direla gizarte-babeseko euskal sistema hobetzeko. Lehendakariak gehitu du aldaketa beharrezkoa dela sistema eguneratu eta egonkortzeko; araudi berria orain Lanbideri dagokion kudeaketara egokitzeko; neurriak gizarte-behar berrietara moldatzeko; eta hainbat errealitate kontuan hartzeko, hala nola etxebizitza-prestazioa, gizarteratze-politikak edo prestakuntzarako eta enplegurako sarbidea.

  “Adostasuna zabaldu behar dugu. Proposamena irekita dago taldeen atxikimendura (zure taldearena barne), guztiok ditugun helburuak lortzeko: ereduari eustea, haren kudeaketa hobetzea eta laguntza hori jasotzeko premia duten pertsonen laneratzeari lehentasuna ematea” —esan du amaitzeko—.

EH Bildu taldeko legebiltzarkide Iker Casanova Alonso jaunak lehendakariari egindako interpelazioa lan-harremanen euskal esparruaren inguruan

Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun du soldaten bilakaera negoziazio kolektiboaren mende dagoela, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa soziala irekita duela enpresa eta sindikatuekin. Era berean, lehendakariak adierazi du berak dakienez euskal enpresak jadanik hasi direla soldatak egokitzen. Gainera, jakinarazi du dagoeneko hasitako prozesu horren jarraitutasuna berri ona dela, kontsumoan eragin onuragarria duelako, eta susperraldia finkatzen denaren eta enpresek lehiakortasuna irabazten dutenaren seinale delako.

Lehendakariak nabarmendu du helburuak izan beharko lukeela elkarrekin aurrera egitea produktibitatea areagotzeko eta soldatak hobetzeko eginkizunean. Eta esan du azken batean xedea dela gure enpresen lehiakortasuna eta enpleguaren kalitatea hobetzea.

“Bat nator enpleguaren kalitatea hobetzea lortzeko dagoen erronka denarekin. Hain zuzen, langabezia-tasa jaistea, enpleguaren kalitatea hobetzea eta profesional egokiak izatea dira BBVAren txostenean Euskal Autonomia Erkidegoarentzat adierazitako hiru erronkak”, esan du.

Amaitzeko, lehendakariak hau adierazi du: “Aldaketa globaleko agertoki berrian lan-harremanei aurre egiteko bidea lankidetza da, ez, ordea, norgehiagoka. Inklusiboagoa eta partaidetza handiagokoa izango den enpresa-eredu berrian sinesten dut”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak