Kontroleko osoko bilkura (2020/11/27)

2020-11-27

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Europako funtsetarako EAEko norabide estrategikoa eta lehentasunezko proiektuak eztabaidatu eta zehazteko marko eraginkorra eratzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak gogorarazi du uztailaren 31tik, Espainiako Gobernuko presidenteak autonomia-erkidegoei Europako funtsetarako proiektuen lehen zerrenda egiteko eskatu zienetik, hainbat lan-bilera egin direla eta proposamenak jaso direla, bai publikoak, bai lankidetza publiko-pribatukoak.

Zentzu honetan, nabarmendu du irailetik proposamenak jasotzen ari direla; eta gaineratu du kontraste-prozesua irekita mantenduko dutela, erakundeetatik, enpresa-konfederazioetatik, sindikatuetatik, merkataritza-ganberetatik, finantza-erakundeetatik, kooperatibetatik, lan-sozietate anonimoetatik, arrantza-, nekazaritza- eta kontsumitzaile-erakundeetatik, unibertsitateetatik edo hirugarren sektoreko elkarteetatik jasotzen ari garen proposamenak aztertzeko.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren Klima Aldaketari buruzko Adierazpen Instituzionalaren aplikazioari buruz.

Lehendakariak adierazi du ingurumenarekiko konpromisoa eta trantsizio energetikoa Gobernu Programan jasota daudela, eta ziurtatu du "Ekonomia berderako trantsizioa garapen sozioekonomikorako eta enplegurako aukera gisa" bideratuko dela. "Helburu energetiko-klimatiko horiek betetzea garapen sozioekonomiko iraunkorraren zerbitzura dago", adierazi du.

Era berean, Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren garapen jasangarriko eredua nabarmendu du, energia- eta ingurumen-helburuak eta industria-ekoizpenari eta -enpleguari eustea bateratzen dituen eredua. "Bateragarriak eta posibleak dira, hala erakusten ari gara", gaineratu du. Zentzu horretan, "diesel zerga" berriak automobilgintzari kalte zuzena eragin diezaiokeela azpimarratu du, euskal industriarentzat oinarrizkoa den sektoreari. "Une honetan, dieselari zerga berri bat ezartzeak milaka lanpostu arriskuan jartzen ditu", gaineratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina"Celaá legea" deritzon hezkuntza-erreforma onartzeari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du "Celaá legea" aurrekoa baino hobea dela, gure hezkuntza-eredua traba gutxiagorekin garatzeko aukera ematen duelako. "Adibidez ez du mugatuko gure beka-politika, aurreko legeak egiten zuen bezala. ", gaineratu du.

Lehendakariak Hezkuntza Hitzarmen berria lantzeko konpromisoa agertu du. “Ondo dakigu lege berri bat onartzeak aurretiko adostasun zabala eskatzen duela. Hori da landuko duguna: Covid-aren irakaspenak kontuan hartuko duen adostasuna eta Hezkuntzaren ekitatearen eta kalitatearen erronkei erantzungo diena", esan du.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ostalaritza erreskatatzeko planari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak ahalegin berezia egiten ari direla zailtasunak dituzten sektoreei laguntzeko, baita ostalaritzari ere. Nolanahi ere, lehendakariak konpromisoa pertsonala eta osasun-agintarien gomendioak zorrotz betetzea eskatu du, azken hilabetean jasan den transmisioa geldiarazteko. "Neurriak betetzeak sektore guztietan jarduera berreskuratzea dakar, baita Ostalaritzan ere", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak