FAQ - Ohiko galderak
Irekia
Zer da IREKIA-Gobernu Irekia?
Irekiaren helburua Eusko Jaurlaritzaren aktibitateari buruz informatzea da, horrela herritarrek modu aktibo eta irekian parte hartu dezaten. Gainera, elkarlanerako atari honetan nahi duen orok informazioa eskatu dezake, eta baita eskaerak egin.
Zeintzuk dira gobernu irekiaren hiru printzipioak?
- Gardentasuna
Gobernuak unean bertan ematen die herritarrei bere jardunari buruzko informazioa: erabakiak, planak, asmoak...
- Partaidetza
Gobernuak xedatzen dituen legeak, dekretuak, neurriak edo erabakiak herritarren ekarpenekin osatu eta hobetzen dira. Baina inork bere gisan ezer proposatu, azaldu edo ideiak eman nahi izanez gero, horretarako aukera ere ematen du atari honek.
- Lankidetza
Eusko Jaurlaritzak elkar hartuta egiten du lan herritarrekin, enpresekin eta Euskadiko gainerako administrazioekin, lanerako tresna berritzaileak eta elkarlanean oinarritutako lan-metodo berriak guztion eskura jarriz. Herritarrei entzuten diete, benetan elkar hartuta joateko gizarte konektatuagoa lortzeko bidean.
Ba al du Irekiak Creative Commons by lizentzia?
Bai. Hain zuzen, lizentzia hau aukeratu du gobernuak legezko oinarria emateko. Espazio honetan sortzen den informazio, ikus-entzunezko material, multimedia eta bestelakoak herritarren eskura jarriko da. Horrela, eta beti ere iturria eta izena aipatuta, nahi bezala erabiltzeko aukera izango da inongo mugarik eta kosturik gabe.
Erabilerarako baldintzak
IREKIAren zein sailetan hartu dezakete parte herritarrek?
IREKIAk partaidetzarako eta elkarlanerako hiru espazio ditu:
- Gobernuaren proposamenak: herritarrek Gobernuaren proposamenei buruzko iritziak eta zalantzak argitaratzeko pentsatua dago, eta baita Gobernuko sailek bultzatutako lege proiektuei edo ekimenei buruzko iritziak jasotzeko.
- Herritarren eskaerak: herritar bakoitzak Gobernuak garatzen dituen gaien inguruan bere eskaera propioak egiteko gunea da.
- Berriak: Eusko Jaurlaritzaren inguruan sortutako berriekin elikatzen da egunero ataria. Herritarrek bertan parte hartzeko aukera izango dute albisteak iruzkinduz eta iritziak emanez.
Herritar batek eskaera bat egiteko zein prozesu eraman behar du aurrera?
Hauek dira parte hartzeko eta eskaera bat egiteko jarraitu beharreko pausoak:
- Eskaeraren izenburua (gehienez 100 karaktere)
- Eskaeraren gaia (gehienez 200 karaktere)
- Helburuen deskribapena (gehienez 500 karaktere)
Zer gertatzen da bikoiztutako eskaerekin?
Eskaera berri batek aurretik eginda dagoen beste batekin zerikusia badu, edo zuzenean erlazionatuta baldin badago, eskaera berri hau baztertua izango da. Hori dela eta erabiltzaileak aurreko eskaera identifikatu eta bertan iruzkina gehitu beharko du.
Zeinek erantzuten die herritarren eskaerei?
IREKIAk, Gobernuko sailekin elkarlanean, eskaera zein sailek aztertu eta erantzun behar duen erabakitzen du. Gainera, erantzuna ahal den denbora laburrenean ematea bermatzen du.
Nola antolatzen dira Gobernuaren proposamenak?
Gobernuko sailek herritarren parte hartzea bultzatuko dute prozesu parte hartzaileen bidez, eta hauek lau fasetan banatzen dira:
- Eusko Jaurlaritzak bere proposamenen berri ematen du material multimediaren publikazioari esker.
- Hortik aurrera, interesa duten pertsonek, debatean parte hartzeko aukera izango dute iritzia plazaratzeko, argumentuak azaltzeko eta aldeko edo kontrako botoa emateko.
- Batzuetan, erabiltzaileek aldaketak iradokitu dezakete zirriborroan dauden hitzen edo esaldien inguruan.
- Azkenik, debatearen ondorioak eta gaiaren inguruko dokumentu definitiboa kontsultatzeko aukera izango da IREKIAN.
Gai propioei buruz eskaeraren bat egiteko erabili daiteke IREKIA?
Ez. Eusko Jaurlaritzaren ekintzekin zerikusirik ez duten eskaera guztiak Herritarrentzako Zerbitzura (ZUZENEAN) bideratuko dira bere ohiko tramitazioa egin eta erantzuna haiek emateko.
Eusko Jaurlaritzak galarazi diezaioke sarbidea pertsona bati?
Bai. Eusko Jaurlaritzak edozein momentutan eta aurrez abisatu gabe, erabilerarako baldintzak betetzen ez dituen pertsona orori baliogabetu dezake bere kontua eta sarbidea galarazi IREKIAra. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko IREKIArako sarbiderako ukapenaren inongo ardurarik.
IREKIAko informazioa sare sozialetan partekatu daiteke?
Bai. Gizarte sareak Gobernuaren aktibitatea zabaltzeko tresna egokiak dira, eta gainera, bere ekintzen inguruko iritziak eta iruzkinak maiztasun handiagoz garatzeko espazioak dira.
Datu pertsonalak eta pribatutasuna
Nola babesten dira erabiltzaileen datuak?
Eusko Jaurlaritzak datu pertsonalak babesten ditu, Datuak Babesteko Lege Organikoan, beraren Garapen Araudian eta Datuak Babesteko Euskal Legean ezarritakoaren arabera. Datu pertsonalen babesari buruzko informazio guztia IREKIAko Pribatutasun politika atalean jasotzen da.
Non gordetzen dira datu pertsonalak eta non kontsultatu daitezke?
Euskadiko, Espainiako eta Europako arautegiari jarraituz, erabiltzaileen datu pertsonalak Datuen Babeserako Euskal Agentzian geldituko dira erregistratuta fitxategi moduan. Erabiltzaileek erregistroan izen ematea, bertako titularitatea eta fitxategien helburua horrela dela baieztatu dezakete Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Erregistroan.