Elkarlan Sariak
Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2022/3/4)

2022-03-04

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Estatus politiko berriari buruzko eztabaidaren inguruan.

Lehendakariak azpimarratu du autogobernuaren esperientzia positiboa izan dela, eta, orain, aukera dagoela autogobernu gehiago eta hobea lortzeko Euskadirentzat. Hala, gogorarazi du legebiltzar-taldeei dagokiela erakundeen bideragarritasuna izango duen eta euskal gizarteak berretsiko duen proposamen bat adostea. “Euskal gizartearen ordezkari instituzionalak gara, eta erreferendumerako proposamen bat adosteko aukera dugu. Azken hitza, erabakia, euskal gizarteari dagokio. Lehenengo erantzukizuna Legebiltzar honetan dago. Egindako lan guztiaren ondoren, eta lortutako adostasunetan oinarrituta, guri dagokigu lehen urratsa ematea eta gizarteak berretsiko duen proposamen bat egitea”, adierazi du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Hezkuntza-itunari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du eragileen proposamenak entzunez eta kontutan hartuz lortuko dela hezkuntza sistemak dituen arazoei erantzun eraginkor bat eskaintzea. “Hori da, hain zuzen ere, azkeneko hamabi hilabete hauetan Hezkuntza Sailak egin duena. Hezkuntza komunitatearen, eragileen, sindikatuen, adituen eta legebiltzar taldeen ekarpenak jaso ditu. Baita zuen taldearen ekarpenak ere”, gaineratu du.

Ekarpen guztiekin egin den sintesi horri ekarpenak egiteko epea gaur amaitu bada ere, Lehendakari azpimarratu du Hezkuntza Hitzarmena eta Hezkuntza Legea onartzeko prozesuak irekita jarraitzen duela, eta, beraz, denbora dagoela ekarpenak egiten eta jasotzen jarraitzeko. “Prozesuak irekita jarraitzen du. Hezkuntza Herri Helburu oinarrizkoa da. Ezin dugu huts egin. Sailak ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatuko da. Ekarpen zehatz eta eraikitzaile guztiak ongi etorriak dira, baita bere taldearenak ere”, esan du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Errusiarren inbasioaren biktima izan diren herritar ukrainarrei laguntzeari buruz.

Lehendakariak indarrak batzeko konpromisoa berretsi du, Ukrainatik Euskadira iristen diren pertsonei erantzunik onena eta duinena eskaintzeko. Era berean, adierazi du Eusko Jaurlaritza, erakundeak eta Hirugarren Sektore Soziala prest daudela Europar Batasunak atzo aktibatutako Zuzentaraua betetzeko. Zuzentarau horrek jasotzen du “aldi baterako babesa, gerragatik, indarkeriagatik edo giza eskubideen urraketengatik lekualdatutako pertsona asko bertaratzen direnerako”. Zuzentarau hau lehen aldiz aplikatuko da eta honako hauek bermatzen ditu: bizileku- eta lan-baimena, hezkuntzarako sarbidea, ostatu egokia, gizarte-laguntza, finantza-laguntza eta arreta medikoa.

Gainera, Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritzak bat egiten duela nazioarteko erakundeen deiekin, Errusiako Gobernuari Ukrainako lurraldearen gaineko inbasioa eta erasoa amaitzeko eskatzen diotenekin. “Nazioarteko legezkotasuna, giza eskubideak eta bakearen babesa errespetatu beharreko ondasunak dira, alde bakarreko edozein nahiren gainetik”, amaitu du.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaurlaritzak greba-eskubidearen egikaritzeari buruz daukan jarrerari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du grebarako eskubidea errespetatzen duela, betiere elkarrizketarako eta negoziaziorako bide guztiak agortzen badira grebarako deialdira iritsi aurretik. Ildo horretan, gogorarazi du Jaurlaritza beti saiatu dela hurbilketa eta elkarrizketa errazten, baita Bizkaiko metalaren, Tubacexen edo ITPren kasuetan ere, eskura dauden bitartekotza- eta arbitraje-tresnak eskainiz. “Lehentasun batekin egin dugu beti: egungo eta etorkizuneko enplegua arriskuan ez jartzea. Funtzio hau dagokigu guri”, gaineratu du.

Osakidetzako grebari dagokionez, Lehendakariak ez du eztabaidarik piztu nahi izan grebaren benetako eraginkortasunari buruz, baina adierazi du deialdiaren helburua osasun-sistema publikoa defendatzea bazen, ez dela ulertzen sindikatuak elkarrizketa-mahaitik kanpo egotea. “Aurretik eta ondoren, konponbideak puntu berean daude: elkarrizketa eta negoziaziorako mahai sektoriala”, adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak bere arauak hausteko eta gure legeek xedatzen dutenaren gainetik funtzionarioengan euskararen ezagutza inposatzeko duen motibazioari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ez duela euskararen ezagutza legeak ezartzen duenaren gainetik ezartzen, “Eusko Jaurlaritzak EZ ditu urratzen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea eta Lege hori garatzen duen Dekretua”. Hala, hemen ez dagoen polemika bat artifizialki ez sortzeko eta legea betetzeari gehitzeko eskatu du. Lege horrek honako hau ezartzen du: “Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei, besteak beste, oinarrizko hizkuntza-eskubide hau aitortzen zaie: Administrazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak ahoz eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea”.

Lehendakariak nabarmendu du legegintza-oinarriari, mantendutako konpromisoari eta Administrazio publikoan lan egiten duten pertsonen borondateari esker aurrera egiten ari dela; eta adibidetzat jarri du Administrazioko langileen artean euskararen ezagutza % 23koa zela 1990ean eta % 70era iritsi zela 2017an. "Aurrerapen hori euskal gizarteak Euskadiko hizkuntza-bizikidetzari dion onarpenetik eta atxikipenetik baino ez da azaltzen", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)