Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2017/5/19)

2017.eko maiatzak 19

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, zerga-erreformari buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak beharrezkotzat jotzen du indarrean dagoen araudi fiskala eguneratzea enpresen lehiakortasuna eta zerbitzu publikoak bermatzeko helburu bikoitzarekin, eta horretarako "errealismoz eta erantzukizunez" jardutearen alde agertu da. Zentzu horretan, Kupoaren akordioarekin “bake fiskala” lortzea ahalbidetu duen lan-metodoa aplikatzea planteatu du, hau da, lan tekniko zuhur bat, diagnostiko partekatu bat egingo duena, neurriak epe ertainerako ikuspegiarekin proposatuko dituena eta "batik bat akordiorako borondatea" erakutsiko duena.

Lehendakariaren ustez ezinbestekoa da “funtsezko” adostasuna lortzea egonkortasuna iraunarazteko eta “gai fiskala alderdi politikoen eta instituzioen arteko arma bihur ez dadin". Abiapuntu bezala, zerga-ahaleginak ez duela erdiko klaseetan eraginik izan behar defendatu du. 

Galdera, Leire Pinedo Bustamante EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2018rako zerga erreformari buruz.

 Iñigo Urkullu Lehendakariak egonkortasun instituzionala, ziurtasun fiskala, adostasun politikoa eta kaudimen finantzarioa zaintzearen alde egin du apustu, zerga-neurriak eguneratzeko prozesuan. Zentzu horretan taxutzen duen agertokian, lehenik, sakonetik aztertu behar dira 2013ko erreformaren emaitzak, ondoren, Zerga Koordinaziorako Organoan lan eginez eta hiru foru aldundiekin adostuta, neurriak proposatzeko, politika publikoei eusten eta, enplegua sor dezaten, enpresen lehiakortasuna mantentzen lagunduko dutenak. “Enplegu gehiagok bilketa handiagoa eta zerbitzu publikoen etorkizuneko iraunkortasun handiagoa esan nahi du”, adierazi du. 

Lehendakariak aitortu duenez, Eusko Jaurlaritza, oro har, ados dago gai hau “kiribil demagogiko” bihurtzea saihestu behar dela. “Ados gaude egonkortasunak eta ziurtasun fiskalak bai familiei bai enpresei ekartzen dizkien onuran”, azpimarratu du. 

Galdera, Borja Sémper Pascual Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzako sailburu bat prozesu independentista batean egoteari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak errespetatu egiten du "ekintza legal, demokratiko eta begirunezko" bat antolatzea, gizartearen ekimenez sortua. Gure Esku Dago-k joan den maiatzaren 7an Zumaian antolatu zuena bezalakoa, baita herritarren partaidetza ere, euren iritzia askatasunez adieraztea erabaki zutenena, Arantxa Tapiaren kasuan, besteren artean. Urkulluk azpimarratu duenez, sailburuaren presentziak ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak erabakitzeko eskubidea babesten duenik, Lehendakaria bertaratu ez izanak eskubide hori babesten ez duela esan nahi ez duen bezala. “Eusko Jaurlaritzaren jarrera argia da eta gure Programan dago jasota", adierazi du.

Gainera, PP gonbidatu du Lehendakariak Autogobernuko Ponentzian lan egitera, barne-akordio batera eta Estatuarekiko itun batera iristeko, “euskal gizartearen nahiak eta eskariak beteko dituena". 

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, zamaketari sektorea erreformatzen duen dekretuari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren jarrera azpimarratu du zamaketako langileekiko: laneko eskubideak babestea negoziazio kolektiboan akordioak sustatuz eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia aplikatzea ahalik eta modu arinenean enplegatuen interesei begira. Gogorarazi du atzo Dekretua onetsi izanaren asmoa dela Europaren isuna saihestea, baina ez du eragozten sindikatuetako ordezkariek, sektoreko patronalak eta Espainiako Administrazioak negoziatzen jarraitzea. Horretarako, Eusko Jaurlaritza neurri batzuk ezartzearen alde agertzen da, laneko egonkortasuna bultzatzeko, enplegu ez subrogatuetan indemnizazioak aplikatzeko eta aurre-erretiroetarako laguntzak zabaltzeko. 

Dena den, Lehendakariak gogorarazi duenez, Portuetakoa ez da Eusko Jaurlaritzaren eskumena, Gernikako Estatutuan jasota badago ere; hortaz, Exekutiboak dagokion transferentzia aldarrikatzen jarraituko du, aste honetan bertan Valentziako Erkidegoko Ximo Puig lehendakariarekin batera aldarrikatu duen bezala.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 19

    Comentario de Twitter:
    [VÍDEO] Pleno de Control (19/05/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentarios ➡ https://t.co/m6P6VtMQYt

  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 19

    Comentario de Twitter:
    [BIDEOA] Gaurko kontrolerako osoko bilkura: Legebiltzarkideek egin dituzten galderen eta interpelazioen erantzunak ➡ https://t.co/OWHxipAmeI

Ekitaldiko kargudunak