Euskaraldia
Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko Osoko Bilkura (2023/10/20)

2023-10-20

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, herri honentzat estrategikoa den hezkuntzaren legeak merezi dituen gehiengoei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Lege proiektu honetan, beste guztietan bezala, Legebiltzarraren gehiengo zabala bilatzen saiatu direla eta hori izan dela hasiera hasieratik Gobernuaren nahia eta helburua. Hezkuntza lehentasun bat delako Gobernuaren Programan eta aurrekontuetan, “Herri helburu bat”.

Urkulluk berretsi du Hezkuntza Lege berriaren ekarpena estrategikoa izango dela eta legearen ezaugarri nagusiak azpimarratu ditu: “lehen aldiz ikuspegi integrala duen Lege bat izango dugu, sistema osoa arautuko duena; doakotasunaren printzipioa onartuko da eta printzipio eta helburu sendoak oinarritzen ditu: pluraltasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, aniztasuna edo tolerantzia; hezkuntza erakundeen autonomia areagotuko du; bi hizkuntza ofizialak, eta hirugarren bat, menperatzeko helburua ezartzen du; udalerrien zeregina onartzen eta bideratzen du; ikastetxeen kudeaketa propioa eta kudeaketa komunitarioa babesten ditu; zuzendaritza taldeen profesionalizazioa eta lidergo pedagogikoa bultzatuko du, berrikuntza, ikerketa eta prospekzioa bultzatzeko Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua martxan jartzea proposatuko du” azaldu du.

“Hezkuntza Hitzarmenaren prozesua eredugarria izan da: denbora luzez hitz egin, eztabaidatu eta adostasunak lortu ditugu hezkuntza hobe baten alde. Hori da lehenetsi behar dugun helburua” esanez amaitu du.

Galdera,  Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin- Podemos- Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Europako Batzordeak Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari buruz duen jarreraren inguruan. 

Lehendakariak, lehenik eta behin, biztanleria zibilaren aurka zuzendutako ekintza oro gaitzetsi du, “onartezina da” esan du eta krisi honi irtenbidea emateko bide baketsuen alde egin du.

Urkulluk bat egin du Ursula Von der Leyen Europako presidentearen azken hitzaldiarekin. Bertan, Hamasen ekintza gaitzetsi du, Israelgo Gobernuari nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko exijitu dio eta Europak Gazarako laguntza humanitarioa hirukoiztuko duela igarri du. Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuen goi-bilerako adierazpenarekin ere bat egin du Lehendakariak, defentsarako eskubideak nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatu dezan. Europako diplomazia buruarekin bat etorriz, uraren, elektrizitatearen edo elikagaien mozketen aurka agertu da, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak direlako. Azkenik, Frantzisko aita santuaren adierazpenekin ere bat egin du Urkulluk,  bahituak askatzeko exijituz eta Israelgo Gobernuari Gazako biztanleria zibilaren aurkako erasoak amaitzeko eskatuz.

Lehendakariak azaldu duenez, astearte honetan, Gobernu Kontseiluak 500.000 euroko ekarpena egitea onartu zuen, Nazio Batuen Erakundeak egindako  larrialdi-laguntza-deialdiari erantzuteko. Datorren asteartean, "Ekialde Hurbil eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko mahaia" eratuko da. "Agintari palestinarrei eskatu diet ahalegin handiagoa egin dezatela Hamasen eskuetan dauden bahituak askatzeko, besteak beste, Ivan Illarramendi. Espero dezagun lehenbailehen hori horrela izatea”. Eta amaitzeko, Nazio Batuek proposatzen duten bezala, bi Estatuen nazioarteko aitortza eta egiazko eraketa defendatu ditu Lehendakariak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakaria Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzordean ez egoteari buruz. 

Lehendakaria irmoa izan da erantzunean: “Ez nuen atzoko Batzordean parte hartu, besteak beste, ez dudalako ordezkatzen dudan Erakundearen erabilpen interesatua egiten utziko”.

Urkullu Kataluniako gatazka judizializatzearen aurka  agertu da bere hitzaldian. "Hasiera-hasieratik adierazi nuen Kataluniako arazo politikoa elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez konpondu behar zela", azpimarratu du. “Nire ustez – jarraitu du –, sakoneko gaia da, oso gai garrantzitsua" horregatik, Estatuaren izaera plurinazionalaren aitorpenaren esparruan, lurralde-gatazkaren gaiari heltzeko garaia dela esan du; "gai honek duen garrantziagatik, beharrezkoa da gutxieneko seriotasun- eta diskrezio-baldintza batzuen baitan lantzea, akordiorako borondatea oinarri izango duen elkarrizketa-prozesu baten bidez "amaitu du Lehendakariak.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, toki-erakundeetan euskara inposatzeari buruz. 

Euskararen erabilerari buruz Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetutako Udal Legearen artikuluei dagokienez, Lehendakariak esan du "harrigarria" dela, "Justizia Auzitegi Nagusia Konstituzio Auzitegia bera baino harago joan delako", eta baieztatu du, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko duela. "VOXen helegiteari buruzko epaia eta PPk aurkeztutako errekurtsoa, biak ala biak, errekurrituko ditugu", azaldu du.

"Orain Alderdi Popularrak ere bat egin nahi izan du euskararen aurkako estrategia honekin. Deigarria da, 2017an akordio bat lortu baikenuen Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, Aldebiko Lankidetza Batzordean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeari dagokionez. Akordio hori Rajoy buru zuen PPren Gobernuak sinatu zuen. Orain, duela sei urte zuekin adostutakoren aurka egiten ari zarete", adierazi du Urkulluk.

Lehendakariaren arabera, Euskadin euskara eta gaztelania oso urrun daude berdintasun egoera batean egotetik. “Asko dago oraindik egiteko eta herritarren hizkuntza-eskubideak egiazki errespetatuko direla ziurtatu behar dugu” esan du. .

Galdera, José Manuel Gil Vegas – Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko etorkizuneko hezkuntza-legearen hizkuntza-ereduei buruz. 

Lehendakariak azaldu duenez, Lege berriak euskara eta gaztelania, hizkuntza ofizialak biak, ikastea ahalbideratzen du eta helburua da ikasleek B2 maila lortzea bi hizkuntza ofizialetan, eta B1 maila atzerriko hizkuntza batean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean. "Ez dago inolako inposaketarik, familiek aukeratzeko askatasuna dute, eta beren borondatez aukeratzen dituzte D eta B ereduak", adierazi du. Eta datu objektiboak eman ditu esandakoa baieztatzeko: egun, familien % 3,6k bakarrik aukeratzen du A eredua derrigorrezko irakaskuntzako etapetan; % 79k D eredua aukeratzen du eta % 17,4k B eredua.

"Asmo handiko helburu da, zentzuzkoa, gure seme-alaben heziketa aberasteko. Hizkuntza-ereduak ez dira berez helburu bat, ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menderatzeko tresnak dira. Helburu horrek Legebiltzar honen eta euskal gizartearen gehiengoaren babesa du, izan ere,  familien % 96ak borondatez aukeratzen du eta egiten du D edo B ereduen aldeko apustua" amaitu du Lehendakariak.

 

 

Iruzkin bat
  • 2023-10-21

    Yo tampoco veo ninguna imposición. No veo que el euskera se quiera imponer sobre el castellano. Y ojala se apruebe pronto la nueva ley de educación.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)