Kontroleko osoko bilkura (2023/03/17)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, mugimendu feministak martxoaren 8an aldarrikatutako zaintza-sistema publikoari buruz.
Lehendakariak ziurtatu du Jaurlaritzatik eta erakunde publiko guztietatik zaintza sistema sustatzen jarraituko dela, bere iraunkortasuna bermatuz. Zaintza-lanak, bai familietan eta baita arlo profesionalean ere, oso feminizatuta daude eta ez dira behar bezala baloratzen, hau horrela, Urkulluk egoera hau aldatzeko beharra azpimarratu du eta helburu horren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa agertu du. “Zaintza-lanak balioan jartzea ezinbestekoa da, eta emakumeen eta gizonen artean lan hori banatzea ere”, adierazi du.
“Zaintza-sistema publikoak”, hezkuntza-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak eta gizarte-zerbitzuak osatzen dutena, 9.000 milioi euroko inbertsio publikoa jasotzen duela gogorarazi du Lehendakariak, “eta hazten jarraituko du, pertsonen arreta hobetzeko eta erronka demografikoari behar bezala erantzuteko”. Zentzu honetan, ssasun-sistemak eta gizarte-zerbitzuek iraupen luzeko zainketa-sarea osatzen dutela aipatu du, eta legealdi honen hasieran onartutako Arreta Soziosanitariorako Estrategiaren bidez egituratzen direla.
“Eredu horren aldeko apustua egiten dugu, eta adostasunetik eta lankidetzatik aurrera egiten jarraituko dugu. Uste dut funtsezko gaietan bat egingo dugula, hala nola zainketen ‘desfeminizazioan’ eta erantzukizun publikoa indartzean. Ez izan zalantzarik: eredu hau aurrera eramateko ahalik eta adostasun handiena lortzeko borondate osoa dugu”, adierazi du.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Etika Publikorako Batzordeak zilegitasuna galtzeari buruz.
Urkullu Lehendakariak adierazi du Etika Publikorako Batzordeak bere egitekoa betetzen duela eta beharrezko funtzio garden eta eraginkorra betetzen duela. “Jakina, betetzen ez dituen funtzioak esleituta EZ dituenak dira, eta iritzi publikoa nahasteko esleitu nahi zaizkio”, gaineratu du. Hala, azpimarratu du Kode Etikoak, Batzordeak, Lege arautzaileak eta hura garatzen duen Dekretuak punta-puntako kontrol-sistema eta berme zorrotzak eratzen dituztela Euskadin.
“Balorazio-, kontrol- eta berme-esparru bat dugu. Esparru aitzindaria da, OSO zorrotza, gardena eta publikoa. Kode etikoak ekintza-eredu konprometitu eta arduratsuak sustatzen ditu, inpartzialtasuna, objektibotasuna, erantzukizuna, gardentasuna, zintzotasuna, desinteres subjektiboa, errespetua, eredugarritasuna eta gobernu irekia bezalako printzipio etikoetan oinarrituta”, azaldu du.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko adiskidekeriari eta klientelismoari buruz.
Iñigo Urkulluk positibotzat jo du Euskadiko gobernantza-ereduaren kontrolen funtzionamendua, eta baieztatu du hori bateragarria dela erakunde guztien etengabeko hobekuntza-printzipioarekin. Lehendakariaren arabera, demokraziak etengabeko erreforma- eta hobekuntza-prozesuen mende egon behar du. Hala, gogorarazi du Euskadik kontrol-tresnak dituela, hala nola gardentasunaren eta gobernu onaren printzipioekin eta balioekin konprometitutako erakunde-sistema demokratikoa, edo Legebiltzarrean hartutako erabakiak, administrazio publikoen funtzionamendu gardenagoa bermatzeko. “Atzo bertan, kontrako botorik gabe onartu genuen Administrazioaren Zigortzeko Ahalmenari buruzko Legea”, adierazi du.
“Hori guztia beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Beharrezkoa da berehalako kautelazko erabakiak hartzea, prozedura judizialak gauzatzen diren bitartean, eta justiziari eta polizia-ikerketari erabateko laguntza ematea”, gaineratu du.
Miñaoko kasuari dagokionez, Lehendakariak azaldu du atzo bertan, asteak zain egon ondoren, epaia irmo deklaratzeko autoa jaso zela eta, atzo bertan, esan bezala, kondenatutako bi pertsonak berehala kaleratu zirela, “gure konpromisoa betez”. “Eusko Jaurlaritzak irmotasun osoz jokatu du egoera onartezin baten aurrean. Erabakiak berehala hartu ditugu. Hori bai, zorroztasunez eta berme juridikoekin”, adierazi du.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2022-2026 bosturtekorako Euskal Autonomia Erkidegoko kupoa zehazteko metodologia onartzen duen legean elkartasun-printzipioa betetzeari buruz.
Lehendakariak adierazi du euskal erakundeek elkartasunarekiko errespetuaren OINARRIZKO printzipioa betetzen dutela. Urkulluk azaldu duenez, Euskadin gure zergen bidez ordaintzen dira zerbitzuak, eta kupoaren bidez ordaintzen dira gure gain ez ditugun Estatuko zerbitzu eta kargak. Horien artean, Zor Publikoaren gastuak, Koroa, Armada, Europar Batasunaren Aurrekonturako ekarpena edo Lurralde arteko Konpentsazio Funtsa.
Lehendakariaren arabera, eredu hori ERAGINKORRA dela frogatu da, eta FUNTZIONATZEN DU alderdien gogobetetasunerako; “Europako erakundeen bermea du, eta Euskadik beti laguntzen dio lurraldeen arteko elkartasun-funtsari”. Horregatik “EZ dago inolako pribilegiorik”, Urkulluren hitzetan, “ERANTZUKIZUNEAN oinarritutako eredua da, eta zuek arduragabekeriaz jokatzen ari zarete”.
Gainera, Lehendakariak argitu nahi izan du kotizaziopeko prestazioak – pentsioak –, alde batetik, kotizazioen diru-sarrerekin eta Gizarte Segurantzaren sistemako beste diru-sarrera batzuekin finantzatzen direla, eta Euskadik pentsio-sistema finantzatzeko egiten duen ekarpena bere langileen eta enpresen kotizazioen bidez egiten dela, autonomia-erkidego guztietan egiten den bezala. Eta, bestetik, Gizarte Segurantzaren bidez kotizaziopekoak ez diren prestazioak ordaintzen dira. “Prestazio horiek BAI finantzatzen dira Estatuko Aurrekontuko ekarpenekin, eta Euskadik BAI laguntzen du prestazio horietan kupoaren bidez”, zehaztu duenez.
Interpelazioa, Carmelo Barrio Baroja euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Gasteizen martxoaren 13an egindako Ipar Atlantikoko autonomia-erkidegoetako presidenteen goi-bilerako ondorioei eta adierazpenari buruz.
Joan den martxoaren 13ko bileraren esparruan, Lehendakariak azpimarratu du helburu partekatuen alde elkarrekin lan egiteak jauzi kualitatibo oso garrantzitsua suposatzen duela, eta, gainera, mezu sozial oso argia partekatzen duela: politika pertsonen zerbitzura jartzea.
Hala, Arku Atlantikoko Batzordearen Lehendakaritzara helarazitako lau asmoak partekatu ditu:
- Lehenik eta behin, Sánchez presidenteari eskatzea, Europar Batasuneko Kontseiluko Espainiaren Lehendakaritzan, Kontseilu Europarrak Batzordeari agin diezaion Estrategia Makro-erregionala garatzea Atlantikorako.
- Bigarrenik, Arku Atlantikoko Batzordeko Lehendakaritzak Frantziaren eta Espainiaren arteko urtarrileko goi-bileraren adierazpenean hartutako konpromisoak betetzeko eskatzea.
- Hirugarrenik, Arku Atlantikoko herrialde, komunitate eta eskualdeetako eragile ekonomiko eta sozialak mobilizatzea, gure helburu partekatuak aktiboki inplika eta babes ditzaten.
- Laugarrenik, helburu horiek Arku Atlantikoko Batzorde osoarekin partekatzea. Batzorde hori 60 milioi biztanlez osatuta dago, Europako biztanleriaren % 12, eta 5 estatutan dago: Irlandan, Erresuma Batuan, Frantzian, Espainian eta Portugalen.
“Herritarrek beren beharrei erantzutea behar dute. Horixe da eskatzen zaiguna, eta horixe da Euskadi, Galizia, Asturias eta Kantabriaren arteko lankidetza-esparru honen bidez egiten ari garena. Europan ditugun interesak defendatzen jarraituko dugu, besterik gabe, Europako proiektuan sinesten dugulako eta jakin badakigulako hori dela gure gizarteen egungo eta etorkizuneko ongizatea bermatzeko bidea”, nabarmendu du Urkulluk.
Galdera, José Manuel Gil Vegas euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzako bost goi-kargudun ohiri ate birakariak baimentzeari buruz.
Urkullu Lehendakariak azpimarratu du legez ezarritako prozedura bat aplikatzen eta errespetatzen ari dela, eta Legeak berak mugatzen duela zer DEN eta zer EZ DEN harreman zuzena. Azaldu duenez, arau-esparruak ezartzen du, alde batetik, kargu publiko bat izan duten pertsonek eskubidea dutela kargua utzi ondoren lan egiteko; eta, bestetik, kargua utzi eta hurrengo bi urteetan enpresa pribatu batean enplegua lortzeari dagokionez dagoen muga bakarra, 1/2014 Legean jasotzen dena, debeku berezia dela kargu publikoak aurreko jardunean zuzeneko harremana izan duen enpresa pribatuan sartu ezin izatea.
Gainera, Lehendakariak zehaztu du berariazko esparru arautzaileak, argi eta garbi, ezartzen duela zein den espediente horiek kudeatzeko ardura duen organoa: Langileen Erregistro Zerbitzua. “Bateragarritasun-espedienteekin eta karguek dituzten betebeharrekin zerikusia duten gaietan erabateko autonomiaz lan egiten duen zerbitzua. Zerbitzu horren buru langile publikoak egon behar dira”, adierazi du.
Galdera, Iñigo Martínez Zatón Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak Galizia, Asturias eta Kantabriako lehendakariekin izandako batzarrari buruz.
Lehendakariak azaldu duenez, bilera Europako Ardatz Atlantikoa bultzatzeko deitu zen, eta, besteak beste, Atlantikoko korridorearen trenbide-konexioaren gaia landu zen bertan, trenbide-korridore horren hedapenak autonomia-erkidego guztiei eragiten dielako eta atzerapenak eta ez-betetzeak pilatzen dituelako. “Frantziako Gobernuak trenbide-azpiegituretako inbertsioen arloan aurreratutako planekin lotuta dauden eta Bordele eta Akize arteko loturari eragiten dioten berrienak eta gaurkotasunezkoak”, zehaztu du.
Hori dela eta, Urkulluk adierazi duenez, astelehen honetan egindako bileran, lau erkidegoek honako proiektu hauetan aurrera egiteko beharra azpimarratu zuten: Euskal Y grekoa eta Bordelerekin eta Burgos-Valladolid-Porto aldera dituen loturak; Coruña-Vigo-Ourense-Leon; eta Valladolid-Leon-Gijon; Santander-Bilbo; eta Oporto-Vigo trenbidea.
“Lau Erkidegook bat etorri gara Europako Batzordearen eskakizunak betetzea eskatzeko beharrarekin. Hau da, core network 2030 trenbide-korridorearen exekuzioa burutzeko proposatutako epeak betetzea”, adierazi du.