Euskaraldia
Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko Osoko Bilkura (2024/02/02)

2024-02-02

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, hauteskundeen data zehazteko erabiliko diren irizpideei buruz. 

Lehendakariak adierazi du ez dituela hauteskundeak aurreratuko eta legegintzaldiko azken egunera arte lan egingo duela. Hauteskundeak hiru irizpideren arabera deituko dituela ere esan du: onartu eta konprometitutako Gobernu-programa betetzea; hurrengo Eusko Jaurlaritzari eta Lehendakariari ahalik eta legaturik onena uztea; eta euskal gizartearen interes orokorra defendatzea. "Legaturik onena uztea da Gobernu-programa betetzea eta legegintza-programa burutzea, adostasun zabalarekin gainera eta dagokigun arduratik,  eskumenak zabaltzea baita ere” esan du.  Euskadik 11 eskumen berri lortu ditu azken urteotan, eta Ekonomia Ituna zabaldu eta Kupoaren Legea berritu dira Lehendakariaren esanetan. “Legegintzaldia amaitu aurretik Espainiako Gobernuak hitzemandako hiru eskumenak transferitzeko lan egingo dut. Gure gizartearentzat egokiena eta onuragarriena den unea bilatu dut hauteskundeak deitzeko. Erabat sinetsita nago euskal gizartearentzat onena dela legegintzaldia amaitu aurretik garrantzitsutzat jotzen ditudan legeak onartzea: Haur eta Nerabeei buruzko Legea, Garapenerako Lankidetzari buruzkoa, Trantsizio Energetikoaren aldeko eta Klima Aldaketaren aurkako Legea edo Transexualak Genero Identitateagatik Ez Baztertzeari eta Aintzat Hartzeari buruzko Legearen Aldaketa. Badakit egiten dudana egiten dudala ere zuen alderdiaren kritika jasoko dudala, pandemian gertatu modura.  Ez genuen babes izpirik jaso. Hartutako erabaki guztien kontra agertu zineten, herri honekiko erantzukizun falta izugarria erakutsiz. Zuengatik izan balitz, duela lau urteko hauteskundeak ez ziren ospatu ere egingo" amaitu du Urkulluk. 

Galdera,  Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Urdaibaiko Guggenheimi buruz. 

Lehendakariak berretsi du Gobernua Busturialdeari benetako bultzada ematearen alde dagoela. Azaldu du joan den ostiralean Euzko Alderdi Jeltzalearen eta PSEren legebiltzarreko taldeek legez besteko proposamena aurkeztu zutela Busturialderako Plan Estrategiko bat gauzatzeko. Lehendakariaren hitzetan: “Gobernu honek garatzen den planean jasoko diren jarduera guzti-guztiak martxan jartzearen alde lan egingo du, onurak baino ez dituelako ekarriko, bai eskualderako eta baita Euskadi osorako ere: ekonomia eta industria dinamizatzea eta dibertsifikatzea, turismoaren gaineko kontrola eramatea eta honen ondorioak etengabe kontrolpean izatea, saneamendua, ur-hornidurak eta mugikortasuna hobetzea, azpiegitura berriak sustatzea, gizarte-kohesioa bermatzea, kultura-sektorea dibertsifikatzea, hiria eta ingurumena berroneratzea, edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza baliabideen aprobetxamendu iraunkorra bermatzea. Gobernu hau Busturialdeari benetako bultzada ematearen alde dago  aukera berriak sortuko direlako eta herritarren bizi kalitatean hobekuntzak ekarriko dituelako” baieztatu du Lehendariak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Bruselara egindako bidaiari buruz.

Hasteko Lehendakariak azpimarratu du  Herrietan oinarritutako Europan sinesten duela eta planteamendu hori izan dela Europar Batasunari egindako  ekarpen guztien oinarria. “Protokolo bat aurkeztu dugu eskumen legegileak eta nazionalitate konstituzionalak dituzten eskualdeek Europar Batasunaren erabakietan parte hartzeko aukera izan dezaten, hau da, Euskadi bezalako estaturik gabeko herriek hitza eta botoa izan dezagun gure eskumenekoak diren eta gure egunerokotasunean eragiten diguten gaietan. Europako agintarien aurrean migraziorako eta harrerako euskal eredua aurkeztu dugu eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatu. Euskadi 2040 ikuspegi estrategikoa ere partekatu dugu eta Makroeskualde Atlantikoari bultzada ematea eskatu dugu eta helburu hori lortzeko gertuago gaude orain amaitzeko,  Europar Batasunak berau osatzen duten errealitate nazionalen aniztasunari adierazpen-bidea ematea ere eskatu dut.  Bidaiaren helburua, beraz, argia izan da: gure ikuspuntua ematea, Euskadiren ahotsa entzuna eta aintzat hartua izan dadin Europan eta lortu dugula uste dut  Euskadiren izena eta izana ezagunak dira Europan eta ondo baloratzen gaituzte "amaitu du.

Galdera, José Manuel Gil Vegas Mistoa- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Autonomia Erkidegoaren immigrazio-eskumenei buruz.

Urkulluk azaldu du Jaurlaritzak eskumen hori bereganatzea eskatu duela Gernikako Estatutuan hala jasota dagoelako. Helburua da kalitate eta gertutasun handiagoko zerbitzua eskaintzea. Lehendakariaren hitzetan, "pertsonak artatzeko, integratzeko eta babesteko eskumena aldarrikatzen dugu; hogei urte baino gehiago daramatzagu, gainerako euskal administrazioekin batera, hirugarren sektoreko erakundeekin eta atzerritar jatorriko pertsonen elkarteekin batera " euskal harrera eredua" eraikitzen. Eredu horrek Estatuko sistema osatzeko baliabideen multzoa barnebiltzen ditu. Praktikan, parte hartzeko espazioak eta zerbitzuak eskaintzen dizkiegu atzerritar jatorriko biztanleei, banakako arreta bermatzeko eta integrazio-prozesuetan laguntzeko. Euskadik bere gain hartu nahi du eskumen hori integrazio-politika publiko guztiak bermatzeko. Azken batean, "euskal harrera-eredua" zabaltzea eta indartzea da gure nahia euskal gizarte anitzagoa, bidezkoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen jarraitzeko" gaineratu du Lehendakariak.

Interpelazioa, Jasone Agirre Garitaonandia EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Guggenheim-Urdaibai egitasmoari buruz

Lehendakariak azaldu du momentu honetan Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide bat adostu dutela Busturialdea eta Urdaibairako,  batetik, Busturialdeko Estrategikoa garatzea, eta bestetik, Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak 2024-2025 aldirako onartu duen Plan Estrategikoa betetzea. Busturialdeko Plan estrategikoa garatzeko, Lehendakariak azaldu du, Urdaibai Biosferaren Erreserba izanik, bere ezaugarriak aintzat hartzea ezinbestekoa dela.  “Busturialdeko eskualderako planteatzen diren proiektuek, guzti guztiek, ingurugiroaren zaintza izan beharko dute ardatz eta oinarri eta era berean,  jarduera estrategikoen eta proiektu nagusien azterketarako, definiziorako eta garapenerako beharrezkoa da bertako eragileen inplikazioa” esan du Lehendakariak.

Bilboko Museoaren anpliazioari dagokionez, garatuko  den Plan Estrategikoan jaso ahal izango den ekintzetako bat izan litekeela adierazi du Lehendakariak, “beste hainbaten artean”. “Museoko zuzendaritzak 2021-2023rako planaren baitan hasi zuen anpliazioaren inguruko lanketa, aurre-lanketa horren ondotik, orain zuzendaritzak erabaki du 2024-2025 urte bitartean gogoeta horrekin jarraitzea, proposamen berriaren balioak eta oinarriak lantzeko, formulaziorik egoki eta bideragarriena eratu arte” azaldu du. Beraz, Urkulluk esan duenez, orain,  eskualderako plan estrategiko a garatzeko unea da eta Lehendakariak nahi luke ahalik eta babesik handiena izatea hemendik aurrera hartuko diren erabakiek, “horren alde lanean jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala” esan du.

Galdera, José Manuel Gil Vegas Mistoa- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, atzerriko inbertsioa Euskadin erortzeari buruz.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, analisi eta ondorioak datu estrukturaletan oinarrituta egin behar dira eta ez egoeraren araberako datuetan oinarrituta, horiek modu interesatuan erabili hala izateko. Urkulluk azaldu duenez, atzerriko inbertsioa % 356 hazi da Euskadin 2019. urtearekin alderatuta, eta % 478 2021. urtearekin alderatuta. Urkulluk esan du atzerriko inbertsioa erakartzeko neurriak ez direla egoeraren arabera hartutakoak, egiturazkoak baizik. “Sustapen politiken bitartez helburu dugu euskal enpresei berrikuntzan laguntzea eta ekoizpen-sareari trantsizio digital eta energetikoan laguntzea, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko aukerak areagotu ditzagun.  Gure politikaren ardatza da produktu, zerbitzu eta merkatu-nitxo berriak bultzatzea, merkatu globalean lehiakorragoak izan gaitezen; horretarako, berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten dugu. I+G+Bra bideratutako aurrekontua % 40 baino gehiago hazi da 2021etik, eta horri esker, Euskadi, goi-mailako berrikuntzako Europako eskualdeen artean kokatzen da", azpimarratu du Lehendakariak.

Galdera,  Muriel Larrea Laso Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko energia berriztagarrien lurralde-plana izapidetzeari buruz.

"Beharrezkotzat jotzen dut Plan Sektorial berria onartzea, adostasunean oinarritutakoa, ikuspuntu ezberdinak jaso ditzan eta zilegitasuna eta berme guztiak izan ditzan;  Trantsizio Energetikoaren aldeko eta Klima Aldaketaren aurkako Legeak ganbera honen %82aren babesa izango du,  beraz, gizartearen babesa du” esan du Lehendakariak. "Bat gatoz, euskal gizartearekin, beharrezkoa da erregai fosiletatik lortutako energia ahalik eta gehien murriztea  eta lehenbailehen egin behar dugu hori, baina argi dugu trantsizio hori, era jasangarri, iraunkor eta justuan egin behar dugula, ez dugu beste aukerarik; badakigu inork ez duela etxe ondoan parke eolikorik nahi edo eguzki plakarik bai, baina argi daukagu interes kolektiboak, norberaren interesen gainetik jarri behar ditugula; guztiok onartu beharko dituzu gustuko ez ditugun neurriak, egungo egoera ere ez  baitugu gustuko ez delako jasangarria. Erabakiak hartzera behartuta gaude aurrean dugun erronkari erantzun  ahal izateko” azpimarratu du Urkulluk.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Guggenheim Urdaibain hedatzeko proiektuari buruz.

Lehendakariak berretsi du berritasun bakarra dela Busturialdea biziberritzeko Plan Estrategiko bat egitea adostu dela, “proposamen garrantzitsua eta positiboa eskualdearentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoarentzat eta Euskadirentzat”. "Eremuaren babes-maila eta natura- eta ingurumen-baldintzak direla eta, beharrezkotzat jotzen dugu estrategia argi, partekatu eta zehatza garatzea. Plan hau eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean garatuko dugu. Helburu nagusi eta bakarra da  Busturialderako Plan integrala eratzea ekonomia sustatzeko, aukera berriak sortzeko eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko” esan du Iñigo Urkullluk.

Galdera,  Laura Garrido Knörr Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osasunak Euskadin duen egoerari buruz.

Urkulluk bere hitzaldia hasi du adieraziz osasun sistema publikoaren egoera, hilabetez hilabete, hobetzen ari direla eta hobetzen jarraitzea dela bere konpromisoa. “Irailean legebiltzar honetan hartu nituen konpromisoak betetzen ari gara: interbentzio kirurgikoetan 65 egun baino gutxiago itxaron behar da; tratamendu onkologikoa behar duten pertsonek 30 egun baino gutxiago itxaron behar dute; eta ebakuntza kirurgikoetarako 90 egun baino gutxiago itxaron behar da. Konprometitutakoa bete dugu eta harago joateko lanean jarraituko dugu. Abian dugu Osakidetzaren inbertsio-plana; aste honetan Donostia Ospitaleko protonterapia eraikin berriaren proiektua aurkeztu dugu; laster, Arrasateko, Basurtuko, Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetako inbertsioak aurkeztuko ditugu; laster, ateak zabalduko dituzte Zallako eta Donostiako Bretxako osasun-zentro berriek. Profesionalen lan-baldintzak hobetzen ari gara eta urtea amaitzerako, Osakidetzan 11 mila lanpostu baino gehiago egonkortuko dira, plantillaren heren bat, eta egiturazko plantilla ere handituko da. Osakidetza aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari da, bilakaera ona da, baina arazoak ere baditugu: ez dago familia-mediku nahikorik lehen mailako arretarako eta larrialdietarako, horregatik, Legebiltzar honetan bertan erabaki dugu Europar Batasunetik kanpoko profesional atzerritarren kontratazioa gaitzea, Euskal Osasun Publikoan lan egin ahal izan dezaten, besteak beste. Ez dezagun beraz perspektiba galdu: Osakidetzak 110 mila pertsona artatzen ditu egunero. Zailtasunak daude eta horiek gainditzeko lanean jarraituko dugu, etengabeko hobekuntzan sinesten dugulako, hori da gu guztion lehentasuna eta baita ere osasun arloko profesionalena ere” amaitu du.

Galdera, Itxaso Etxeberria Astondoa EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planaren garapen-egoerari buruz. 

Lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzari dagokiola beste erakunde publikoekin batera, Aiaraldeako Lehentasunezko Jarduerak definitu eta garatzea. Duela bi urte baino gutxiago onartu zen berraktibazio sozio-ekonomikoa helburu zuen Plana eta Lehendakariaren esanetan, “lortzen ari gara eta epeak betetzen ari gara”.  Gainera, Urkulluk azaldu duenez, “harrera ona izaten ari da ekimena, eskualdera egokitzen delako eta herritarren bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak sortzen dituelako”. “Bide horretan ari gara lanean, gardentasun osoz, proposamenak partekatuz, inbertsioak eginez; 2024ko aurrekontuetan Aiaralderako 5.326.000 euroko inbertsioa dago aurreikusita, horrekin,  eskualderako aurreikusitako inbertsioen %85a gauzatuta egongo da. Bide batez, gogorarazi nahiko nuke, zuen taldeak, EH Bilduk, Aiaraldearen aldeko Plan honen aurrekontuaren kontra bozkatu zuela, noizbehinka komeni da gogoraraztea, batzuk eta besteak non geunden eta non gauden” esan du Urkulluk.

Galdera, Mikel Otero Gabirondo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Zubietako erraustegitik Nafarroara egindako hondakin-bidalketa desegokiei buruz. 

Lehendakariak azaldu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ECOFERT-ek Nafarroan duen instalaziora hondakina bidali duela 2014. urteko Europar Batzordearen erabakian jasotako jarraibideen arabera eta Europako Batzordeak horretarako onartutako informazio gidaren arabera. EH Bilduk baina, epaia egina duela adierazi du Lehendakariak “zuen ustez, Gobernuak ez du bere lana bete eta gizarte osoaren osasuna eta gure ingurugiroa kolokan jarri dugu. EH Bilduk bere aurreiritzia aspaldi osatuta du Gobernu honekiko,  gai askotan, gainera. Han edo hemen agertzen den informazioaren aurrean komeni zaizkizuen atalak bakarrik hartzen dituzue, zuen egia eta errelatoa osatzen joateko, arrazoia duzuela adierazteko, informazio objektiboak ez dezan zuen aurreiritzia kolokan jarri” esan du .

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)