Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2017/3/17)

2017.eko martxoak 17

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euzko Abertzaleak talde parlamentarioko bozeramaileak euskal Estatuaren beharraz eginiko adierazpenei buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu du Euskadik akordio zabala lortzeko aukera duela orain talde politiko desberdinen artean euskal Autogobernua eguneratzea eta sakontzea ahalbidetuko duten oinarriak finkatzeko. Urkulluren iritziz, Autogobernu Ponentzian heldu behar zaio lan horri, Parlamentuan jarri baita abian eta "foro espezifikoa" da "espiritu konstruktiboz" aurrera egiteko gai honen inguruan akordio "sakona, zabala eta plurala" lortzera begira.

Lehendakariak talde guztien erantzukizuna eskatu du “elkarrizketatik, akordiotik eta itunetik” abiatuta euskal gizarteari helarazi ahal izango zaion proposamen bat adostea lortzeko.

Galdera, Tinixara Guanche Suárez Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak DSBEa LGSari ez lotzeari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu du 2017ko Aurrekontuek orokorrean gizarte-babeserako partidak gehitzea eta bereziki DSBE gehitzea aurreikusten dutela, hartzaileen erosahalmena iraunarazi ahal izateko gehitzen ari dena. Eusko Jaurlaritzak, dena den, konpromisoa hartu du “adostasun zabal” baterako gizarte-ituna sustatzeko, finantzaketa kontsolidatu eta gizarte-babeserako euskal sistemaren iraungarritasuna bermatzeko, DSBE "optimizatzeko" aldaketak aurreikusten dituen ituna, hain zuzen ere.    Eta zentzu horretan iragarri du Exekutiboak txosten bat aurkeztuko duela maiatzaren 15a baino lehen.

Lehendakariak berriro dio Euskadi herrialde solidarioa dela gehien behar duenarekin. Hala, gogorarazi duenez, 500 milioi euro baino gehiago ematen dira diru-sarrerarik ez duten pertsonei laguntzeko, Estatu osoan inbertitzen denaren %40a, alegia. Hala, “gizarte-politika onena” bezala defendatzen du Urkulluk enplegua. 

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, portuetan salgaien kargatze- eta deskargatze-zerbitzuan jarduten duten langileen egoerari buruz.

Eusko Jaurlaritzak sindikatuetako ordezkarien, sektoreko ugazaben eta Espainiako Administrazioaren arteko “elkarrizketaren bidearen” alde egiten du apustu akordio batera iristeko, zamaketaren sektoreko langileen lan-eskubideak eta portuetako lehiakortasuna bermatzea ahalbidetzeko. Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, irtenbide egokia bilatzerakoan beharrezkoa da lanaren egonkortasuna bultzatzea, subrogatu gabeko enpleguen kasuetan indemnizazioak aplikatuz, eta aurre-erretiroen egoeretan erasandako pertsonentzako laguntzak zabaltzea.

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du denboran luza litekeen laneko gatazka batetik eratorritako inpaktu negatiboaz; hortaz, dei egiten die eragile inplikatuei “elkarrizketarako eta adostasunerako zubiak” luzatzeko jarduera honen erregulazioan eta garapenean. Bere aldetik, Exekutiboak konpromisoa hartu du bere esku dagoen guztia egiteko enpleguaren sorkuntza sustatzeko eta lanerako sarbidea baldintza beretan bermatzeko edozein langile edo operadorerentzat.

Galdera, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "Euskalduna naiz eta zu?" programaren emisioaren ostean sortutako polemika dela eta Gobernuak iragarritako kontrol neurriei buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak argi utzi nahi izan du Eusko Jaurlaritzak ez duela onartuko “ez lehen ez orain” zentsura-neurririk hedabide publikoetan, eta EITBrekin egindako Programa Kontratua aipatu du, "elkarbizitzan, iritzien pluraltasunean eta gizarte-kohesioan laguntzeko" konpromisoa zehazten duena. Gainera, Lehendakariak gogorarazi du Exekutiboak, Legebiltzarrak eta Administrazio Kontseiluak kontrol-mekanismoak dituztela konpromiso horiek betetzen direla bermatzeko.

Urkulluren iritziz, EITBk eskainitako azalpenak programaren emisioaren inguruan “beharrezkoak, zuzenak eta nahikoak" dira, eta gogorarazi du hedabide honek konpromisoa hartu duela neurriak hartzeko, iraingarriak izan daitezkeen edukiak berriro ez emateko. Bestalde, Lehendakariak Legebiltzarrean lortutako akordioa balioetsi du, EITB "adostasunetik" berritzea ahalbidetuko duen Ponentzia abian jartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak