Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osko bilkura (2014/4/11)

2014.eko apirilak 11

Lehendakariak Legebitzarreko taldeko kideek egindako galdera eta interpelazioei erantzun die:

3. Galdera, Patxi López Álvarez Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadin lan-merkatutik kanpo dauden 178.147 pertsonei gutxieneko itxaropen bat emateko Eusko Jaurlaritzak egin beharreko jarduketei buruz.

Lehendakariak berretsi du ekonomia suspertzea eta enplegua direla Jaurlaritzaren «lehentasunik lehentasunezkoenak». Konpromisoa enpleguarekin eta suspertze ekonomikoarekin dokumentua aipatu du; hiru urterako 6.475 milioiko diru-hornidura duen estrategia da, ez «premiazko eta epe laburrerako ekintza sorta».

2013an enplegua egoera hobean dagoenez 2012an baino, ondorioztatu du neurriak «emaitzak ematen ari direla».

4. Galdera, Arantza Quiroga Cia Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2014ko martxoko langabezia-datuei buruz.

Lehendakariak berretsi du Euskadiko ekonomia hazten ari dela. Azaldu duenez, martxoan otsailean baino jende gehiagok zuen lana, baita 2013an 2012an baino gehiagok ere. Halaber, 2014an aurten baino jende gehiagok izango du lana.

Baieztapen hori eta gero adierazi duenez, «Euskadi atzeralditik irten, eta hazten ari da». Aitortu du oraindik ere «bidea luzea dela», baina baztertu egin ditu ikuspegi katastrofistak eta alternatibarik eskaintzen ez dakitenak.

6. Interpelazioa, Pello Urizar Karetxe EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2020an EAEk estatus berri bat izateari buruz.

«Euskadin aro berri bat bizi dugu eta itun politiko berri bat adosteko atea zabalik da», esan du Iñigo Urkullu lehendakariak. «Euskal autogobernuaren estatus juridiko-politiko berrirako eta gure herriaren etorkizunerako» itun politikoa behar da. Autogobernua eguneratzeaz haratago joan behar dela adierazi du.

Emanda dago «lehen urratsa»; hau da, lau euskal alderdi politiko historikoek osatutako batzordea. Emaitza, aldiz, «ez dago aldez aurretik idatzita» eta testu zehatzak proposatu beharko dira, azaldu du lehendakariak. Jaurlaritza «elkarrizketan oinarritutako» eta «gehiengoaren eta gutxiengoaren eskubideak errespetatuko dituen» akordioa lortzearen alde ari da lanean.

Kongresuko eztabaidari eta botaketari dagokionez, Urkullu lehendakariak adierazi du Kataluniako egoera «ez dela hemengoa bezalakoa, baina arrotza ere ez dela». «Arazoak atzeratzea ez da aurrera egiteko modua». Lehendakariaren iritzian, herri batek, izan Euskal Herria edo Katalunia, asmo politiko argi eta agerikoa adierazten duenean, bi aukera besterik ez daude: lehena, inposaketa, «orain artekoa»; eta bestea, «elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa».

7. Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren etorkizunari buruz

Lehendakariak berretsi duenez, biktimen politika publikoak «ez dira pertsona bakar batengatik abian jartzen eta agortzen», eta, gainera, ez daude «gobernu bakar baten» mende. Bakerako eta Bizikidetzarako Plana «ekarpen handia da» , aurreko legegintzaldietan egindakoa barne hartzen duelako.

Egindako aldaketen xedea «zegoena hobetzea» da, inola ere ez biktimak manipulatzea. Lehendakariak hainbat berehalako proiektu aipatu ditu; esaterako, biktimen aldeko «keinu» gehiago, biktimek elkarrizketa-taldeen bidez parte-hartze zuzena izango duten ekimen-programa eta banako komunikazio-programa.

Hala ere, Urkullu lehendakariaren iritzian, «keinurik onena» arduradun politiko eta instituzional guztiak lanean serio, gogor eta konprometituta hastea litzateke, eguneroko ika-mika alde batera utzi, eta Legebiltzarreko Bakerako eta Bizikidetzarako Batzordean parte hartuta. Horren harira, alderdiei dei egin die batzorde hori elkarren arteko topagune izan dadin.

8. Interpelazioa, Belén Arrondo Aldasoro EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, langabezia-tasa jasanezinak jaisteari buruz.

Lehendakariak hainbat datu eman ditu, bere iritzian, argi uzten dutenak Jaurlaritzaren Enplegu-planik gabe «egoera okerragoa litzatekeela»: 2012an, 169.078 langabe zegoen. 2013an, 167.374.

Jada abian diren ekintzez gain, Jaurlaritzak 252 milioi euro inbertituko ditu enplegua sustatzeko tokiko ekintzetara, Udalekin elkarlanean: langabeentzako prestakuntza-programak kontratazio-konpromisoarekin; langabe gazteak atzerrian egoitzak dituzten euskal enpresetan kontratatzeko programak; eta enplegu-zentro bereziak eta laneratze-enpresak diruz laguntzeko deialdia onartzea.

12. Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzako idazkariak aurkeztutako iritzi-azterketari buruz.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Gabineteak Espainiako CISen, Euskobarometroaren edo Deustobarometroaren gauza bera egin duela adierazi du lehendakariak.

Arazoa «galdera bainoago da erantzuna». Kontua da «ikerlan guztien arabera, euskal jendarteak Espainiako gobernuak aro berriaren aurrean ezer ez egitea kritikatzen duela», esan du Urkulluk.

Soziometroaren emaitzak bat datoz beste ikerlan batzuenekin: gizartearen % 81ek itxaropena du eta hamarretik batek uste du Espainiako gobernua ondo ari dela kudeatzen aro berria.

Lehendakariaren arabera, «honek du garrantzia: Baketik eta Bizikidetzatik inoiz baino gertuago gauden honetan, Espainiako gobernua inoiz baino urrunago dago».


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)