
Kontroleko osoko bilkura (2023/06/30)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Irune Zuluaga Zamalloa Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Tourrari buruz.
Euskadik Tour-aren lehenbiziko hiru etapen ardura hartuko duelarik, Lehendakariak gogorarazi du ez garela berriak horrelako lehen mailako ekitaldiak antolatzen eta “horietan erakutsi dugun bezala, seguru naiz honetan ere gure aparteko maila erakutsiko dugula”. 1992. urtetik elkarlanean aritu da Euskadi modu batean edo bestean kirol froga honen antolatzaileekin, eta, Urkulluk aitortu du, aspaldiko helburua zela irteera hemendik abiatzea. “Ahalmen tekniko eta kapazitate handiko pertsonak ditugu hau guztia antolatzeko eta hala onartu digute”, adierazi du.
Lehendakariak, halaber, nabarmendu du Euskadik Tour-arekin harreman berezia duela, “aski da urtero Alpeetan edo Pirinioetan zenbat ikurrina ikusten diren hau horrela dela baieztatzeko. Adituen hitzetan, munduko afizio onenetakoa gara”.
“Eskaparate erraldoi baten aurrean gaude. Milioika lagunek ikusiko duten eskaparatea. Erakutsi dezagun harrotasunez gure herrialde ederra. Gure mendi eta hondartzak. Gure herri eta hiriak. Gure hizkuntza, kultura eta gastronomia. Gure ohiturak eta kirolak. Eta, batez ere, disfrutatu dezagun hiru egun paregabe hauetaz”, amaitu du.
Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, politika publikoen norabidea zehazteko irizpideei buruz .
Lehendakariak Politika publikoen norabidea zehazteko jarraitzen diren bost irizpideak adierazi ditu:
- Gobernu Programaren kudeaketari dagokionez konpromisoa, zintzotasuna, gardentasuna eta zorroztasuna;
- Ezusteko kontingentziei eta arazoei eraginkortasunez erantzuteko malgutasuna;
- Giza-garapen iraunkorraren eredua zabaltzeko Europa, nazioarte eta Nazio Batuen ahaleginarekiko konpromisoa;
- Gizarte-kohesioaren interes gorenari erabateko lehentasuna ematea, bi alderditan: berdintasuna sustatzea eta gizartea banatzeko edozein mugimenduri aurre hartzea; eta
- Autogobernu aitortuaren defentsa irmoa egitea, Euskadik beharrezkoa duen autogobernua egiazki eskuratzeko beharrezko akordioak lortuz.
“Seigarren bat gehitu dut: lortutakoaren aitorpenean oinarritutako etengabeko hobekuntzarako inkonformismoa”, gaineratu du.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berriari buruz.
Iñigo Urkulluk gogorarazi du bi urte baino gehiago daramatzala Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak buru-belarri Dekretu berria lantzen eta prozesua EZ dela amaitu. Lan horri esker oinarriak finkatu ziren iazko udazkenean eta orduan jarri zen informazio publikoan testu proposamena. Hori horrela, hainbat eta hainbat ekarpen jaso zirela nabermendu du Lehendakariak, “baita zuenak ere”.
Une honetan, Urkulluk azaldu duenez, Sailak azken ekarpenak jasoko ditu, eta lehen eta bigarren faseko alegazioen azterketaren Memoria mardul bat prestatuko du, bertan aztertu eta azalduko direlarik ekarpen guztiak eta horiek aintzat hartu edo ez hartzearen arrazoiak. “Dekretuaren entzunaldiko alegazioak jaso eta aztertzeko dauden heinean, izapidea zabalik dago, eta testua ez dago itxita. Ekarpen guztiak kontutan hartuko ditugu”, gaineratu du.
“Uste dugu Dekretu berriak aurrera egiten jarraitzeko bidea eta tresnak eskainiko dizkigula. Bereziki adostasunean oinarritutako Dekretua izango delako. Une honetan, gure iritziz, eztabaida ezin da izan zeinen alegazioak jaso diren HITZEZ-HITZ eta zeinenak ez. Dekretu berriak gizarte honen etorkizuneko beharrei eta nahiei erantzuten dien ala ez aztertu behar dugu. Adostasun politikoa eta gizartearen atxikimendua. Bi irizpide horiei zintzo eta leialak izan gara prozesu honetan ere. Hori izan da eta da gure gogoa eta konpromisoa; baita zuen ekarpenekin ere”, esan du Urkulluk.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Nazioko Gobernuaren kudeaketak Euskadiri eragiten dizkien kalteak baloratzeari buruz.
Lehendakariak azpimarratu du Euskadiren interesak defendatzen jarraituko dela Espainiako Gobernuaren aurrean, edozein koloretakoa dela ere.
Lehendakari gisa eman dituen hamar urte eta erdian, onartu du aurrerapausoak eman direla, zehazki, 11 eskumen berri lortu direla Euskadirentzat. “GUZTIAK azken bost urteetan, Alderdi Sozialistaren Gobernuarekin. BAT ERE EZ Alderdi Popularraren Gobernuaren lehen bost urteetan”, zehaztu du. Ildo horretan, eta Euskadiri eragindako kalteei dagokienez, Iñigo Urkulluk aipatu du Alderdi Popularraren Espainiako Gobernuak ez duela lege organiko bat bete. Bestalde, azpimarratu du egungo Espainiako Gobernuak zati bat bete duela eta beste zati bat ez duela bete, ez baitu ez bere egutegia ez konpromisoak bete, eta ez baititu Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasunak bete.
“Ez dugu etsiko. ONENA lortu nahi dugu: Gernikako Estatutua osatzea, bere errealitate plurinazionala bere gain hartuko duen Estatu eredu berri bat bultzatzea, Euskadi nazio gisa aitortzea lortzea, gure Autogobernua sakondu eta zabaltzea, Europan dugun posizioa indartzea”, adierazi du.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak BM Felipe VI.a erregea Frantziako Tourraren inaugurazio-ekitaldietara gonbidatu ez izanaren arrazoiei buruz.
Iñigo Urkulluk azaldu duenez, Antolakuntza Batzorde bat dago, eta bertan daude ordezkatuta duela ia lau urte proiektu hori planteatu zuten euskal erakundeak, finantzatu dutenak eta azken bi urte hauetan estu eta gogor lan egin dutenak. Antolakuntza Batzorde honek Frantziako Tourrarekin batera lan egin du, txirrindularitza lasterketaren antolakuntzan ez ezik, inguruan dituen ekitaldi instituzional eta sozialetan ere. Hori horrela, Lehendakariak azpimarratu du Batzorde horrek, Frantziako Tourrarekin adostuta, ekitaldi eta ordezkaritza instituzionalak zehaztu dituela horietako bakoitzean, eta “ulertuko duzun bezala, nire betebeharra da modu partekatuan hartutako erabakiak errespetatzea”.
Interpelazioa, Eraitz Saez de Egilaz Ramos EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Jaurlaritzak emantzipazioaren inguruan hartu dituen erabakiei eta etorkizuneko asmoei buruz.
Urkullu Lehendakariak baieztatu du Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatibo bat eman duela emantzipazioaren inguruan; eta baieztapen hau eusten duen datu bat eskaini du: Gazteria Zuzendaritzaren 2023ko aurrekontu osoa 11 milioi eurokoa da. 2024an, gazteen emantzipaziorako laguntzen aurrekontua, hori bakarrik, 58 milioi eurokoa izango da. Hau da, 2023an aurrekontuan jasotakoa sei aldiz biderkatuko da hurrengo urtean.
“Zalantzarik gabe, salto kualitatibo baten aurrean gaude. Gogoraraziko dizut EH Bilduk 2022ko aurrekontuko gazteria partidari 2 milioi euroko zuzenketa egin ziola eta elkarrekin adostu genuela aldaketa hori. Hazkunde hori jauzi kualitatibotzat jo zenuten. Ados nago. Beraz, nirekin bat egingo duzu 58 milioi euro are jauzi kualitatibo handiagoa izango dela, ezta?”, gaineratu du.
Lehendakariak azpimarratu du emantzipazioa lehen mailako lehentasuna dela. Urkulluren arabera, emantzipatzeko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, gizartearen gaztetzearekin eta belaunaldi barruko eta belaunaldi arteko kohesioarekin; eta, horretarako, funtsezkoa da gazteek lan- eta ekonomia-baldintza onak izatea. “Ezin dugu ontzat eman 7, 8, 9, 12 urte behar izatea soldata on bat lortzeko. Guztiontzat da negatiboa. Herrialde baten helburu partekatua da hori, adierazi du”, adierazi du.
Galdera, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Torturaren Biktimei Babesa Emateko Nazioarteko Eguna dela eta.
Iñigo Urkullu baiztatu Jaurlaritzak torturaren biktimei babes nahikoa eskaini diela Nazioarteko Egunean, “bai ekainaren 26an eta baita urteko gainontzeko egun guztietan ere”.
Horrela, azaldu du ekainaren 26 eta 27an ‘Egia eta aitortza torturaren biktimentzat’ Udako Ikastaroa egin dela Miramar Jauregian, torturara eta haren biktimengana diziplina anitzeko hurbilketa egin duen ikastaroa, eta, bertaratuen iritziz, balorazio bikaina merezi izan du. Inaugurazio-ekitaldian Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordeak parte hartu zuen, eta mahai-inguruetako batean Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariak. Gainera, gogorarazi du hilaren 26ko arratsaldean bertan, sailburuordeak Egiari Zor Fundazioak Aieteko parkean antolatutako lore-eskaintzan ere parte hartu zuen.
Motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzeko ekitaldia atzeratzeko erabakiari buruz, Lehendakariak azpimarratu du ekitaldia antolatzeko hainbat hilabete daramatzala lanean Eusko Jaurlaritzak, baina hauteskunde orokorretarako deialdia ustekabean sartu zen agenda politikoan. Horregatik, aste hauetarako aurreikusitako ekitaldi gehienekin batera, ekitaldia bera atzeratzea erabaki zela azaldu du Urkulluk, “hauteskunde-kanpainarekin inolako interferentziarik izan ez zezan”. “Gure ustez, torturaren biktimen aitortzari egin dakiokegun ekarpenik onena hauteskunde-kanpaina baten berezko distortsio-, manipulazio- eta instrumentazio-arrisku, haserre eta borroka-eremutik blindatzea eta babestea da”, esan du.