Kontroleko osoko bilkura (2022/4/1)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, egungo egoera politiko-ekonomikoari buruz.
Lehendakariak “ziurgabetasuna” eta “ekimena” hitzak erabili ditu gaur egungo egoera politiko eta ekonomikoari buruz duen iritzia definitzeko. “Ziurgabetasunaren aurrean, “ekimena”: Bi kontingentzia-plan jarri ditugu abian, errefuxiatuak artatzeko eta laguntzeko… Une oro harremanetan egon gara gehien eragindako sektoreekin. Hainbat ekimen aurkeztu ditugu”, adierazi du. Zentzu honetan, neurri ekonomiko eta sozial osagarri berriak aztertzen jarraitzen dutela esan du, dagoeneko hartutakoei eta Espainiako Gobernuak asteartean bertan onartutako txoke-planari gehitzeko.
“Ziurgabetasuna izan arren konfiantza dugu. Konfiantza, gure Giza Garapen Iraunkorreko ereduan. Nire iritzia da gure eredu hori oinarri hartuta bizi dugun egoera berriro gainditzeko gai izango garela”, gaineratu du.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadin lehen sektoreari eta garraiolariei produktu eta zerbitzuengatik bidezko prezioak bermatzeari buruz.
Urkullu lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak etengabeko komunikazioa izan duela lehen sektorearekin eta garraioaren sektorearekin, eta bilera horiei esker, egoeraren diagnostikoa partekatu ahal izan dela eta aplikatu beharreko neurriak bideratu direla.
Lehen sektorearen kasuan, Lehendakariak gogorarazi du Elikagaien Katearen Behatokia eratu dela. “Horren helburua ekoizpen-kostuak kuantifikatzea da, kostu horiek elikatze-katean jarduten duten agenteek berma ditzaten”, azaldu du. Horrekin batera, beste ekintza batzuk bultzatzea planteatu dela gaineratu du: ikuskatzaileen kidegoa handitzea; laboreak ugaritzea; enpresa hornitzaile alternatiboak bilatzea edo berrikuntzan inbertitzea.
Garraioen eta logistikaren sektorearen kasuan, azaldu du Mahai bat eratu dela erakundeen eta sektorearen arteko harremanak bideratzeko, eta esan du Mahai honen fruituetako bat izan dela neurri osagarriak erabakitzea, “hauen bidez, sektorearen greba bertan behera geratu da”.
“Sektorearekiko hurbiltasunez eta lankidetzatik jokatzen ari gara, Europan eta Estatuan hartzen ari diren erabakiei jarraituz eta neurri berriak aztertuz”, ziurtatu du.
Galdera, José Manuel Gil Vegas euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, etorkizuneko hezkuntza-legerako oinarrien itunari buruz.
Lehendakariak balioa eman dio akordioari, eta nabarmendu du garrantzitsuena dela, akordioarekin, “guztiok irabazten dugula”. Hala, aitortu eta eskertu egin die legebiltzarreko lau taldeei maximalismoak baztertu eta hitzarmena ahalbidetu izana. “Inork ez dio inori ezer inposatu. Legebiltzarreko lau taldek inoiz lortu gabeko itun bat egin dute, hezkuntza-komunitateari eta, oro har, euskal gizarteari segurtasuna, konfiantza eta itxaropena helarazten diona. Ildo horretan, aitortu du ez duela arrakastaren esleipenak arduratzen. «Ohikoa da akordioa ondaretzen saiatzea, baina, egia esan, hezkuntzaren eraldaketaren eta hobekuntzaren zerbitzura dagoen ondare partekatua da, eta hori da garrantzitsuena eta batzen gaituena”, adierazi du lehendakariak.
Urkulluk beste behin esan du Eusko Jaurlaritzaren apustua ikasleei Euskadiko bi hizkuntza ofizialak eta, gutxienez, hirugarren bat menderatzea ahalbidetuko dien hezkuntza-sistema dela; eta itunpeko sarea ez dagoela mehatxatuta, baizik eta, alderantziz, hezkuntza-itun honek hurrengo bi seiurtekoetan finantzatuko dela bermatzen duela. Lehendakariak, amaitzeko, ateak irekita jarraitzen duela gogorarazi du.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak, osasun-krisiari aurre egiteko azken bi urteetan hartutako erabakien kanpo-azterketa inpartzial bat enkargatu beharrean, pandemiaren kudeaketaren barne-ebaluazioa egiteko izan duen arrazoiari buruz.
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du ez dela barne-ebaluazio baten alde egin kanpoko ebaluazio baten aurrean, “ez dira tresna kontrajarriak, baizik eta osagarriak”. Horrela, Gobernuak pandemiaren kudeaketari eta gobernantzari buruzko bi urteko Memoria bat egin duela azaldu du, Gobernu honetarako eta hurrengoetarako irakaspenak ateraz.
Halaber, Osasun Sailak Euskal Osasun Sistemaren jarduna ebaluatzeko Euskal Herriko Unibertsitateari eskatutako kanpo-azterlana aipatu du, Legebiltzarrean aurkeztu dena. “Ikasgaiak ateratzeko eta Osakidetzaren, Osasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritza osoaren ezaugarri den etengabeko hobekuntza-espirituari eusteko asmo argiarekin egin dugu”, gaineratu du.
«Autokonplazentziarik gabe, gure zerbitzu publikoa ikuspegi autokritiko eta eraikitzailetik aztertzen jarraituko dugu. Autoebaluaziotik eta kanpoko ebaluaziotik egingo dugu, betiere herritarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetzen jarraitzeko ikasgaiak lortzeko helburuarekin”, amaitu du.
Galdera, Carmelo Barrio Baroja euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Mendebaldeko Saharari buruzko egoera politiko berriaren inguruan.
Lehendakariak adierazi du Mendebaldeko Sahararen egoera politikoari buruz duen jarrerak bere horretan jarraitzen duela. Hala, “Nazio Batuen ebazpenak errespetatzeko eta betetzeko eskakizunari”; “ebazpen horietatik sortutako nazioarteko legezkotasunarekiko konpromisoari”; eta “saharar herriari laguntzeko eta elkartasuna adierazteko lan eredugarriari” eutsiko zaiola ziurtatu du. “Eusko Jaurlaritzak euskal gizarteak sustatutako eta saharar herriari zuzendutako ekimen solidarioak eta humanitarioak mantentzen eta babesten jarraituko du”, adierazi du.
Lehendakariak Saharako Herriak merezi eta behar duela irtenbide baketsu bat defendatu du eta adierazi du ahalegin guztiak egin behar direla elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren alde, Mendebaldeko Saharako gatazka politikoari irtenbidea emateko. "Oinarri horien gainean, eta erreferendum baten bidez saharar herriaren erabaki askerako eskubidea errespetatuz, konponbide justua eta iraunkorra lortu ahal izango da", gaineratu du.
Ildo horretan, adierazi du gatazka honi irtenbide politikoa emateak oreka- eta egonkortasun-faktorea ekarriko diela eskualdeari eta Europar Batasunari berari. "Etorkizunari begira, ezinbestekoa da liskarraren logika gainditzea eta elkarlanerako eta lankidetzarako guneak irekitzea, eskualde osoaren onerako, bakearen, giza eskubideen, segurtasunaren eta aurrerapen sozial eta ekonomikoaren ikuspegitik", adierazi du.
Galdera, Jasone Agirre Garitaonandia EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskal Futbol Selekzioaren ofizialtasunaren inguruan.
Lehendakariak nabarmendu du kirola eta kirol selekzioak herri batek nazioartean bere burua ezagutzera emateko duen tresna indartsuenetako bat dela egungo gizartean. “Horrela uste dugu guk ere, eta gure Gobernu Programan hala jasota dator”, esan du.
Urkulluk gogorarazi du selekzio baten ofizialtasuna ezin duela Gobernu batek lortu; federazioak baizik; “Gobernu bezala asko egin dezake, baina ez dena”. Zentzu honetan, azaldu du Eusko Jaurlaritzak, Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zuzendaritzaren bitartez, aspalditik eskaintzen diela euskal federazioei laguntza osoa malkartsua den bide horretan aurrera egiteko: laguntza teknikoa, juridikoa eta politikoa. “Laguntza osoa”. “Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lanean jarraituko dugu buru-belarri, federazioekin elkarlanean”, adierazi du.
Azken egunetan jakin da FIFA eta UEFAk iazko udan hartutako erabakitik ez direla mugituko, eta ez dutela eztabaida eta erabakia euren asanbleetara eramango. Lehendakariarentzat hau ez da albiste ona. Puntu honetan Federazioak ikusiko balu aukera dagoela Kirol Arbitrajeko Epaimahaira jotzeko, eta aukera hori bideragarria dela erabakiko balu, Jaurlaritzak, orain arte bezala, laguntza osoa eskainiko diola ziurtatu du. “Erabakia kontrakoa bada, errespetatzea dagokigu”, gaineratu du.