qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2023/03/31)

2023-03-31

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Aitor Urrutia Oianguren Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, VII. Inkesta Soziolinguistikoari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du Inkesta ez dela zelatari bat; ez duela automatikoki gure hizkuntza-jarduera neurtzen, baizik eta herritarrok galdera jakin batzuei emandako erantzunetan dagoela oinarrituta. Lehendakariaren ustez, erantzun horiek, berez, jarrera bat adierazten dute…Adierazten dute euskal gizarteak, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan, atxikimendu handia duela euskararen ezagutzarekin, erabilerarekin, transmisioarekin, edo euskara sustatzeko politikekin. 

Gainera, Urkulluren arabera, Inkestak erakusten du, alde batetik, hizkuntza Politika jarraituak, adostuak eta irekiak dauden lurraldeetan euskarak aurrera egiten duela; eta, bestetik, euskal gizarteak bat egiten duela 1982ko legeak elebitasunaren alde egin zuen apustuarekin. 

Bere hitzaldian, Lehendakariak, Euskararen Aholku Batzordearen baitan, datozen hamar urteetarako hizkuntza politikak diseintzerako garaian kontuan hartuko diren helburu nagusiak ere aipatu ditu, hala nola:  hizkuntzaren ezagutza zabaltzen jarraitzea; hizkuntzaren transmisioa eta erabilera erraztuko duten neurriak hartzea; ingurune Soziolinguistikoak kontutan hartuta, tokian tokiari egokitutako hizkuntza politikak egitea; eta, hartzen ditugun erabakiek ahalik eta adostasunik zabalena izatea. “Eman ditzagun pausuak tentuz, malgutasunez eta irmotasunez. Hats eman diezaiogun mundu berri eta aldakor honetan indarra hartzen jarriaitu dezan”, adierazi du. 

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Aberri Egunari buruz.

Atzo erabakitzeko eskubidea arautzearen inguruan onartutako Legez Besteko Proposamenari erreferentzia eginez, Urkulluk ahalik eta adostasun handiena bilatzearen alde egin du, juridikoki bideragarria den proiektu bat egin ahal izateko, euskal autogobernuan aurrera egiteko planteamendu zehatz bat erreferendumean onartu ahal izateko. “Kontua ez da urrats bat ematea, urratsez urrats aurrera egiten jarraitzea baizik. Egin dezagun”, esan du.

Lehendakariaren arabera, beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzea eta, agian, garrantzitsuenetako bat izango den urratsari heltzea: hemen, Euskadin, proposamen adostu bat egitea, zehatza eta bideragarria izango dena, gizartearen gehiengoaren borondateak bilduko dituen eta aurrera egiten jarraitzeko aukera emango digun planteamendu bat.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzeko programari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, Euskadik ez du plaza gehiago sortu beharrik, dagoen eskaintzak euskal herritarren eskari guztia estaltzen duelako. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak irizpide desberdinak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, esparru horretara bideratutako aurrekontu-laguntzak banatzeko orduan. “Euskadik ez dio 11 milioi euroko laguntzari uko egin. Dagokigun 11 milioi horiek behar bezala identifikatuta ditugun beste hezkuntza-premia batzuk betetzeko erabili ahal izatea eskatu dugu”, zehaztu du.

Eskaera horri erantzunez, atzo bertan jaso zen Hezkuntzako estatu-idazkariaren erantzuna, eta bertan adierazi zen egoera bideratzea espero zutela, funtsak ahalik eta lasterren askatu ahal izateko. Lehendakariak txalotu egin du jarrera-aldaketa hori, eta ziurtatu du ahal den guztia egingo dela Euskadiri dagozkion 11 milioi euro horiek irits daitezen.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Sánchez jaunaren Gobernuari exijitzeari buruz.

Ardatz Atlantikoa bultzatzearen esparruan, eta zehazkiago trenbide-korridorea aipatuz, Lehendakariak adierazi du Espainiako Gobernuari eta Frantziako Gobernuari eskatzen zaiela jardun dezatela eta urrats bat eman dezatela egoera horri lehenbailehen erantzun bat emateko . Ildo horretan, Urkullu bi presidenteei zuzendu zitzaien, biei berdin, Bartzelonako goi-bileraren aurretik, eta berriro egin du, biei berdin, Euskadin egin zen bileraren ondoren. “Bi Gobernuei, berdin, eta baita Europako erakundeei, Frantziaren eta Espainiaren arteko Adiskidetasun Tratatuan hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen jarraituko dut”, adierazi du.

Hori horrela, zehaztu du Frantziako trenbide-sareari dagozkion gaiak, hala nola Bordele-Akize konexioa 2042rako atzeratzea edo Akize eta Hendaia lotzeko datarik ez jartzea, Macronen Gobernuari eta Europako erakundeei dagozkiela, eta, horregatik, gai horien inguruan hitz egiteko Frantziako erakundeei zuzendu zaiela.

Galdera, José Manuel Gil Vegas euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadin ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzeari buruz.

Lehendakariak gogorarazi du ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzea Estatuko Gobernuaren esku dagoela esklusiboki, eta, zehazki, Justizia Ministerioaren esku. Nolanahi ere, Urkulluk ongietorria eman dio Euskadirentzat autogobernu gehiago eta hobea eskatzeari, eta, bereziki, botere judizial propioa aldarrikatzeari.

Hala, bere hitzak gogorarazi ditu: «Eztabaidarik ez zaio gizarteari ebatsi behar, eta, ildo horretan, mahai gainean jarri dut gure autogobernua garatzeko botere judizial propio bat sortzeari buruzko proposamena. Proposamen horrek, noski, Legebiltzar honetan eztabaidatu eta adostu beharko luke. Eta eztabaida horri naturaltasunez ekin behar diogu”.

Galdera, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Pasaiako badiako gertakariei buruzko txostena dela eta.

Lehendakariak autokritika egin du, izan ere, bere ustez, txostena lehenago eta bilera pertsonal batean eman behar zitzaien senitartekoei. Zentzu honetan, barkamena eskatu die, zintzotasun osoz, José María Izura, Pedro María Isart, Rafael Delas eta Dionisio Aizpururen familiei. “Pasaiako Badiako biktimen familiei esan nahi diet haiek eta haien kasua ez daudela eraikitzen ari garen memoria kritiko honen KANPOAN. Alderantziz. ERDIGUNEAN daude. Ez dezatela zalantzarik izan”, gaineratu du.

Urkulluk azaldu duenez, ez zen txostena ezkutatu, eta Eusko Jaurlaritzak ez du inolaz ere uko egin gertatutakoa argitzen laguntzeari. “Kontrakoa. Egia azaleratzeko apustu sendoa egin dugu. Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen txostena egitea, argitaratu egin zuen, eta honen zabalkundea egin zuen”, baieztatu du. Horrela, giza eskubideen urraketen biktima guztiei elkartasuna, aitortza eta ordaina emateko konpromisoa agertu du, “inolako salbuespenik gabe”.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Alfredo de Miguel EAJko buruzagi ohia kondenatu duten delituen larritasunari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du oso larriak direla ustelkeria, influentzia-trafikoa, prebarikazioa, kapitalak zuritzea eta legez kanpoko elkarketa delituak. Gaineratu duenez, “ustelkeria-delituei buruz dudan iritzia eta jarrera zalantzarik gabekoa eta behin eta berriz errepikatua izan da erantzukizun politiko eta instituzionaleko karguak hartzen ditudanetik”.

Zehazki, eta kasu honi dagokionez, Urkulluk honako irizpide hauetan oinarritutako jokabide-kode etiko eta koherente bat defendatzen eta praktikatzen duela adierazi du: irmotasuna eta errugabetasun-presuntzioa errespetatzea, eta legez kontrakoak izan zitezkeen jokabideei itzuri, justifikazio edo legitimaziorik ez eskaintzea; kautelaz eta prozedura judizialak bideratzen ziren bitartean, inplikatuta egon zitezkeen pertsonak erantzukizun politikoko, instituzionaleko edo barneko edozein kargutatik baztertzea; justiziarekin, polizia-ikerketarekin, zerbitzu juridikoekin eta auzian pertsonatzearekin erabateko lankidetza ematea; Justiziak hartutako erabakiak errespetatzea, onartzea eta betetzea; eta gizarteari barkamena eskatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak