Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak Eskola Txikien 35. festa egunean parte hartu du

2024-06-16

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak Eskola Txikien 35. festa egunean parte hartu du gaur goizean, Adunan. Pedrosarekin batera irekieran parte-hartzaile izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Kristina Rodriguez Adunako alkatea eta noski, baita herri honetako eskolako ume, guraso eta irakasleak ere. Eguerdi inguruan, Araba Euskaraz festaren irekieran izan ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua ere Adunara hurbildu da.

Irekiera ekitaldian, bertsolariek puntuari nola, hala erantzun dio Pedrosak ekitaldiko aurkezleek botatako galderari: “eredu iruditzen al zaizkizu Eskola Txikiak hezkuntza aldetik?”. “Sarea” hitza hartu du sailburuordeak galderari erantzuteko. Aurrean ziren guraso eta Adunako eskolako zuzendaritzako kideei aipamena eginez, Pedrosak esan du “sarearen eredu” direla eskola txikiak, horietan gertatzen diren elkarlan eta elkarrekintzak aintzat hartuta. “Eskola Txiki bat sare handi bat da, lankidetzan oinarritzen dena, eta gobernantza eredu propioa daukana. Eta hori bada guretzat eredu”, azaldu du. “Ereduen eredu dira Eskola Txikiak”, gehitu du.

Une honetan Hezkuntza Sailak Eskola Txikietarako, azpiegituren aldetik, eskuartean dituen proiektuak ere hizpide izan ditu sailburuordeak, eta udalen alboan lanean jarraitzeko asmoa azaldu du, “eskola txikien proiektua sendotzeko, baita azpiegituretan ere”. Baina horren gainetik, Eskola Txikia “umeena, irakasleena, gurasoena eta herriarena” dela nabarmendu du. “Ez dago Eskola Txikirik komunitate barik eta herrikideen laguntza barik”.

Datorren urtean Ezkio-Itsasoko eskolak antolatuko du Eskola Txikien festa, eta Adunan jaso dute horretarako lekukoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)