Hezkuntza Lege berriaren inplementazioarekin ekin dio Euskadik ikasturte berriari
- Hasi da unibertsitatez kanpoko 358.463 ikaslerentzako ikasturtea. Matrikulazio berriek gora egin dute sare publikoan, % 53raino, eta horien artean D eredua da nagusi, % 94rekin
- Imanol Pradales lehendakariak Zarauzko Orokieta ikastetxea bisitatu du gaur, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuarekin eta Xabier Txurruka alkatearekin batera
- Bisitan, Pradales lehendakariak hezkuntza-sistema indartzearen alde egin du, aukera berdintasuna eskainiko duen eta etengabeko hobekuntzaren eta berrikuntzaren alde egingo duen kalitatezko hezkuntza integratzailea lortzeko
Imanol Pradales Lehendakariak Zarauzko Orokieta ikastetxe publikoa bisitatu du gaur, 2024-2025 ikasturtearen hasiera dela eta. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Maider Cachon ikastetxeko zuzendariak ere parte hartu dute instalazioetako ibilbidean. Izatez, instalazio horiek ikastetxe publikoetako ikaskuntza-planteamendu berriaren erakusgarri dira, hezkuntza-proiektu berritzailearen eredu. Gaur hasten da Euskadiko 358.463 ikaslerentzako ikasturtea, eta horien artean daude Zarauzko ikastetxe honetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 699 ikasleak.
Pradalesek azpimarratu du hezkuntza dela aurrerapen sozialaren oinarria, eta, horretarako, "autoexijenteak" izateko beharra aipatu du. Pradalesek kalitate goreneko prestakuntza eskaintzea hartu du helburu. "Ziur nago Hezkuntza Lege berria funtsezko tresna izango dela zentzu horretan. Ikasleei hainbat konpetentzia eta ezagutza eskuratzeko lagunduko dientresna. Euskaraz eta gaztelaniaz ondo komunikatzeko gai diren ikasleak, eta zergatik ez, baita ingelesez ere" esan du. Lehendakariak gaineratu du Euskadik "errespetuan eta kultura demokratikoan" oinarritutako bizikidetza egokirako beharrezko balioak emango dituen sistema bat izan nahi duela, eta adierazi du beharrezkoa dela eskola-segregazioari aurre egitea konbentzimenduz, , segregazioaren aurkako Itun Sozialaren bidez.
Hezkuntza sistemaren hobekuntzan ilusioz eta anbizioz heltzeko deia egin die inplikatutako eragile guztiei Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta aurreratu du ikasturte honetarako lan-ildo nagusiak honako hauek direla: "lidergo pedagogikoa eta ikaskuntza- eta ebaluazio-eredu eraginkorretan aurrera egiten jarraitzea, ikerketa aplikatuaren eskutik eta maila guztietan; ekitatean aurrera egitea eta bizikidetzaren eta ongizatearen esparrua lantzen jarraitzea".
Sailburuak aurreratu duenez, 2024-2025 ikasturtean euskal eskola publikoa eraldatzeko eta hobetzeko I. Plan Estrategikoa garatzeari ekingo zaio, "sistemako ikastetxeen hezkuntza-kalitatea hobetzeko, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea sustatzeko eta erronka berriei eraginkortasunez erantzungo dien ibilbide-orri argi eta egituratu bat izateko". Era berean, nabarmendu du "curriculumean sakontzen" jarraituko dugula ikastetxeetan, "hobetzeko estrategia integral batekin, digitalizazio-planaren jarraipena eginez eta hezkuntza-orientazioa indartuz". Horretarako, "irakasle-taldeak ikasle guztien errealitateari erantzungo dion eskola inklusiboa indartzeko estrategietan gaitzen jarraitzeko" beharra azpimarratu du.
Orokieta, berrikuntzaren adibidea
Orokieta Herri Eskola ikaskuntza-komunitate eraldatzailea da. Etengabe ari da euskararekin konprometituta dagoen kalitate handieneko eskola publikoa eskaintzeko lanean. Horren lekuko, berrikuntzan egin duen ibilbidea: Ikaslab gunea ezarri zuen lehen euskal eskola izan zen, eta 2021ean Erasmus + akreditazioa lortu zuen, eta ikasle eta irakasleei atzerrirako leihoa ireki zien.
Era berean, erreferentea da 2030 Agendan eta horren lekuko dira lortutako sariak: 2023ko Haurtzaroaren Aitorpen Saria eta 2024ko Euskadiko STEAM saria. Orokieta eskola irekia da, aberatsa aniztasunari dagokionez; izatez, aipamen berezia merezi du komunitate osoak parte hartzea eskolako proiektuen garapenean eta ikastetxearen eguneroko erabakietan.
Euskadiko ikastetxe batera bisita eginez gero, argi ikusten da garai bateko ikasgelen oso bestelako irudia erakusten dutela ikastetxeek: lankidetzan eta malgutasunez ikasteko espazioak dira, teknologia berriak edo bestelako baliabideak dituztenak, hala nola ingurune naturalean ezagutzak garatzea eta esperimentatzea ahalbidetzen duten baratze eta urmaelak.
Irakasle gehiago 358.463 ikaslerentzat
2024-2025 ikasturtea irailaren 6an hasi da Euskadin, unibertsitatez kanpoko, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara bitarteko 358.463 ikaslerentzat. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako matrikulazioek % 3 inguru egin dute behera. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, zifra globalak oso gutxi aldatu dira aurreko ikasturtearekin alderatuta. DBHn 92.334 ikasle matrikulatu dira, eta Batxilergoan 33.202 ikasle. Lanbide Heziketan izan da aldaketarik handiena, aurreko ikasturtearen aldean, matrikulak % 6,18 igo baitira, guztira 48.772 ikaslerekin.
Sare publikoan gora egin du matrikulazioen kopuruak. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan matrikulazioak % 53 dira. Kopuru globaletan, matrikulazioen % 51,6 sare publikoan izan dira eta % 48,4 itunpeko sarean.
Sare publikoko matrikulazioen % 94 D ereduari dagozkio. Bi sareak kontuan izanik, D ereduak matrikulazioen % 70 hartzen ditu eta gora egin du hezkuntza-etapa guztietan. Nabarmentzekoa da Lanbide Heziketako matrikuletan D ereduak izan duen gorakada, % 27tik % 30era pasa baita. B ereduak matrikulazioen % 16 biltzen ditu eta A ereduak % 13.
2024-2025 ikasturte honetan Hezkuntza Sailak ikastetxeen sare publikora bideratutako giza baliabideak nabarmen handitu dira. Inoiz baino irakasle gehiago daude. Zehazki, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan joan den ikasturtean baino 139 profesional gehiago daude, eta DBHko, Batxilergoko eta LHko ikastetxeetan 617 profesional gehiago, hau da, 756 plaza gehiago lanaldi osoan.
2024-25 ikasturterako Pedagogia Terapeutikoko irakasleen kopurua ere aurreko ikasturtekoa baino handiagoa da, 69,5 lanpostu gehiago. Igoera hori zuzenean lotzen da hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen kopuru handiagoarekin.