Azaroak 25 kanpaina
Berriak Hezkuntza
qrcode

Musikaldia: Euskadiko musika eskolen jaia

2024-05-25

 

  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2024ko Musikaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko 53 musika-eskola bildu dituen ekitaldian, parte hartu du gaur
  • Hainbat taldek eta orkestrak musikaz bete dituzte Tolosako eta Ibarrako kaleak, eta Legazpiko musika eskola aukeratu dute bi urte barru izango den edizioa hartzeko

Euskadiko musika ekitaldi garrantzitsuenetako bat izan da gaur Tolosa eta Ibarra artean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 53 musika eskoletako 2.700 ikasle inguruk hartu dute parte EHMEk (Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartea) antolatutako ekitaldian. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Eugenio Jiménez Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria eurekin izan dira, Eusko Jaurlaritzak musika-eskolei eta egiten duten lanari egiten dien aintzatespenaren erakusgarri.

Musika-eskolek, irakaskuntza ez-arautuak eskaintzen badituzte ere, funtsezko zeregina dute adin guztietako pertsonek musika beren bizitzako jarduera bezala garatu dezaten, prestakuntza jaso dezakete eta euren zaletasunari eutsi. Gaur egun, Euskadin 85 musika-eskola daude, publikoak (udal-titulartasunekoak) zein pribatuak, eta 32.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute horietan.

Gaurko egunean zehar, bertaratutakoek hainbat abesbatza, musika talde eta orkestraren musikaz gozatu ahal izan dute, baita trikitixa, txistu, dultzaina eta akordeoi kalejirez ere. Tolosako Eduardo Mocoroa eta Tolosaldeko Loatzo musika eskolek 15 genero ezberdinetako 200 emanaldi biltzen dituen programa diseinatu dute.

Bildarratz sailburuak eskolek egiten duten lana goraipatu du, baita musikak ematen duen kultura eta hezkuntza aberastasuna ere. Hitzaldiaren ondoren, Legazpiko "Doinua" musika eskolak, hurrengo topaketaren antolatzaile izango denez, makila hartu du. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen Batzarrean adostutako “ohorezko batuta” ere eman dute hasiera ekitaldian, Eva Ugalde eta Juncal Guerrerori eman diete, haur eta gazteen abesbatzei egindako ekarpenagatik.

Musika eta dantza eskolen funtzionamendu arau berriak

Aste berean izan dira Musikaldia eta musika eta dantza eskolen sorrera eta funtzionamendua arautzen dituen Dekretuaren onarpena.

Aste honetako Gobernu Bileran Eusko Jaurlaritzak onartu duen Dekretu berri honen berritasun nagusia da musika eskoletan dantza irakatsi ahal izango dutela, lehen ez bezala (289/1992 Dekretua, urriaren 27koa).

Araudi berriak Musika espezialitateak eguneratu eta osatu ditu, eta Dantzarako espezialitate hauek jasotzen ditu: Klasikoa, Garaikidea, Euskal Dantza eta beste dantza batzuk (horien artean, dantza urbanoak, flamenkoa, dantza soziala, jazza/klakea eta munduko edozein eskualde edo joeratako beste dantza batzuk). Dantza eskolek gutxienez espezialitate horietako hiru eskainiko dituzte, eta musika eta dantza eskolek Euskal Dantza espezialitatea bederen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)