Tabako Kerik Gabeko Euskadi
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, otsaila hotza eta oso lehorra izan da

2023-03-01
  • Itsasertzeko eskualdeetan batez besteko tenperaturak normalak izan dira, eta Arabako Errioxan, aldiz, oso hotzak
  • Euskadiko lurralde osoan espero zen euriaren erdia baino gutxiago egin du

Euskalmet ­– Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, otsaila hotza eta oso lehorra izan da Euskadi osoan, baina salbuespen batzuekin. Horrela, itsasertzeko eskualdeetan batez besteko tenperaturak balio normaletan ibili dira, eta Arabako Errioxan hilabetea oso hotza izan da. Gainera, itsasertzeko eskualdeetan eta Arabako Lautadaren mendebaldean ez beste lurralde guztietan espero zen euriaren erdia baino gutxiago egin du.

Euskalmeten arabera, otsaileko batez besteko tenperaturak 9 ºC inguruan ibili ziren itsasertzean eta Arabako Lautadan 4 ºC inguruan; balio horien arabera EAEko lurralde osorako anomalia negatiboa 0,6 ºCkoa izan zen 1981-2010 aldi normalarekin alderatuta. Anomalia negatibo hori oraindik ere handiagoa izan zen Arabako Errioxan, 1ºC-ra iritsi baitzen, eta itsasertzeko eskualdeetan ia batere ez zen hauteman.

Hilabetearen zati handi batean goi-presioak gailendu izanaren ondorioz, tenperatura maximoak normalak edo normala baino altuagoak izan ziren, baina gaueko irradiazioaren ondorioz izotza ere egin zuen. Horrela, Arabako hainbat estaziotan, otsaileko tenperatura minimoen batez bestekoa negatiboa izan zen (Espejo -2,2 °C; Agurain -1,9 °C). Gainera, izotz-egunen kopuruak nabarmen igo zuen batez besteko klimatologikoa, 3 izotz-egun izan baitziren Lasarten, 9 egun Arrasaten, 14 egun Paganosen eta 20 egun ere bai Gasteizen.

Otsailaren 10ean izan ziren izozterik aipagarrienak, eta -8,7 ºC erregistratu ziren Iturrietan, -6,6 ºC Agurainen eta -6 ºC Espejon. Izotza itsasertzeko eremuetan ere egin zuen, eta aipagarriak dira Arteagako -2,5 ºC-ak edo Oiartzungo -2,1 ºC-ak.

Antizikloiaren beste ondorioetako bat izan da intsolazioa garai honetan ohikoa dena baino askoz ere altuagoa izan dela, eta eguzki-orduak % 50 bat gehiago izan dira. Horrela, 161 eguzki-ordu zenbatu dira Gasteizen, 154 Donostian eta 145 Bilbon.

Prezipitazioari dagokionez, otsailean zehar erregistratutako prezipitazio-kopuruaren arabera, hilabete lehorra edo oso lehorra izan da Euskadiko lurralde osoan. Gainera, itsasertzeko eskualdeetan eta Arabako Lautadaren mendebaldean ez beste lurralde guztietan espero zen euriaren erdia baino gutxiago egin du. Kalifikazio horrekin bat etorriz, euri-egunen kopurua normala baino baxuagoa izan da, eta, batez beste, 3 edo 4 egun erregistratu dira, nahiz eta Arabako Errioxaren kasuan euri-egun bakarra erregistratu den.

Prezipitaziorik aipagarrienak euririk gabe 21 egun jarraian izan ondoren iritsi ziren. Otsailaren 22an eta 23an prezipitazio ugariak izan ziren isurialde kantauriarrean, eta elur-maila 500 metro inguruan kokatu zen. Hilaren 27an, prezipitazioak urriak izan ziren arren, elurra itsasertzera iritsi zen, eta Donostiako Kontxako hondartza ere zuritu zuen.

Muturreko meteorologiari dagokionez, otsailean zehar Eusko Jaurlaritzak 21 abisu hori aktibatu zituen, horietatik 12 izotzagatik, 5 elurragatik, 3 basoko suteen arriskuagatik eta, azkenik, 1 kostaldeko inpaktuagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak