Tabako Kerik Gabeko Euskadi
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, urtarrila oso beroa eta lehorra izan da

2024-02-01
  • Euskadin izan den urtarrilik beroenetako bat da, 2001ekoarekin eta 2004koarekin batera
  • Urtarrila lehorra izan da Euskadi osoan, eta Arabako Errioxan prezipitazioa espero zenaren erdia izan da

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, urtarrila oso beroa eta oso lehorra izan da Euskadi osoan. Berez, gauden mendeari dagokionez, 2001eko eta 2004ko urteen atzetik dago pare bat hamarrenetan, bi urte horietan erregistratu baitziren EAEn izan diren urtarrilik beroenak. Bestalde, urtarrila lehorra ere izan da, eta Arabako Errioxan prezipitazioa espero zenaren erdia izan da.   

Euskalmeten arabera, urtarrileko batez besteko tenperaturak 10-12 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 6 ºC-ra gerturatu dira. Balio horiek, Euskadi osorako, 2,1 ºC-ko anomalia positiboa suposatzen dute 1981-2010 aldi normalarekiko. Estazio askotan, batez ere goialdeetan daudenetan, esate baterako, Arboledan, Arrasaten eta Oizen, urtarrilik beroena izan da.

Hamar bat egun hotzak izan ziren arren, goialdeetan izotz handia eta kostaldetik gertu izotz txikia ere egin baitzuen, hilabetea, gainerakoan, oso beroa izan da.  Horrela, aipatzekoak dira hilaren amaieran erregistratutako tenperatura altuak, urtarrileko serie historikoetako tenperatura maximoen errekorrak hautsi baitziren Arabako leku askotan eta Kantauriko haran batzuetan (Etura 21,8 C; Espejo 21,7 °C; Zambrana 21,3 °C; Navarrete 20,5 °C). Era berean, urtarrileko tenperatura minimo altuen errekorrak ere hautsi ziren estazio batzuetan (Kapildui 12,3 °C; Lasarte 16,8 °C; Oleta 18,8 °C).

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa normala baino handiagoa izan da: kostaldean eguzki-orduak % 10 gehiago izan dira eta Arabako Lautadan ia % 50 gehiago. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 94 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 109 eta Gasteizek 124.

Prezipitazioei dagokienez, urtarrilean erregistratutako prezipitazio-kopuruak kontuan hartuta, hilabete lehorra izan da. Berriz ere Arabako Errioxa nabarmendu da, prezipitazioa espero zenaren erdia izan baita. Euskadin urtarrilean erregistratu diren prezipitazioen % 75 hiru egunetan metatu dira, egun horietan euri asko egin baitzuen. Bestalde, elurra pare bat egunetan baino ez da ikusi, eta elur-geruzak lodiera esanguratsuak izan ditu goialdeetan eta elur-prezipitazio gutxi izan da erdialdeko eremuetan. Kalifikazio horrekin bat etorriz, euri-egunen kopurua normala dena baino txikiagoa izan da: 10 egun kostaldean, 7-8 barnealdean eta 5 euri-egun baino ez Arabako Errioxan.  

Meteorologia txarrari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak urtarrilean 2 alerta laranja aktibatu zituen haizeagatik ageriko lekuetan, eta 27 abisu hori, horietatik 7 haizeagatik, 6 elurragatik, 6 izotzagatik, 5 kostaldeko itsasoko arriskuagatik, 1 galernagatik, 2 prezipitazio mardulengatik eta, azkenik, 2 haizeagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak