What the Basque?!
Berriak Osasuna
qrcode

Euskadiko Onkologia Planak onkologiaren arloko Estatuko estrategiarik onenaren Best In Class sari berezia jaso du

2018-10-23

Osasuneko sailburu Jon Darpónek jaso du osasun-arretaren arloan ematen den sari prestigiotsua, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea ere saritu da Pediatria zerbitzurik onena izateagatik

 

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur jaso du Santanderren “Best in Class 2018” saria 2018-2023 Euskadiko Onkologia Planagatik, onkologiaren arloko Estatuko estrategiarik onena izateagatik.  

Ekitaldia gaur arratsaldean egin da Kantabriako hiriburuko Biltzar Jauregian, eta sarien XIII. edizioa izan da gaurkoa. Sari horien bidez, aitorpena egin nahi izaten zaie pazienteen arretan bikaintasuna bilatzen duten zentro onenei, publikoak izan zein pribatuak izan: hain zuzen ere, Estatuko Lehen Mailako Arretako zentrorik onenari, ospitalerik onenari eta zerbitzu eta unitaterik onenei.           

Osasuneko sailburua pozik agertu da bereizgarri honekin, Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuak prozesu onkologikoa humanizatzearen alde egindako apustuari babesa ematea esan nahi baitu, berez horixe izanik planaren helburua pertsona erdigunean kokatzean, bai prebentzio-arloan, bai laguntza-ereduan.

2018-2023 Euskadiko Onkologia Planak  onkologiako arretarako jarduketa-eremuak zehazten ditu, minbizia dutenen biziraupena hobetzeko, kontuan izanik gure gizartearen osasun-arazo nagusietako bat dela. Euskadin 2000. urtetik minbizitik bizirik irteten den pertsona-kopurua handitu egin da orokorrean eta nabarmen; 2012an % 52,2koa zen biziraupen-tasa gizonetan eta % 60koa emakumeetan; tasa horiek Estatukoen gainetik daude, bai eta Europakoen gainetik ere.

Plana biziraupen-tasa horiek handitzeko tresna garrantzitsua izatea nahi da. Horretarako, laguntza-eredua planteatzen du, diziplina anitzeko ikuspegiarekin, eta horren helburua da diagnostikorako denborak murriztea eta interbentzio konplexuenak beharrezko esperientzia batzeko aukera ematen duten erreferentziazko unitateetan kontzentratzea.

Aldi berean, pertsonalizatutako doitasunezko medikuntzaren (PDM) garapenean ere sakontzen du, eta horrek aukera ematen dio pazienteari banako tratamendua egiteko, bere ezaugarrien eta daukan tumorearen arabera, historia kliniko elektronikoan prozesu onkologikoaren informazio guztia, besteak beste, hartutako tratamenduak eta pazientearen bizi-kalitatea, jasoko duen sistema informatikoaren laguntzarekin, erabakiak hartzean erabilgarria izan dadin.

Gainera, berrikuntza-estrategia ere zabalduko da, Euskadiko enpresa teknologikoak minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna berriak garatzen inplikatu nahi dituena, eta osasuna eta prebentzioa sustatzeko sektoreen arteko estrategien aldeko etengabeko apustua ere egingo da.

 

GURUTZETA, PEDIATRIAKO ZERBITZURIK ONENA

Euskadiko Onkologia Planak jaso duen sari bereziaz gainera, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Pediatriako zerbitzurik onenaren Best in Class saria jaso du. Jon Darpónek berak eman die saria Pediatriako zerbitzuaren burua den Itziar Astigarraga doktoreari, Perinatologiako eta Neonatologiako burua den Lourdes Román doktoreari eta Pediatriako Ospitalizazioko, Bularreko haurren Unitateko erizaintzako gainbegiralea den Begoña Artecheri.

Best in Class sariaren sustatzaileak Contenidos e Información de Salud argitaletxeko Gaceta Médica eta Rey Juan Carlos Unibertsitateko Cátedra de Innovación y Gestión Sanitaria dira. Pazientearen Asistentziaren Kalitatearen Indizearen (ICAP) araberako sariok, besteak beste, emaitza kuantitatibo eta kualitatiboak biltzen dituzte arlo hauetan: asistentzia, irisgarritasuna, zerbitzu-zorroa, bezeroen gogobetetasuna, interes-taldeei emandako informazioa eta eskuratutako aitorpenak.

 

 2018ko urriak 23

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan