Osakidetzak Pablo Busca Ostolaza larrialdietako mediku espezialista izendatu du Emergentzietako zuzendari berria
- Osakidetzari lotuta egon da 25 urtetik gora, lehenik Larrialdietako mediku gisa eta, ondoren, 15 urte baino gehiagoz, Donostia Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuko buru gisa; bertan, bost urtez jarraian, Estatuko Larrialdi Zerbitzu onenaren Best in Class sari ospetsua jaso zuen
- Gainera, kudeaketaren arloko esperientzia handia du Estatuko hainbat osasun-esparrutan, eta Sociedad Española de Medicina de Urgencias y Emergencias (SEMES) sozietateko presidenteordea izan da
Osakidetzak erabaki du Pablo Busca Ostolaza izendatzea Osakidetzako Emergentzietako zuzendari berria, eta kargu horretan Ane Beitia Arriola egungo arduraduna ordezkatuko du bihartik aurrera.
Pablo Busca Ostolaza donostiarra UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgian lizentziaduna da Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitatean, eta 25 urte baino gehiagoko ibilbide luzea egin du Osakidetzan, Donostia Unibertsitate Ospitaleari lotuta. Bertan, lehenik, Larrialdietako mediku gisa jardun du, eta, ondoren, 15 urtetik gora, Larrialdietako Zerbitzuko buru gisa; zerbitzu horretan, bost urtez jarraian, Estatuko Larrialdi Zerbitzu onenaren Best in Class sari ospetsua eskuratu zuen.
Kudeaketaren atalean, 2015eko abendutik Madrilgo Erkidegoko SUMMA 112 Larrialdi Medikoko Zerbitzuko zuzendari kudeatzaile gisa egindako lanagatik nabarmentzen da. Postu hori 2022an utzi zuen, Kantabriako Osasun Zerbitzuko Lehen Mailako Arreta zuzentzeko. Bihartik aurrera Euskadiko Emergentzien kudeaketa bere gain hartuko du.
Arlo akademikoan, Pablo Busca Ostolaza UPV/EHUko ohorezko irakaslea da, eta Larrialdietako Medikuntzari buruzko bibliografia indibidual eta kolektibo zabala idatzi du, baita Estatuko zein nazioarteko jardunaldi eta biltzarretako komunikazio eta ponentzia ugari ere. Erantzukizuneko beste kargu batzuk ere bete ditu, hala nola Sociedad Española de Medicina de Urgencias y Emergencias (SEMES) sozietateko presidenteordearena.