3.000 ikasle inguruk parte hartu dute berdintasunaren aldeko NAHIKO programan 2015-2017 ikasturteetan
- Iñigo Urkullu lehendakariak azken bi urteetan egin den lana goraipatzeko antolatutako topaketan parte hartu du
- Programaren helburu nagusia da ikasleen arteko harremanak eta elkarbizitza hobetzea, berdintasunean eta giza eskubideetan heztea eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzea
Emakundek bultzatzen duen Nahiko hezkidetza programaren 2015-2017 aldian ia 3.000 ikaslek parte hartu ondoren, gaur goizean Euskalduna Jauregian aldi hau ixteko eta egindako lana goraipatzeko topaketa egin da, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. Nahiko programa berdintasunez bizitzeko baloreak lantzen dituen tutoretza programa da, genero rolen azterketan eta giza eskubideetan oinarritzen dena.
Berdintasunerako, errespeturako eta biolentzia-ezarako Nahiko Hezkidetza programa azken bi ikasturteetan (2015-2017) 36 ikastetxetan aplikatu da, Lehen Hezkuntzako 2.780 ikasleen parte hartzearekin. Gaur goizean hauetako 400 ikasle inguru bildu dira Euskalduna Jauregian egindako lanaren erakustaldia egiteko Iñigo Urkullu lehendakariaren, Crsitina Uriarte Hezkuntza sailburuaren eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren aurrean. Gaurko saioan honako ikastexeetako ikasleek parte hartu dute: Berriatua (Berriatua), Mesedetako Andra Mari (Leioa), San José de Calasanz (Santurtzi), Félix Serrano (Bilbao), Anunciata (Donostia), Eratzaberri (Sodupe) eta Learreta-Markin (Mallabia).
Topaketa honek programaren 2015-2017 aldia itxi du. Ikasturte hauetan zehar banakako aholkularitza jaso dute ikastetxeek eta honez gain, irakasleekin sei jardunaldi eta 18 mintegi egin dira. Irakasleek Nahikorekin lan egiteko dituzten materialak hiru unitate didaktikoetan daude banatuta, talde bakoitzaren adin eta heldutasunaren araberakoak. Unitate didaktiko bakoitzak irakasleentzako gida, ikasleentzako koadernoak eta ikasgelan erabiltzeko zenbait ipuin eta joku ditu.
Nahiko berdintasunerako, errespeturako eta biolentzia-ezarako Hezkidetza programa da. Berdintasunez bizitzeko baloreak lantzen dituen tutoretza programa da. Horretarako, ikasleak sozializatzen dituzten genero rolen azterketan eta giza eskubideetan oinarritzen da, bereziki eguneroko bizitzan eta harremanetan finkatuz.
Programa 2003. Urtetik hona Lehen Hezkuntzako ziklo osoan erabili da, guztira 152 ikastetxeetan eta 9.000 ikasle ingururekin (2015-2017 ikasturtetakoak barne).
Nahiko programaren ebaluaketaren emaitzek erakutsi dute Nahiko programaren emaitzak onak direla. Izan ere, Nahiko programarekin lan egiten duten ikasleek:
- Ezagutza handiagoa dute generoko rolak eta estereotipoei buruz eta neska eta mutilentzat dituzten ondorioei buruz. Baita berdintasunaz, eskubideez eta erantzunkizunak.
- Berdintasuna eskubide eta betebeharren iturritzat jotzen dute eta erantzunkidetasuna eta etxek olanen banaketa funtsezkotzat jotzen dute.
- Norberaren pertzepzioan eta autoestimuan emaitzek gora egin dute: agresibitatearen emaitzek nabarmen behera egin dute eta enpatia mailak nabarmen egin du gora.