Hezkidetza praktika ezberdinak partekatu dituzte irakasleek Nahiko Programaren III. jardunaldi orokorrean
Emakundek Berdintasuna, Errespetua eta Indarkeriarik eza lortzeko Nahiko Hezkidetza Programaren III. Jardunaldi Orokorra ospatu du gaur Bilboko Eusko Jaurlaritzako egoitzan. 2015-2017 tarteko ikasturteetan 32 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 2.569 neska mutilek parte hartzen dute programan. Mintegian programari buruz informazioa eskaintzeaz gain, Mariví Fernandez Roldan hezkuntza aholkulariak hezkidetzari buruzko hitzaldia eskaini du eta zenbait hezkidetza praktika aurkeztu dituzte Lekeitioko eskola publikoak eta Durangoko Kurutziaga ikastolak.
Izaskun Landaida Larizgoitiak, Emakundeko zuzendariak, hasiera eman dio jardunaldiari Bertan elkartu dira programa jarraitzen duten hainbat ikastetxeetako irakasleak.
32 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 2.569 neska mutilek parte hartzen dute programan bi ikasturte hauetan (783 Lehen zikloan, 862 Bigarren zikloan eta 924 Hirugarren zikloan). Hauetako ikastetxe gehienek Nahikon parte hartzeko eskaera Hezkuntza Sailak Hezkidetzarako eta hezkuntza sisteman genero indarkeria prebenitzeko Plan Zuzendariaren barruan egindako deialdiaren bitartez egin dute. Nahiko programa 2003tik Lehen Hezkuntzako maila guztietan probatu da, 152 ikastetxetan eta 9.000 ikasle ingururekin (zifra honen barne daude 2015-2017 ikasturtekoak).
Programa honen oinarrian giza eskubideak daude, bereziki, eguneroko bizitzarekin lotuta, eta ikasleak gizarteratzen diren genero rolen analisia. Helburu nagusia neska eta mutilen ahalmenak modu integralean garatu ditzaten lortzea da, beraien sexua alde batera utzita, eta neska eta mutilen gaitasunei balioa emanez.