Berriak Lehendakaritza
Eu

4.000 ikaslek landu dute hezkidetza azken bi ikasturteetan Emakundek bultzatzen duen Nahiko programaren bitartez

2019.eko ekainak 03
  • Iñigo Urkullu lehendakariak azken bi urteetan egin den lana goraipatzeko antolatutako topaketan parte hartu du gaur goizean
  • Programaren helburu nagusia da ikasleen arteko harremanak eta elkarbizitza hobetzea, berdintasunean eta giza eskubideetan heztea eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzea

Emakundek bultzatzen duen Nahiko hezkidetza programaren 2015-2017 aldian 4.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu ondoren, gaur goizean Euskalduna Jauregian aldi hau ixteko eta egindako lana goraipatzeko topaketa egin da, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela.  Nahiko programa berdintasunez bizitzeko baloreak lantzen dituen tutoretza programa da, genero rolen azterketan eta giza eskubideetan oinarritzen dena. 

2017 eta 2019 urteen bitartean 34 ikastetxe egon dira Nahiko programa erabiltzen, 222 irakasleren eta 4.000 ikasle baino gehiagoren inplikazioarekin.  Gaur goizean hauetako 350 ikasle inguru bildu dira Euskalduna Jauregian egindako lanaren erakustaldia egiteko Iñigo Urkullu lehendakariaren, Lucia Torrealday, Hezkuntza Berrikuntzarako zuzendaria eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren aurrean. Gaurko saioan honako ikastetxetako ikasleek parte hartu dute: Santurtziko Serantes, Gordexolako Eduardo Eskartzaga, Leioako Mesedetako Andra Mari, Munitibar, Eibarko Mogel, Algortako San Nikolas, Sodupeko Eretza-berri, Bilboko Abusu eta Mallabiko Learreta Markina.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie Emakunderen Nahiko programan parte hartu duten ikastetxeei; izan ere, berdintasunak norberaren inplikazioa, lana eta ahalegina eskatzen ditu. "Ondo dakigu berdintasuna lortzeko bidea ez dela beti erraza izaten, baina bide hori egiteko borondatea eskertzen eta aitortzen dizuegu", esan du. Lehendakariak nabarmendu du berdintasunak onurak dakarzkiola gizarteari, berdintasuna giza eskubide bat izateaz gain, gizartea hobetzeko tresna bat dela, "indarkeriaren kontrako antidoto bat eta berrikuntzarako aukera", gehitu du.

Bestalde, Izaskun Landaidak azpimarratu du benetan garrantzitsua dela “talde lana” berdintasunaren alorrean, izan ere, Nahiko programan ikasle, irakasle, ikastetxeetako arduradun eta familian elkarlana sustatu baita. Eta honekin batera, aipatu du Jaurlaritzaren Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkerian prebentzioa lantzeko Gida planak erraztu egin diola lana programari.

Nahiko Berdintasuna, Errespetua eta Indarkeriarik eza lortzeko programa da eta bere oinarrian giza eskubideak daude, bereziki, eguneroko bizitzarekin lotuta, eta ikasleak gizarteratzen diren genero rolen analisia. Helburu nagusia neska eta mutilen ahalmenak modu integralean garatu ditzaten lortzea da, rol eta estereotipoak alde batera utzita.  

Programa bi urtetako epean aplikatzen da zentro ezberdinetan, eta gaurko bisita 2017-2019 zikloaren bukaeraren eta Nahiko programa beraren 15. urteurrenaren testuinguruan ospatu da. Denbora honetan, Nahiko programa Lehen Hezkuntzako maila guztietan landu da, 2003. urtetik hona, ia 200 ikastetxetan, eta 15.000 ikaslerekin.

Nahikoren ebaluazioak erakutsi du eraginkorra dela hezkidetza lantzea eskolan. Izan ere, Nahikotik igaro diren neska-mutilek ezagutza handiagoa dute generoko rolak eta estereotipoei buruz, erantzunkidetasuna eta etxeko lanen banaketa funtsezkotzat jotzen dituzte eta agresibitatearen emaitzek nabarmen behera eta enpatia mailak nabarmen egin du gora egin dute beraien artean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak