
Euskadik bere turismo-eskaintza aurkeztu du Suitzan, lehen aldiz, berrogeita hamar bat enpresaren aurrean
Zurichen egin berri duten turismoko sustapen- eta merkaturatze-jardunaldiaren helburua hau izan da: Suitzatik Euskadira datozen bisitari kopuruen joera gorakorra indartzea (% 23 hazi da azkeneko lau urteetan)
Euskadik turismo-helmuga gisa eskaintzen dituen aukerak aurkeztu ditu Suitzan. Lehen aldia da bakarka egiten duela. Sustapen eta merkaturatze-jardunaldi batean izan da, non Euskadiko hamaika enpresa eta Suitzako berrogeita hamar bat enpresak hartu baitu parte, Euskadiko turismo-eskaintzari buruzko xehetasun guztiak emanez.
Zurichen izan da elkarketa, eta Euskadiko ordezkaritzak –Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza, Turismoko zuzendari Mertxe Garmendia eta Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Arantza Madariaga buruan– kalitateko helmuga produktuanitz baten apartekotasuna helarazi dute han.
Helmugaren aurkezpen teknikoa Rainer Brusis-ek egin du, Eusko Jaurlaritzak Alemanian eta Suitzan turismoa sustatzeko ezarri duen ordezkariak. Euskal gastronomia dastatzen amaitu dute aurkezpena: sustatzaile suitzarren aurrean xehetasun guztiak zaintzeko, espresuki Suitzara joandako sukaldariek prestatu dute janaria, hemengo produktuekin.
Suitzako merkatuak oso bilakaera positiboa erregistratu du azken lau urteetan: % 23,1 hazi da Euskadira sartu den bisitari suitzarren kopurua; eta % 12,1, berriz, gaua hemen igarotzen dutenena.
2014an, Euskadiko turismo-establezimenduetan, Suitzatik etorritako 12.373 bisitari erregistratu ziren: oraindik oso baxua bada ere halakoen portzentajea (txikienetakoa, guztizko bisitari kopuruaren % 0,5 izanik), kalitateko turismoa da. Batez ere, maiatzean, abuztuan eta irailean datoz. Zurichen gauzatutako jardueraren bitartez, merkatu horretan Euskadi hobeto eta gehiago ezagutu dezaten lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko turismo-eskaintzara zabaldu Suitzako merkatua, eta gaur egungo joera gorakorra hobetu.