Eman odola!
qrcode

Turismoko estatu-idazkaria, Javier Hurtado sailburua eta Azahara Domínguez diputatua lankidetza-proiektuei heltzeko bildu dira

2023-10-05

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok bilera bat izan du gaur Turismoko estatu-idazkari Rosana Morillorekin eta Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezekin, Turismo Gastronomikoaren 8. Munduko Foroa inauguratu ondoren. Bilera egiteko arrazoia hiru erakundeen lankidetza-proiektuei buruz hitz egitea izan da, lantalde berria Gipuzkoako Foru Aldundian sartu ondoren, baita interes komuneko gaiak jorratzea ere.

Elkarraldian landu den gai nagusietako bat Next Generation funtsetan bildutako proiektuen egoera da. Euskadik 86 milioi euro baino gehiago jaso ditu turismoaren arloko Europako Funtsetatik, eta dagoeneko gauzatzen ari dira proiektuetan. Milioi horietatik 80 helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planen 3 deialdietara bideratu dira, eta 34 proiektu biltzen dituzte Euskadiko udalerri eta eskualde desberdinetan. Next funtsekin finantzatutako beste proiektu batzuk alojamendu turistikoko establezimenduentzako energia-eraginkortasunerako laguntzak dira.

Era berean, nazioarteko turismoa sustatzeko ekintzak koordinatu dituzte, Turespañaren bidez azoketan, roadshowetan eta baterako kanpainetan gauzatutakoak. Javier Hurtado sailburuak Estatuko Idazkariari azaldu dio Euskadik nazioarteko sustapena indartzeko egin duen apustua, bereziki distantzia luzeko turismoa erakartzeko. Izan ere, Euskadiko nazioarteko turismoaren hazkundeak hobekuntza nabarmena erakutsi du, % 16ko igoerarekin, lehen 8 hilabete hauetan nazionala % 4,1ekoa izan den bitartean.

Ildo horretan, Turismo Sailak datorren astean Japoniara egingo duen bidaia instituzionalean aurrera eramango dituen ekintzak zehaztu ditu. Bidaia horretan, helmugako aurkezpenak, bilerak eta workshopak egingo dira Euskadiko eta Japoniako turismo-enpresen artean, baita sustapen- eta kultura-ekitaldiak ere.

Bileran, Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek azpimarratu egin du bere legegintzaldian “turismo jasangarri eta adimendun” bat garatzearen garrantzia, “urtean zehar eta lurralde osoan tokiko turismo-industriaren balioa bultzatuko duten oinarri teknologikoetan oinarritua”, gizartearen esparru guztietan eragin sozioekonomiko eta kultural positiboa lortzeko helburuarekin.

Bestalde, Turismoko Estatu Idazkariak, Rosana Morillok, nabarmendu egin du helmugak produktu turistikoaren desestazionalizazioaren eta dibertsifikazioaren alde egindako apustua, eta berretsi egin du Turespañaren babesa Euskadiren nazioarteko sustapeneko ekintzak bultzatzeko eta ratio luzeko lurraldeetatik, esaterako Asiako merkatutik, datozen bisitarien kopurua handitzeko helburuan laguntzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko