
Administrazio Orokorreko enplegu publikoa finkatzeko EPEaren azterketak amaitu dira, 21.812 parte-hartzailerekin
- Oposizio-lehiaketaren probak iazko irailean hasi ziren eta aste honetan egin dira azkenak
- Hautaketa prozesu osoa amaitutakoan, karrerako funtzionarioek 3.700 plaza huts inguru beteko dituzte EAEko Administrazio Orokorrean
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean enplegu publikoa finkatzeko hautaketa prozesuak mugarri bat gainditu du eskainitako plazak lortzeko egin behar izan diren azterketen amaierarekin. Lehenengo probak 2022ko irailean egin ziren, eta ordutik 21.812 pertsona aurkeztu dira oposizio azterketetara. Azken probak aste honetan egin dira.
Azterketak une desberdinetan egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan (Barakaldo, Irun eta Gasteiz). Guztira 138 prozesu deitu dira, ia bi heren
(%60,7) merezimendu-lehiaketako salbuespenezko prozesuen bidez, eta gainerakoak
(%39,3) lehiaketa-oposizioko prozesu berezien bidez. Horietan guztietan, 89.000 eskabide baliodun inguru erregistratu dira. Pertsona askok bi modalitate edo gehiagotan eman dute izena. Kasu batean zein bestean bermatuta daude enplegu publikora iristeko hautaketa prozesu horietarako eskatzen diren berdintasun, merezimendu, gaitasun eta gardentasun printzipioak.
Azterketen fasea atzean geratu ondoren, hautaketa prozesuak deialdi bakoitzeko oinarrietan zehaztutako izangaien merezimenduak baloratzen jarraituko du, hala nola kidegoan, eskalan edo kategorian izandako esperientzia urteak eta deialdia egin duen administrazioan bertan garatutako esperientzia. Era berean, titulazioak eta lan-poltsak osatzen dituzten, hizkuntzak eta informatika ezagutzak ere baloratzen dira. Prozesua osoa hurrengo hilabeteetan amaituko da, plazen behin betiko esleipenarekin.
Prozesua amaitzean, Kidego eta Eskalen Euskal Legearen arabera finkatze prozesuen barruan eskaini daitezkeen plaza huts guztiak deituko dira. Horrela, lanpostuak esleitu ondoren, EAEko Administrazio Orokorrean hutsik dauden 3.700 plaza inguru beteko dituzte karrerako funtzionarioek eta, kasu batzuetan, lan-kontratudun finkoek.
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak behin eta berriz adierazi duen bezala, Administrazio Orokorrean enplegu publikoa finkatzeko hautaketa prozesu hori bitarteko langileen tasa murrizteko apustu irmoa da, eta Europako legeriak ezartzen duen % 8ko langatik behera geratuko da.