Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Administrazio Orokorrean enplegu publikoa finkatzeko EPEaren probak azken txanpan sartu dira

2023-06-09
  • Asteburu honetan laborategiko, osasun publiko eta epidemiologiako, artxibo eta liburutegiko, eta arreta sozio-laboraleko eskaletarako probak egingo dira Barakaldoko BEC erakustazokan. Probak egiteko 4.800 eskabide jaso dira
  • Datozen asteetan beste hamazazpi eskala eta lan-kategoriatarako azterketak egingo dira, eta horietan 5.000 eskaera baino gehiago jaso dira
  • Hautaketa prozesua amaitutakoan, karrerako funtzionarioek 3.700 plaza huts inguru beteko dituzte EAEko Administrazio Orokorrean

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bultzatutako EAEko Administrazio Orokorreko enplegu publikoa finkatzeko EPEko proben azken fasea hil honetan hasi da, eta datozen egunetan hautaketa prozesuko hirugarren deialdiko proba gehiago egingo dira. Zehazki, larunbat eta igande hau bitartean, Barakaldoko BEC erakustazokan, azterketak egingo dira laborategiko, osasun publikoko eta epidemiologiako, artxiboko, liburutegiko eta dokumentazioko, eta arreta sozio-laboraleko plazetarako. 4.800 eskaera inguru jaso dira funtzionarioen hainbat eskala eta kidegotan 97 plaza lortzeko, baita lan-kategoria batzuetarako ere.

Datorren astean, eta hilaren amaierara bitarte, beste hamazazpi eskala eta lan kategoriatarako probek jarraituko dute. Hauetan 5.000 eskabidetik gora aurkeztu dira 126 plaza lortzeko. Kasu honetan, bete beharreko plazak eskala hauetakoak dira: medikuntza, peritu judiziala, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea, industria, ingurumena, giza baliabideak eta prestakuntza, farmazia, larrialdiak eta meteorologia, osasunaren eta ingurumenaren ikuskaritza, kultura administrazioa, prentsa eta argitalpenak, albaitaritza, kudeaketa informatika eta informazio sistemak. Probak Gasteizen egingo dira, gehienak Europa Jauregian eta gainerakoak UNEDek Arabako hiriburuan duen egoitzan.

Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa bidez egiten da, eta deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztutako merezimenduak baloratzen dira, hala nola esperientzia urteak antzeko lanpostuetan, titulazioa edo hizkuntzak. Bestalde, prozesu berezia lehiaketa-oposizio bidez egiten da: lehenik, nahitaezko azterketa egiten dute eta, gaindituz gero, izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzen dira.

Gainera, laugarren eta azken deialdi bat egin da, EAEko Administrazioaren zerbitzupeko lan-kontratuko langileen Hitzarmeneko lan-kontratuko langileentzat gordetako 21 lanposturi eragiten diena. Hauek guztiak salbuespenezko finkatze prozesuaren bidez deituak.

Iazko irailean hasi zen enplegu publikoa finkatzeko prozesuaren lau txandetan 138 prozesu deitu dira (ia bi heren merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozesuen bidez, eta gainerakoak lehiaketa-oposizio prozesu berezien bidez). Horietan guztietan 90.000 eskabide inguru erregistratu dira baliozkoak. Pertsona batzuek bi modalitate edo gehiagotan eman dute izena.

Prozesua amaitzean, Kidego eta Eskalen Euskal Legearen arabera finkatze prozesuen barruan eskaini daitezkeen plaza huts guztiak deituko dira. Horrela, plazak esleitu ondoren, karrerako funtzionarioek -eta kasu batzutan lan-kontratuko finkoak- beteko dituzte 3.700 plaza huts inguru EAEko Administrazio Orokorrean.

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako kontsolidazio prozesuaren ondorioz, bitartekotasun-tasa %8tik beherakoa izango da Administrazio Orokorrean eta, horri esker, Administrazio horretan bitarteko langileen tasa handia ez betikotzeko helburua bete ahal izango da, langile publikoen egonkortasuna indartuz eta enplegu publikoaren kalitatea hobetuz.

2 iruzkin
  • 2023-06-14

    Zorte on oposaketak egin behar dizuzuen guztiei

  • 2023-06-14

    Mucha suerte a l@s que vayáis a hacer las oposiciones

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)