Finkatze prozesuak abian jarri ondoren, dagoeneko Administrazio Orokorrean 17.677 eskabide erregistratu direla azpimarratu du Garamendik

2022-06-06
  • Dagoeneko 8.785 pertsonak eman dute izena enplegu publikoaren deialdiaren lehen fase honetan parte hartzeko
  • Hautaketa prozesua administrazio, administrazio laguntzaile, erizaintza eta laguntzako lngileen eskaletan sartzeko deitu da

Administrazio, administrazio laguntzaile, erizaintzao eta laguntzako langileen eskaletako 1.272 lanpostu hutsen deialdiak erritmo onean egiten du aurrera. Inskripzioa ireki zenetik 17.677 eskabide erregistratu dira orain arte Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan enplegu publikoaren deialdian parte hartzeko. Dagoeneko 8.785 pertsonak egin dituzte eskabide horiek, funtzionario bihurtzeko hautaketa prozesu honetan izena emanda.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak eman ditu datuak, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean egindako agerraldian, Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoa sendotzeko EPEaren inguruan dituen asmoei buruz. Administrazio Orokorrean enplegu publikoa egonkortzeko aurten egingo den lehenengo deialdia da hau. Probak irailaren 17an eta 18an egingo dira, eta urtea amaitu baino lehen beste deialdi batzuk egingo dira, eskaini daitezkeen 3.700 plaza huts inguru bete arte. “Prozesu horiek amaitu ondoren, Europak ezarritako egiturazko bitartekotasuna murrizteko helburua gaindituko dugu”, adierazi du Sailburuak.

Bitarteko langileen tasa murrizteko eta langileen enplegua sendotze bidean bere Sailaren konpromisoa eta lana azpimarratu du Garamendik. "Ezin dugu galtzen utzi langile publikoen esperientzia eta ezagutza, zaindu beharreko ondarea da, eta belaunaldien arteko ordezkapenaren gakoetako bat", adierazi du. Bitartekotasun tasa handi horietara zenbait arrazoiren ondorioz iritsi garela gogorarazi du, batez ere, Estatuko Aurrekontu Orokorren ondoz ondoko legeek birjartze tasen bidez ezarritako mugen ondorioz. Honen harira, Sailburuak adierazi du arau esparru bat eskatu duela behin-behinekotasunaren arazoari aurre egin ahal izateko.

Ildo horretan, nabarmendu du Kidego eta Eskalen Euskal Legea indarrean sartu zenetik, “arau-eduki bakoitza garatzeko lanean hasi ginela, Administrazio Orokorrean bitartekotasun egoera ez betikotzeko eta gure plantillei eta, ondorioz, enplegatu publikoei egonkortasuna emateko”. Lehen deialdi hori segurtasun juridiko handienarekin egin dela adierazi du, eta berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta lehia askea bermatu direla. Izan ere, prozesuak bereziki baloratzen du bitarteko langileek metatutako esperientzia luzea eta antzinatasuna.

Sailburuak azpimarratu du aspirante bakoitzak bi bide dituela eskainitako plazak eskuratzeko: salbuespenezko bidea edo merezimendu-lehiaketa eta lehiaketa berezia edo oposizio-lehiaketa. Pertsona bakoitzak aukera dezake prozesu mota bakar batean parte hartzea edo bietan parte hartzea, betiere eskatutako baldintzak betetzen baditu. % 60 pasatxo kontsolidazio prozesu bereziaren bidez ebatziko da, eta gainerakoa prozesu bereziaren bidez. Plaza guztiak urtea amaitu baino lehen deituko dira, dagokion negoziazio sindikalaren ondoren. “Hala ere, aldi berean enplegu eskaintza gehiago onartu ahal izango ditugu, birjarpen-tasa aplikatuta”, Garamendik azaldu duenez. Agerraldian, berarekin batera, José María Armentia eta Jon Agirre Funtzio Publikoko sailburuordea eta Lan Harremanetako zuzendaria izan dira, hurrenez hurren.

Hizkuntza eskakizunei dagokienez, Garamendik gogorarazi du euskarari eta funtzio publikoaren eremuan hizkuntza eskakizunak esleitu eta egiaztatzeari buruzko esparru juridiko bat dagoela indarrean, eta defendatu du herritarrei arreta osoa eman behar zaiela bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan. "Euskararen eskakizun mailak, oro har, eta administrazioetan, gizartearen adostasun zabala du, Ganbera honetan errespetatu beharko genukeena", defendatu du Sailburuak, eta funtzio publikorako sarbidea, batez ere, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren ikuspegitik ikusi beharko litzatekeela nabarmendu du. Ildo horretan, azpimarratu du Administrazio Orokorrean bitarteko langileen % 90ek baino gehiagok egiaztatu duela betetzen duen lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna, eta gogora ekarri ditu Administrazio Orokorreko langile publikoentzako euskarazko prestakuntza prozesuak, lanaldian edo lanalditik kanpo euskalduntzeko programen bidez, bai eta Barnetegiaren aukera ere.

3 iruzkin
  • @ErrekaldeEAJPNV
    2022-06-06

    Comentario de Twitter:
    RT @garamendiol: Informazio gehiago duzue eskuragarri @Irekia-n: https://t.co/mT4TOc1E42

  • @garamendiol
    2022-06-06

    Comentario de Twitter:
    Informazio gehiago duzue eskuragarri @Irekia-n: https://t.co/mT4TOc1E42

  • @garamendiol
    2022-06-06

    Comentario de Twitter:
    Informazio gehiago duzue eskuragarri @Irekia-n: https://t.co/KNrEtWrVya

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak