Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratzek Erniobea institutua handitzeko eraikin berria bisitatu du, Amasa-Villabonan

2021-12-22
  • Erniobea BHIk ikasturte hasierarekin estreinatu du institutua handitzeko eraikina; Hezkuntza Sailak 2,1 milioi euroko inbertsioa egin du hau eraikitzeko lanetan
  • Eraikin berriak 1.633 metro koadro ditu, eta DBHrako 6 gela eta erabilera komuneko beste zenbait gune ditu

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Amasa-Villabonako Erniobea Bigarren Hezkuntzako Institutura bisita egin du gaur goizez. Bertan, 2.136.618,40 euroko inbertsioarekin, DBHrako handitze eraikin berria egin du Hezkuntza Sailak. Ikastetxeko zuzendaritza taldeak gidaturik, institutu honek garatzen duen hezkuntza proiektua ezagutu du sailburuak, eraikin berriarekin batera. Ekitaldian parte hartzaile izan dira, halaber, Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaria, Amaia Urzelai, eta Amasa-Villabonako alkatea, Beatriz Unzue.

Amasa-Villabonako Arratzain auzoan dago kokaturik Erniobea BHI, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Fleming ikastetxearekin partekatzen du eraikina. Handitze eraikin berri hau jaso ondoren DBHrako 6 ikasgela berri eta erabilera komuneko beste gela eta tailer batzuk irabazi ditu institutuak. Dena den, bi ikastetxeek egoitza partekatzen jarraituko dute, nahiz eta eraikin berria DBHko ikasleek darabilten batez ere. Irailaz geroztik, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek azpiegitura berrian hartzen dituzte eskolak.

2021-2022 ikasturte honetan 357 ikasle ari dira DBH ikasten Erniobea Institutuan, eta 50 irakasle arduratzen dira horien heziketaz. Amasa-Villabonako neska-mutilez gain Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgoak ere bertara etortzen dira Lehen Hezkuntza amaitzean.

Handitzeko eraikin berria

Erniobea BHI handitzeko egin den eraikin berria lehendik bertan dagoen eraikinaren tipologiari, altuerari eta perfilari egokituta egin da, bai eta lekuko topografia aintzat hartuta ere. Behe solairua eta horren gaineko beste bi solairu ditu. Eskola-eremuaren ekialdean jasoa, eraikin nagusiarekin paralelo egin da berria. Bi eraikinak, elkarri lotuak daude hiru solairuetan pasabideen bidez. Era honetan, atal berria eraikin nagusiari lotu ondoren, “U” bikoitzaren itxurako oina duen eraikin bakarra osatzen du multzo guztiak. 

1.633 metro koadroko azalera eraikia duen eraikin berriak DBHrako 6 ikasgela ditu, erabilera komuneko beste zenbait gelarekin batera: liburutegia, teknologiako tailerrak, plastika gela eta erabilera anitzeko gela. Ekialde edo mendebalderako orientazioa dute gela hauek guztiek, eta gorengo bi solairuetan daude. Behe solairuan, berriz, sarrera nagusia kokatu da.

Handitzeko eraikin berriak dituen instalazioen artean, hauek dira nabarmentzekoak:

  • DBHrako 6 ikasgela
  • 2 teknologia tailer, biltegiarekin
  • Erabilera anitzeko aretoa
  • Plastika gela, biltegiarekin
  • Liburutegia
  • Handitze lanen azalera eraikia orotara: 1.633,35 m²
  • Hezkuntza Sailaren inbertsioa: 2.136.618,40 € (BEZ barne)
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak