Hezkuntza sailak 9,7 milioi euro bideratu ditu haizeder ikastetxearen eraikin berria egiteko, Ean (Gobernu Bilera 2024-6-18)
- Ikastetxe berriaren zati handi batek zurezkoak izango ditu egitura, fatxada eta kanpoko itxiturak
- Eraikin berriak ekoeraginkortasunaren aldeko apustua egiten du: energia berriztagarriekin, material jasangarriekin eta klimatizaziorako geotermia erabilita
- Eskola-esparruan orain dagoen frontoia ez da eraitsiko, Mugimendu Modernoaren obra aipagarri gisa katalogatuta baitago
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 9.795.929,08 euroko partida (BEZa barne) bideratzea Haizeder Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen eraikin berria eraikitzeko, Eako Natxitua auzoan.
Guztira 2.737 metro koadroko azalera eraikia izango du Haizeder eskola txikiaren eraikin berriak, eta egungo eskolak hartzen duen orube berean eraikiko da. Hori dela eta, jarduera honen barruan sartuko da egungo eskola-instalazioak eraistea ere: eskolako eraikin nagusia, handitze-eraikina eta maisu-maistren etxe izandakoa.
Hala ere, eskola-esparruko frontoi estaliak bere lekuan jarraituko du, eraitsi gabe. Oso elementu arkitektoniko aipagarria da, bere kontzepzioa, eraikuntza eta testuinguru historikoa aintzat hartuta, Mugimendu Modernoaren obra adierazgarri gisa. DOCOMOMO (Documentation and Conservation of buildings, sites and neighbourhoods of the Modern Movement) nazioarteko erakundeak halakotzat du katalogatua. 1962an egin zuen Rufino Basañezek, Euskal Herriko arkitektura modernoaren aitzindarien belaunaldiko arkitektoak.
Zurezko egitura
Lursail honek malda handia duenez –frontoia goienean duela–, proiektuak proposatzen duen eraikina ozta-ozta irtengo da frontoiaren lurzoruaren kotatik, eta maldan integratua geldituko da. Horrela, eraikin berriak multzoan izango duen eragina txikitu egingo da eta frontoiaren izaera monumentala indartuko da. Eskailera eta igogailua hartzen dituen nukleo txiki bat baino ez da gailenduko eraikinaren teilatuaren gainetik.
Eraikin luze bat planteatzen da (ekialde-mendebalde norabidean) eta zurezkoa izango da zatirik handienean, bai egituran, fatxadan eta kanpoko itxituran. Mendebalderen dauden eraikuntza-bolumenetan nagusituko da egurraren erabilera. Instalazioak bi solairutan banatuko dira: beheko solairuan eta lehen solairuan.
Beheko solairuan egongo dira Haur Hezkuntzako gelak –guztiek irteera zuzena izango dute etapa horretako jolastokira–, sukaldea, jangela eta instalazio-gelak. Lehen solairuan Lehen Hezkuntzako gelak eta tailerrak egongo dira. Administrazio, zuzendaritza eta irakasleen gunea ere solairu honetan bertan egongo da, liburutegiarekin batera. Solairu horren gainetik eskaileren eta igogailuen nukleo bertikala baino ez da nabarmenduko, frontoiaren aurrean eta haren kota berean; beraz, eraikinak irteera zuzena izango du eskolak jolaserako eremu estali gisa erabiltzen duen frontoirantz.
Eraikin berriaren orientazioak eta hartzen duen geometria ortogonalak argi naturala sartzen uzten dute irakaskuntzarako erabiltzen diren espazio guztietan. Fatxada nagusian, lehen solairuan, balkoi luze bat edo galeria bat nabarmentzen da, egurrez eraikia eta eraikina inguratzen duena. Soluzio horrek babestu egiten ditu lehen hezkuntzako ikasgelak zuzeneko eguzki izpietatik, galeria estaltzen duten aterpeei esker, baina, horrez gain, Lehen Hezkuntzako ikasgelen kanpoko perimetro-ibilbidea egiteko aukera ematen du, eta, beraz, horiek guztiek zuzeneko irteera dute kanpora.
Kanpoko jolastokiak
Eraikin berritik kanpo, eskola-esparruak berdegune zabalak izango ditu. Kanpoko eremu horiek, gehienbat, eremu atsegin eta begetal gisa konfiguratu dira, jolas alternatibo eta dinamikoen elementuak hartzeko egokiak, psikomotrizitatea, esplorazioa, bizikidetza eta egonaldia sustatzeko balio dutenak. Maldan dauden eremuak bide-zidorren bidez konektatuko dira; hauek eskailera-mailaz, trabesak erabilita, elementu txikiz edo harrizko hormatxoz jantziko dira.
Eraikinak estalki lau bat izango du ekialdeko hegalean, ibiltzeko modukoa; frontoiaren zabalgunearen luzapen gisa proiektatzen da, jolasleku izan dadin. Kanpoaldeko espazio guztiak eskolako ordutegitik eta egutegitik kanpo erabili ahal izango ditu udalerriak, oso beharrezkoa horrelako azpiegitura gutxi dagoen lekuetan.
Ekoeraginkortasuna
Eako Haizeder ikastetxe publikoarentzako eraikin ekoeraginkorra diseinatu da. Horretarako, energia berriztagarrien eta material jasangarrien aldeko apustua egin da. Tenperatura baxuko geotermia-sistema bat izango du, bero-ponpa geotermiko batez eta tenperatura-trukagailu bertikalez osatua.
Sistema horrek ingurumen-arloko prestazio interesgarriak ditu. Alde batetik, ez du zuzenean CO2rik sortzen, ez baitu errekuntzarik eragiten. Aurrezpen ekonomiko eta energetiko handia dakar, energia gutxien kontsumitzen duen klimatizazio-sistema baita. Gainera, ez du aire berorik kanporatzen.
Bestetik, teilatuan panel fotovoltaikoak jarriko dira ikastetxea argindarrez hornitzeko. Materialei dagokienez, zur jasangarria, birziklagarria eta aztarna ekologiko baxukoa erabiltzea lehenetsiko da, baita material birziklatuak ere.
Eraikinaren energia-kontsumoari dagokionez, proiektuak lehenetsi egiten du eraginkortasun termiko handiko materialak, isolatzaileak, eta oso emisiboak ez diren beirak erabiltzea, eta zubi termikoak ezabatzea. Neurri aktiboei dagokienez, aireztapenean beroa berreskuratzeko sistemak eta eraginkortasun handiko ponpak erabiltzea nabarmentzen da.
21 hilabete
Haizeder ikastetxe publikoak Natxitua, Ea, Ibarrangelu eta Elantxobeko haurrak hartzen ditu. Lanek dirauten bitartean, eskola txiki honetako ikasleek Ibarrangelun jasoko dituzte eskolak.
Proiektuak 21 hilabeteko exekuzio-epea izango du, obrak hasten direnetik zenbatzen hasita, gaur egun dauden eraikinak eraistea barne. Jarduera horretarako gastua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak eskola berria eraikitzeko proiektua esleitzeko prozesuari ekingo dio, obrak 2025eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusita.