Eusko Jaurlaritzak postpandemia etapari ekingo dio, Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta sozialerako aukera paregabea baita

2021-07-28

2020aren balantze ekonomikoa egiteak lasaitasun dosi on bat eskatzen du, munduko ekonomia suntsitu zuen koronabirus-pandemiaren urtea bezala gogoratuko baita; bake garaietan ere ezagutu gabeko BPG jaitsierarekin. Euskal ekonomiaren kasuan, beherakada % 9,5ekoa izan zen.

Premisa horrekin, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak euskal ekonomiaren 2020ko urteko txostena aurkeztu du, berak ordezkatzen duen sailak osatua. Ekitaldi horretan sailburuarekin batera izan dira, Jordi Campàs Europako Ekonomia eta Funtsen sailburuordea eta Iñaki Barredo Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria.

Txosten horretan azpimarratzen da 2020ko zifra ekonomikoak, Euskadiri zein munduko ekonomiari dagozkienak, zeharo negatiboak direla. Uzkurtze horren tamaina hobeto ulertzeko, gogoratu behar da 2009ko Atzeraldi Handiaren urterik gogorrenean munduko BPGa hamarren bat baino ez zela murriztu, 2020an beherakada hori % 3,3ra iritsi zen bitartean, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) aurtengo apirilean egindako txostenaren arabera.

Munduko ia arlo ekonomiko guztietan BPG nabarmen jaitsi zen testuinguru horretan, euskal ekonomia, jakina, ez zen salbuespena izan. Azken atzeraldien erreferentziak izan ziren: -% 4,1 2009an, -% 2,0 2012an eta -% 1,7 2013an. "Beraz, garai honek nabarmen gainditzen du azken hamarkadetan ezagututako eragin negatiboa", azpimarratu du Azpiazuk.

Aurkezpen honetan, arreta jarri da jarduera frenatzeak lan-merkatuan izan zituen "ondorio nabarmenetan" ere. 2020an, enplegua, jardunaldi osoko lanpostuen baliokideetan neurtuta, % 8,1 murriztu zen. BJAren datuetan oinarrituta (EUSTATen inkesta), 2020an 20.900 enplegu galdu ziren urteko batez beste, % 2,2. Horrela, lanpostuak sortzeko ondoz ondoko 5 urteko aldiari amaiera eman zitzaion. Enpleguaren beherakada espero zitekeena baino apalagoa izan zen, jarduera ekonomikoaren beherakadaren ondorioz. Izan ere, ERTEn zeuden pertsona gehienak enplegatu gisa kontabilizatzen dira.

Aurreko atzeraldietan ez bezala, pandemiari emandako erantzun fiskala eta monetarioa azkarra eta tamainaz handia izan zen, batez ere garatutako ekonomien artean. Europako Batzordeak Next Generation EB programa bultzatu zuen: 750.000 milioi euro, mailegu itzulgarrien (360.000 milioi euro) eta transferentzia ez-itzulgarrien (390.000 milioi euro) artean.

Eusko Jaurlaritzak pandemiari emandako erantzuna honako hau izan zen: osasun-gastu handiagoa, ikastetxe publikoei eta itunpekoei laguntza berezia ematea, unibertsitate-sistema digitalizatzeko laguntzak, gizarte-larrialdietarako laguntzak areagotzea, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko laguntza gehiago ematea, ABEEEko langileentzako laguntzak eta enpresei likidezia emateko laguntzak. Horren guztiaren ondorioz, 2020an 850 milioi euro baino gehiago erabili dira pandemiaren aurkako borrokan. Gainera, 1.000 milioiko funts bat jarri zen martxan, Elkargirekin kudeatuta, zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko. Lerro horiek, bestalde, foru-aldundien eta udalen jardun proaktiboarekin osatu ziren.

Etorkizuneko agertokiak

Txosten honek 2020ko balantze ekonomikoa egitean agertzen dituen kutsu negatiboek beste tonu bat hartzen dute etorkizuneko agertokiak begiztatzerakoan, nahiz eta, onartu pandemiak etorkizunaren pertzepzioa nahastu duela. Hori dela eta, ziurgabetasuna nagusitzen da munduko ekonomiari buruzko ikuspegietan; izan ere, herrialde edo ekonomia-arlo bakoitzaren ohiko ezaugarriei zenbait baldintzatzaile gehitzen zaizkie orain, epe ertain eta luzean etorkizuna nolakoa izango den aurreikustea zailagoa egiten dutenak.

"Baldintza horien artean, pandemiaren bilakaera bera nabarmentzen da, eta susperraldia bultzatzeko politikak ere erabakigarriak izango dira", aitortu du Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Euskal ekonomiari dagokionez, 2021-2030 aldirako oinarrizko agertokiak herrialde garatuetarako aurreikusitakoaren antzeko bilakaera erakusten du, ezin bestela izan; izan ere, BPGren 2021eko (% 6,7) eta 2022ko ( % 5,7) igoera handiek erritmo leunagoetan utzi zuten lekua hurrengo urteetan: 2023 (% 1,8), 2024 ( % 1,7). Lehen urte horietan, kontsumo pribatuaren suspertzea hautematen da, ekonomiaren batez bestekoa baino gehiago haziko dena, pandemia-denboran sortutako aurrezkiak bultzatuta.

Txosten honetan aurreikusten da enpleguari mesede egingo diola jarduera ekonomikoaren bultzadak. Jardunaldi osoko lanpostuen baliokideei dagokienez, aurten enplegua % 4,9 handitzea espero da. Ehuneko hori hurrengo urtean % 3,3ra jaitsiko da, eta ondorengo aldietan pandemiaren aurreko balioekin bat datozen kopuruetara. Horri esker, langabezia-tasa 2020ko batez besteko % 10,6tik 2021ean % 10,3ra eta 2022an % 9,6ra jaitsiko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak