Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko Euskadi Next programak ireki duen aukera nabarmendu du egaben aurrean

2021-06-16

Euskadi Next 2021-2026 programa ezagutzera emateko topaketa sektorialean, Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkaritza bat izan da. Bertan, Pedro Azpiazu buru dutela, agiri honen ildo nagusiak aurkeztu dizkiote Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari (EGAB). Aurkeztutako ildoetan, apustu argia egiten da eraldaketa ekonomikorako eta Euskadiren indarguneak sendotzeko, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoetatik (SEM) eratorritako Europako Funtsen bidez. Jordi Campàs Europako Ekonomia eta Funtseko sailburuordea eta Yurdana Burgoa Kabineteko zuzendaria ere lagun izan ditu sailburuak aurkezpenean.

Azpiazuk EGABen zeharkako izaeraren garrantzia azpimarratu du, izan ere, euskal errealitate sozioekonomikoaren interes ekonomiko eta sozial anitzaren ordezkaritza zabalena barnebiltzen du. Hori horrela, Euskadi Next programak dakarren erronkaz ohartarazi dio, zeinak susperraldiaren palanka gisa eraldaketa azpimarratzen baitu.

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18an onartu zuen programa horren eguneraketa. Bertan, proiektu zehatzak jasotzen dira 18.286 milioi euroko inbertsioa eragin lezaketenak, bai Europako funtsenak, bai baliabide propio publiko eta pribatuenak. Ez da SEMen eragin zehatzik kuantifikatu, ezinezkoa baita jakitea proiektu bakoitzak zenbat lortuko duen, horiek "Estatu-laguntzen" irizpideen mende daude-eta. Inbertsio osoaren % 35 batez bestekotzat hartuta (estatu-laguntzen irizpideak diruz lagundu beharreko jardueraren araberakoak dira), Espainiak jasoko dituen 70.000 milioi euroetatik 6.400 milioi euro ingururi buruz hitz egin dezakegu.

Sailburuak azpimarratu du "dokumentuan jasotako proiektu guztiak ukigarriak eta gauzagarriak direla Europak ezarritako denbora-tartean". Gaineratu du zenbateko hori ez dutela euskal erakundeek osorik jasoko, baizik eta, Euskadin eragina izan dezaketen SEMei dagokien kopurua, erakundeen bidez (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak, Estatuko Administrazio Orokorra, erakunde pribatuak, hirugarren sektorea, etab.). Horregatik da hain garrantzitsua EGABen zeregina, Euskadiko ekonomia- eta gizarte-politikan interes ekonomiko eta sozialen parte-hartzea bideratzeko erakunde gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak