Campàs sailburuordeak Finantza Jardunaldietan adierazi du EBk izaera egonkorra eman behar diela Europako Funtsei, arriskuak partekatzeko mekanismo gisa

2022-03-21

Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Jordi Campasek amaiera eman die gaur Deusto Business School Fakultatean egindako IX. Finantza Jardunaldiei. Edizio honetan, jardunaldiek "Next Generation Funtsak” izan dituzte ardatz.

Next Generation EU ekimenaren Europako tresna nagusia den Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren helburuan eta irismenean zentratuz, sailburuorde honen ustez “Europar Batasunak, orain, zerga-arauak ez ezik, zerga-esparru zabalena ere berriz hausnartzeko aukera du, Europako Funtsei izaera egonkorra emanez, Europako ondasun publikoak direnean arriskuak partekatzeko mekanismo gisa”.

Momentuz, dirulaguntza gisa esleitutako lehen 70.000 milioi euroak konprometitzeko funtsezko 24 hilabeteei aurre egingo zaiela gogorarazi du. Hilabete horiek ere oso garrantzitsuak izango dira beste 70.000 milioi euro eskatzeko, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoan aurreikusten diren mailegu gisa.

Etorkizun horri begira, Campasek jarrera hauek finkatu ditu: “Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak aldarrikatu du autonomia-erkidegook erreformak eta inbertsioak diseinatu behar ditugula gure eskumeneko politika publikoen esparruan”; honako hau gaineratuz: “gure eskumeneko esparruetan inbertsioak finantzatzeko BEMaren maileguen zatitik Europako baliabideak eskuratzeak ezin du, inola ere, erabakitzeko ahalmen txikiagoa ekarri, ezta autogobernua murriztea ere”.

Ildo horretan, Campasek honako hau nabarmendu du: “Euskal erakundeetatik bultzatzen ditugun proiektu eraldatzaileek arrakasta bermatuko dute Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren baliabideak egikaritzeari dagokionez, eta, horregatik, espero dugu Espainiako Gobernuak berandu baino lehen haiek aintzat hartzea”.

Bere hitzaldian, Campasek aitortu du, halaber, “Ukrainan gertatzen ari den inbasio errusiarraren ondorioz Dnieperretik iristen zaizkigun gerra-hotsek lehen mailako ondorioak izango dituztela Europako agendan, epe labur eta ertainean”. Hala ere, haren ustez, egoera horren ondoriozko krisi humanitarioak gure arreta eta kezkaren ardatz garrantzitsua izan beharko lukeen arren, “etorkizuneko gertaeren kontakizunean gertakari berri hori sartzeak gure erakundeek energia- eta ingurumen-eraldaketen eta eraldaketa digitalaren aldeko apustuari eusteko uste sendoa apurtzeko arriskua ere badugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak