Hauteskundeak 2024
qrcode

Azpiazuk ohartarazi du arriskua dagoela euskal produkzio-sareak Europako funtsak xurgatzeko aukerak galtzeko

2023-10-27

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak ohartarazi du euskal enpresek Europako SEM funtsak eskuratzeko aukera galtzeko benetako arriskua dagoela, Estatuko Gobernuak haiek kudeatzeko diseinatutako gobernantzagatik. Hala, Legebiltzarrean egindako agerraldian adierazi duenez, proiektu estrategikoetarako (ESEPE-etarako) 24.500 milioi euroko dirulaguntzetatik, Espainiako Gobernuak 6.350 milioi euro banatu ditu azken hiru urteetan. Hau da, erabilgarri dagoen guztiaren % 26 baino ez da baliatu, eta baliabide horiek erabiltzeko epea 2026an amaituko da.

 “Euskadin eskualdeetako gobernuak behingoz aktibatzea planteatzen dugu, eragile protagonistak baitira Europako funtsak gure enpresetara, hirugarren sektorera, zentro teknologikoetara eta unibertsitateetara bideratzeko eta banatzeko”, adierazi du irmotasunez.

Gogoeta hau egin du: “Euskal ehun produktibo, zientifiko eta teknologikotik hurbil dagoen industria-politika jarraituaren abantaila eta esperientzia ditugu, eta horiek aprobetxatu nahi ditugu, enpresekin eta eragileekin batera, garrantzi estrategiko, arraste-ahalmen eta gure ekonomia eraldatzeko ahalmen handiena duten proiektuak hautatzeko eta bultzatzeko”.

Eskualdeetako ESEPEak aktibatzeko eskaria kontu praktiko hutsa da, funtsak ez baitira iristen ari produkzio-sarera nahi bezain malgu eta azkar. Hori bereziki garrantzitsua da enpresa txiki eta ertainen kasuan, behin eta berriz adierazten ari baitira laguntza horiek ez daudela haientzat diseinatuta eta pentsatuta.

Eskari horrekin batera, sailburuak Estatuaren eta Europako Batzordearen arteko Gehigarria onartzeari buruz hitz egin du. Haren bidez, aldatu egiten da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP).

“Tamalez, eta ohikoa denez, prentsaren bidez jakin dugu akordioa eta haren onarpena, eta horrek erakusten du Espainiako SEM funtsen gobernantza-ereduaren ahulezia”, deitoratu du.

Next Generation EU eta RepowerEU programa komunitarioen maileguetan 10.000 milioi euro gehiago eta 83.000 milioi euro arte mobilizatzea aurreikusten du Gehigarriak. Estatuak 163.000 milioi euro jaso ahal izango ditu guztira, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak eta maileguak kontabilizatuta.

83.000 milioi euro arteko maileguen helburua da 2023tik aurrera inbertsio publikoaren eta pribatuaren mailei eutsiko zaiela bermatzea, eragileei, publiko zein pribatuei, tasen eta epeen finantza-baldintza onuragarriak eskainita, zorpetzea garestitu duen gogortze monetarioko ingurune batean. Mailegu horiek, batetik, ESEPE-etan sartzen diren ekimenak finantzatzeko erabiliko dira, eta, bestetik, 12 funts sortzeko, KOIk, Europako Inbertsio Bankuak eta beste erakunde publiko batzuek kudeatuta.

 “Planaren Gehigarriari dagokionez, gure eskaera nagusia da eskualde-mailako eraldaketa ekonomiko eta sozialerako proiektuak antolatzeko balio izatea, espezializazio adimenduneko gure estrategian sakonduta eta herrialdeko estrategia nagusiak eremu hauetan, besteak beste, zabalduta: osasuna; enplegu kualifikatua sortzea; kolektibo ahulenei arreta ematea; eta biodibertsitatea eta ingurune naturala hobetzea.

Eusko Jaurlaritzaren planteamenduak helburu hau du: Finantzen Euskal Institutuak (FEIk) bitartekari-lana egitea eta euskal ETE-entzat eskuragarri dagoen finantzaketa bideratzen aktiboki parte hartzea.

Gainera, Azpiazuk aurreratu duenez, azaroaren 2an, osteguna, Garraioetako ministroarekin bilduko da, foru-errepideen sarea behingoz barne har dadin tunelen segurtasuna hobetzeko, modernizatzeko eta indartzeko egiten ari diren SEM inbertsioetan.  

Ez da nolanahiko kontua, sarea Europako araudiaren exijentzia berrietara egokitzeak inbertsio handiak eskatzen baititu, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, bi lurraldeetan tunel ugari dagoelako.

Horrekin batera, lehendakariak iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euroko ekarpena egingo du finantzaketa osatzeko eta egiteke geratu diren eraikin eta etxebizitzen birgaitze energetikorako dirulaguntzen eskaerei aurre egiteko.

 

SEM – EUSKO JAURLARITZAREN ZUZENEKO KUDEAKETA

 

Autonomia-erkidegoei konferentzia sektorialaren edo zuzeneko emakidaren bidez banatutako 24.163 M €-etatik, Euskadiri guztira 1.135 M € —% 4,75— esleitu zaizkio.

SAILA

Banatua

%

 

 

EKONOMIAREN GARAPENA, JASANGARRITASUNA ETA INGURUMENA

307,96

27,13

 

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIOA

245,27

21,61

 

BERDINTASUNA, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKAK

140,26

12,36

 

HEZKUNTZA

153,03

13,48

 

LANA ETA ENPLEGUA

99,00

8,72

 

TURISMOA, MERKATARITZA ETA KONTSUMOA

87,12

7,67

 

OSASUNA

46,08

4,06

 

GOBERNANTZA PUBLIKOA ETA AUTOGOBERNUA

38,54

3,40

 

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA

14,18

1,25

 

SEGURTASUNA

3,75

0,33

 

GUZTIRA

1.135,19

100,00

 

 

 

Orain arte jasotako funtsekin, Eusko Jaurlaritzak 121 milioi euro esleitu dizkie foru-aldundiei. Horietatik 56 milioi Bizkaiko Foru Aldundiari dagozkio, 39 Gipuzkoako Foru Aldundiari eta 26 Arabako Foru Aldundiari. Orobat, udalei 93 milioi euro esleitu zaizkie.

 

SEM – ESTATUAREN KUDEAKETA

 

Euskadin 599 milioi euro banatu dira Estatuak ebatzitako deialdien bidez, eta, gainera, euskal eragile publiko eta pribatuek 73 milioi euro jaso dituzte zuzeneko adjudikazio bidez.

Azpiazu sailburuak zehaztu du Euskadik guztira 672 milioi euro bildu dituela.  

 

SEM – EUSKAL TOKI-ERAKUNDEAK

 

Euskal toki-erakundeek 300 milioi euro xurgatu dituzte. Euskadiko 194 udalerrik jaso dituzte funtsak, eta hiriburuek esleitu diren funtsen % 43 bildu dituzte. Donostiak guztizkoaren % 16 jaso du, Bilbok % 14 eta Gasteizek % 12.

Lurraldeka, Bizkaiko 85 udalerrik funts guztien % 44 jaso dituzte, Gipuzkoako 73k % 38 eta Arabako 36k % 18.

 

Helmugak, jakina, bat datoz udalaren eskumenekin, eta honako hauekin dute zerikusia: hirietan mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren eredua bultzatzea; hiria birgaitu eta berroneratzea; sektore turistikoa modernizatu eta lehiakorragoa bihurtzea; hirietako ETEak bultzatzea; konektibitate digitala; zibersegurtasuna bultzatzea eta 5Ga zabaltzea; eta ekosistemak eta haien biodibertsitatea kontserbatu eta leheneratzea.

 

Guztira, Euskadik 1.807 M € xurgatu ditu Europako SEM funtsetatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan