
Ertzaintzak eta udaltzaingoek motozikleten abiaduraren kontrola indartuko dute
- Aurtengo urtean Euskadiko errepideetan 9 motozale hil dira
Eguraldi onaren eta Euskadin motozikleten kopuruaren goranzko joeraren ondorioz, zoritxarreko ondorioak dituzten istripuak areagotzen ari dira. Aurten, orain arte, 9 motozale hil dira Euskadiko errepide-sarean, horietatik 5 Gipuzkoan, 3 Bizkaian eta bat Araban. Era horretako istripuei aurrea hartzeko, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, motozikleten abiadura zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina indartuko du larunbat eta igande honetan, baita ekainaren 4tik 6ra eta 25etik 27ra ere.
Euskadin 136.700 motozikleta baino gehiago dago, 2019ko datuen arabera, hau da, Euskadiko errepideetan dabiltzan ibilgailu guztien % 10. Azken lau urteotan, motorren kopuruak % 14,5 egin du gora.
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan, “'Jar zaitez nire gurpiletan' bezalako estrategiekin era guztietako ibilgailuen erabiltzaileen arteko elkarbizitza eta sentsibilizazioa sustatzeaz gainera, zaintza indartzeko kanpainak ere egiten ditugu kolektibo zaurgarrien arrisku-portaerei aurrea hartzeko, kolektibo horietako bat izanik motor-gidariena”.
Abiadura desegokian gidatzea da kolektibo honek istripua izateko arrisku-faktore nagusietako bat, eta besteak dira arauz kontrako aurreratzeak, arreta-galtzeak, trebezia-falta, ekipamendu egokia ez eramatea edo alkohola eta drogak kontsumitzea.
Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.