Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek motozikleten abiaduraren kontrola indartuko dute

2021-07-01
  • Urtea hasi zenetik, 12 pertsona hil dira motorreko istripuetan Euskadin
  • Abiadura desegokian gidatzea da istripu-arriskuaren faktore nagusietako bat motozaleen kolektiboan

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, motozikleten abiadura kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina indartuko du datorren asteburuan (uztailaren 2tik 4ra), bai eta uztailaren 24ko eta 25eko eta uztailaren 31ko eta abuztuaren 1eko asteburuetan ere.  

Helburua da, ahal den neurrian, istripu larriak saihestea, kontuan hartuta urtea hasi zenetik 11 motor-gidari eta motorreko bidaiari bat hil direla Euskadin gertatu diren istripuetan (horietako 6 Gipuzkoan, 5 Bizkaian eta bat Araban).  

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gogoratu duenez, “era guztietako ibilgailuetan ibili behar da kontuz, eta, bereziki, babes bakarra gorputza dutenetan, zaurgarritasuna askoz ere handiagoa baita”.

Díaz de Corcuerak kolektibo zaurgarri hau babesteko Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen neurriak balioetsi nahi izan ditu, horien artean Jar zaitez nire gurpiletan estrategia, sentsibilizazioa sustatzen duena eta motozikletak segurtasunez gidatzeko ikastaroak eskaintzen dituena, bai eta motor-gidarientzako dekalogoak ere, bakarka joatean segurtasunez gidatzekoa eta taldeko irteeretarakoa.   

2015etik % 14,5 egin du gora motozikleten kopuruak Euskadin, eta une hauetan 136.700 baino gehiago daude 2019ko datuen arabera. Ibilgailu guztiak kontuan hartuta, motorrak % 10 dira.

Abiadura desegokian gidatzea da kolektibo honek istripua izateko arrisku-faktore nagusietako bat, eta besteak dira arauz kontrako aurreratzeak, arreta-galtzeak, trebezia-falta, ekipamendu egokia ez eramatea edo alkohola eta drogak kontsumitzea.

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak