NIK Patrika Digitala
Berriak Osasuna
qrcode

Osasun sailak onartu du 2018-2019an osasun arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdiaren agindua (Gobernu Bilera 2018-09-18)

2018-09-18

Osasun Sailak onartu du bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko eta erregulatzeko agindua, 2018an hasten dituzten osasunaren esparruko prestakuntza-jarduerak finantzatzeko helburuarekin. Ondorengo ekintza hauek jasoko dute diru-laguntza:

  • Atzerriko unibertsitatetan graduondoko ikastaroak egiteko eta atzerriko osasun-zentrotan edo osasun-ikerketako zentrotan egonaldiak egiteko, osasun-zientzietan ezagutzak zabaltzeko helburuarekin.
  • Ondorengo gaien inguruan Estatuko unibertsitatetan graduondoko ikastaroak egiteko: osasun-kudeaketa, osasun publikoa, zainketa aringarriak edo familia eta komunitateko medikuntza.

Osasuneko profesionalen prestakuntza finantzatzeko 108.010 euro bideratuko dira. Unibertsitateko titulua duten, Euskadin gutxienez urtebete erroldatuta daramaten eta egoitza-sistemapean prestakuntza jasotzen ari ez diren pertsona fisikoek eskuratu ahal izango dituzte laguntza hauek. Ostatua, matrikula eta ikas-materiala, bidaiak eta mantenuko gastuak ordaintzeko emango dira diru-laguntzak. Beka edo laguntzaren hilabete bakoitzeko guztizkoak ezingo du 1.500 eurotik gorakoa izan, eta gehienez urtebeterako emango da, prestakuntza-jarduerak gehiago iraun dezakeen arren.

Eskaerak www.euskadi.eus web-orriaren bitartez aurkeztuko dira, agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean. Eskaera horiek ebaluatzeko dagokion Balorazio Batzordea eratuko da. Batzordeak proposatu ondoren, Osasun sailburuordeak hiru hilabeteko epean, gehienez, erabakiko du.

Osasun Sailaren 2018ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan kokatuta dagoen laguntzen programa hau Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko du. Euskal Osasun Sistemako langileen trebakuntza handitzeko epe ertain eta luzeko estrategia bat da, eta horren azken helburua herritarrei osasun-arreta onena eskaintzea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko