Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Osasuna
qrcode

Osasun Sailak aurten 100.000 euro bideratuko ditu euskal egoiliarren prestakuntza osatzeko laguntzetara (Gobernu Bilera 2024-4-23)

2024-04-23

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaren Aginduaren berri eman zaio gaur Gobernu Kontseiluari. Agindu horren bidez, Euskadin egoitza-aldian dauden osasun-zientzietako profesionalentzako laguntzetarako deialdia egiten da, egiaztatutako edo ospe handiko Estatuko zein atzerriko zentroetan prestakuntza osatu nahi badute.

Osasun Sailak “kanpoko txandakatze” deitutakoei ematen dizkien laguntzek bi helburu dituzte. Alde batetik, Euskadin bizi diren langileak egiaztatutako edo ospe handiko beste zentro batzuetara mugi daitezen erraztea eta sustatzea, haietan esperientzia eta gaitasun berriak eskuratu ditzaten. Eta bestetik, talentua erakartzea eta atxikitzea betetzen zailak diren plazetan.

Laguntza-lerro hau Osasun Sailaren estrategiako dirulaguntzen jarduera-eremu nagusietako baten barruan dago, eta osasun-arloko langileek beren jardunbide profesionalean duten trebakuntza handitzera bideratuta dago.

Testuinguru horretan, egoiliarrentzako laguntzez gain, Osasun Sailak osasun-arloko profesionalei zuzendutako bekak eta laguntzak ematen ditu urtero; bai atzerriko osasun-zentroetan edo osasun-ikerketetakoetan prestakuntza-egonaldiak egiteko, beti ere, osasun-zientziekin lotutako arlo guztietako ezagutzak eta trebetasunak areagotzeko prestakuntza-programa indibidualizatuak burutzeko, bai familia-medikuntzan eta medikuntza komunitarioan, osasun publikoan, osasun-kudeaketan edo zainketa aringarrietan gaitasun aurreratuak lortzera bideratuta Estatuko zentroetan graduondoak egiteko.  

Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko