Berriak Osasuna

Osasun Sailak 108.000 euro bideratuko ditu profesional sanitarioak prestatzeko beka eta laguntzetarako 2021. urterako (Gobernu Bilera 2021-7-27)

2021-07-27

Gobernu Kontseiluak, Osasuneko sailburuak eskatuta, osasunaren arloko prestakuntza-jarduerak finantzatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiten eta arautzen duen agindua onartu du, 2021. urtean hasten direnak. Honako hauek lagunduko dira diruz:

A) Graduondoko ikastaroetara joatea estatuko unibertsitateetan honako gai hauei buruz: kudeaketa sanitarioa, osasun publikoa, zainketa aringarriak, familia- eta komunitate-medikuntza, integrazio asistentziala, suizidioaren prebentzioa, Plan onkologikoarekin lotutako ekintzak

B) Atzerriko unibertsitate-zentroetan emandako graduondoko ikastaroetara joatea, baldin eta lehen aipatutako arloetan gaitasun aurreratuak eskuratzeko badira

C) Atzerriko osasun-zentroetan edo osasun-ikerketako zentroetan prestakuntza-egonaldiak egitea, osasun-zientziekin zerikusia duten arlo guztietan ezagutzak eta trebetasunak areagotzeko banakako prestakuntza-programak egiteko.

Osasun arloko profesionalen prestakuntza finantzatzeko 108.010 euro erabiliko dira. Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte unibertsitate-titulua duten pertsona fisikoek, baldin eta gutxienez urtebete lehenagotik Euskadin erroldatuta badaude eta egoitza-sisteman prestakuntza egiten ari ez badira. Diruz lagunduko dira ostatua, matrikula eta irakaskuntza-materiala, bidaiak eta mantenua, besteak beste. Beka edo laguntza bakoitzaren guztizkoa ezin izango da hilean 1.500 eurotik gorakoa izan, eta gehienez urtebeterako emango da, prestakuntza-jarduera luzeagoa izan arren.

Eskabideak www.euskadi.eus webgunearen bidez aurkeztuko dira, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaera horiek ebaluatzeko, dagokion Balorazio Batzordea sortuko da. Osasun sailburuordeak proposaturik, gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du.

Laguntza-programa hori Osasun Sailaren 2021eko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko du. Epe ertain eta luzerako estrategia bat da, Euskal Osasun Sistemako langileen trebakuntza handitzeko, azken helburua izanik herritarrei osasun-laguntzarik onena ematea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko