Berriak Kultura
Eu

'Bularretik mintzora'

2011.eko otsailak 07

Gurasoak irakurketaren garrantziaz sentsibilizatzea helburu duen 'Bularretik mintzora' programa aurkeztu da

`Bularretik mintzora´egitasmoari esker, Euskadiko gurasoei irakurgaiak oparituko zaizkie irakurketaren garrantziaz sentsibilizatu daitezen. Horixe baita umeen garapen intelektuala, emozionala, soziala eta linguistikoa estimulatzeko bidea.

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumorako sailburuak eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak 'Bularretik mintzora' programa aurkeztu dute gaur Gurutzetako ospitalean egin duten prentsaren aurreko agerraldian.

'Bularretik mintzora' programa aurrera eramateko eta irakurketa programak garatzeko 147.162 euroko diru-laguntza eman dio Eusko Jaurlaritzak Galtzagorri Elkarteari. Hala, ume txikien gurasoei bi opari egingo zaizkie. Alde batetik, jaioberrien gurasoei ospitalean bertan oinarrizko material didaktikoa oparituko zaie. Horretarako urtebetean EAEn egon daitezkeen jaiotzak hartzen dira kontuan. Opari honekin lortu nahi dena da gurasoak konturatzea haurra jaiotzen den unetik zein garrantzizkoa den irakurketaren nahiz kantaren lanketa. Opari gisa, sehaska kantak, esku jolasak, ipuinak eta poesiak biltzen dituen 'Bularretik mintzora' CD-liburua emango zaie gurasoei ospitalean. CD-liburuarekin batera aholkuak eta bibliografia egokia biltzen dituen foiletoa ere jasoko dituzte EAEko guraso berri guztiek. Beste aldetik, 4 urte dituzten haurren gurasoei CD-liburu berri bat oparituko zaie, beste CD-libruuaren jarraipena izango dena. Bertan ipuinak, kantak eta poesia bilduko dira. Era horrekin batera, aholku berriak eta bibliografia berria ere eskainiko dira.

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumorako sailburuak uste du 'Bularretik mintzora' bezalako programek berebiziko garrantzia dutela umeen osasunerako; osasuna ez baita ongizate fisikora mugatzen: "Helduok haurrei irakurketa eskaintzen diegun neurrian, ondorio onuragarriak sortuko dira haurren adimenean: bai hizkuntza eta emozioak garatzeko garaian, bai haiekin lotura afektibo sendoa finkatzeko bidean". Zentzu horretan, gaineratu du, haurrei irakurtzen ematen zaienean haien garapen intelektualean, emozionalean, sozialean eta hizkuntzarenean positiboki eragiten dela.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu du, 'Bularretik mintzora' bezalako egitasmoek guztiz bat egiten dutela Kultura Sailaren zenbait helbururekin: "Gure helburu nagusietako bat da euskararen ezagupena eta erabilera belaunaldi berrietan bermatzea eta baita familia-transmisioa bermatzea ere. Iruditzen zaigu proiektu honen bidez xede horiek ezin hobeto jarrai daitezkeela". Ildo berean, erantsi du euskal hiztunen kopurua handitzeko helburua betetzera ere badatorrela proiektua. Urgellen hitzetan, 855.000 hiztunek badakite euskara: "Horrek adierazten du bide onetik goazela, baina gure helburuak ezin du izan, soilik, euskararen ezagutza areagotzea, baizik eta euskaldun gehienak, ahalik eta egokiera, toki eta esparru gehienetan euskal hiztun bilakatzea, erabilera bultzatzea. Euskara naturaltasun, malgutasun eta ohikotasunez erabiliko duten sare sozialak eta biziak behar ditugu. Haur eta gazteen esparru ez-formaletako eskaintzari arreta berezia eman behar zaio eta zentzu honetan, gaur aurkezten dugun materialak aurreneko egunetik, aurreneko hitzak ere euskeraz egiteko aukera eskaintzen du".

Iruzkin bat
  • 2012.eko maiatzak 24

    2011ko ekainean nire alaba txikia jaio zen Basurtuko ospitalean, eta ez nuen bularretik mintzora materialik jaso, ospitalean ez zekiten ezer horren gainean, eta zuzenean zerbitzuaren bitartez ere ez dut lortu ezer aurreratzea. Horrez gain, 2011 nire seme nagusiak 4 urte bete zituen eta ez dugu horrelako materialik ere jaso. Are gehiago ez dut inor ezagutzen jaso duenik, ez ospitalean ez etxean. Hala ere, kanpainaren berri ematen segitzen duzuela ikusten dut.????????????????

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, Rafael Bengoa