Eu

Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza gehigarri bat onartu du Galtzagorri Elkartearentzat, euskarazko irakurzaletasuna sustatzen jarrai dezan (Gobernu Bilera 2019-02-07)

2019.eko uztailak 02
  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik aurten jasoko dituen dirulaguntzei esker 100 tailer eskaini ahal izango ditu EAEko eskoletan

Eusko Jaurlaritzak 16.000 euroko dirulaguntza onartu du bere gaurko saioan Galtzagorri elkartearentzat, bere irakurketa-programa osatuko duten saio gehigarriak egin ditzan. Gaurko Gobernu Batzordean onartu den diru-kopuruaz gain, Galtzagorrik 30.000 euroko dirulaguntza izenduna jasotzen du urtero, eta horren bitartez haur eta gazteentzako 65 tailer antolatu ahal izan ditu aurten. Gaur onartu den dirulaguntza gehigarri honi esker beste 35 tailer antolatuko ditu, guztira 100 tailer eskainiz.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Galtzagorri elkarteak hitzarmen bat sinatu zuten 2018an  irakurzaletasuna euskaraz sustatzeko haur eta gazteen artean. Ekimen horren bitartez Galtzagorri Elkarteko profesionalak Euskadiko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroetara joaten dira, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera. Gurditxo batean Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 40 liburu inguru eramaten dituzte eta hauen bidez landu ditzaketen estrategiez mintzatzen zaizkie irakasleei, hauek haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak bihur daitezen.

Iaz, guztira, 70 saio eskaini ziren EAEko ikastetxeetan, baina beste 100 zentrok izena eman zuten egitasmoan parte hartzeko eta, ondorioz, itxaron-zerrendan geratu ziren. Aurtengo helburua zen saioak eskaintzea itxaron-zerrendan geratu ziren 100 ikastegi horietan, baina aurten onartu den 30.000 euroko dirulaguntza ez da nahikoa izan helburu hori betetzeko. Aurrekontu horrekin 65 tailer eskaini ahal izan ziren, eta gaur onartutako dirulaguntza gehigarria ezinbestekoa da helburua bete ahal izateko. Horrela, guztira, 100 saio eskainiko dira aurten beste horrenbeste eskolatan.

Proiektu honen bitartez hainbat helburu lortu nahi dira, irakurtzeko zaletasuna sustatzearekin lotuta, bai eta euskararen garapenarekin lotuta ere:

  • Lehenengo helburua da euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea EAEko haur eta gazteen artean.
  • Irakasleen irakurketarako motibazioa ere sustatu nahi da. Irakasleak bihurtu nahi dira haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak. Haur eta Gazte Literaturan adituak direnen eskutik, euskarazko kalitatezko liburuak aurkeztuko zaizkie, formatu literario ezberdinak nola erabili eta norekin erabili azalduko zaie eta, horrekin batera, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko estrategia ezberdinak erakutsiko zaizkie
  • Euskararen erabilera sustatutzen da. Ikasleek euskarazko kalitatezko liburu berriak ezagutzen dituzte urtero eta horien inguruan hitz egiten dute haien artean. Ekimena oso baliagarria da euskara menperatzen ez duten gazteek beren maila hobe dezaten.
  • Haur eta gazteek euskara eta euskarazko literatura gozamenarekin lotzen dute. Ekimen honen bitartez haurren garapen emozionala, intelektuala eta afektiboa sustatzen da euskarazko Haur Literaturarekin gozatzen duten bitartean
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura ezagutzera ematea. Proiektu honi esker, hainbat irakaslek bestela ezagutuko ez lituzketen kalitatezko hainbat nobedade ezagutzeko aukera izan ohi dute.
  • Ikastetxeak eta ikasleak are gehiago inplikatzen dira irakurtzeko zaletasuna sustatzeko eginkizunean.
  • Udal liburutegien eta eskolen arteko sare-lana bideratzen da, baliabide publiko ezberdinak lotuz haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko bidean.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko