Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 241,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2017an, iaz baino %2 gehiago

2017.eko martxoak 02

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak bere Sailaren 2017ko ekitaldirako aurrekontua aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Sailak 241,9 milioi euroko aurrekontua proposatzen du ekitaldirako, 2016an baino % 2 gehiago. Sailburuak azaldu duenez, aurrekontu hauek estu-estu lotuta daude Sailaren konpromisoekin. Kultura Sailburuordetzak 1,1 milioi euro bideratuko ditu Euskadi Digitalaren aldeko apustura, eta sortzaileei laguntzeko diru-ekarpenak ere indartuko ditu. Hizkuntza Politikari dagokionez, eustaltegientzako HABEren bidezko diru-ekarpena % 6 igoko da eta 1,2 milioi euro inbertituko dira euskararen irakaskuntzan B2 maila bitartean doakotasunaren bidean aurrera egiten jarraitzeko.

Lehen aldiz izan da Zupiria sailburua Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Berarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politika sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Carmelo Arcelus Zerbitzu zuzendaria izan dira. Sailburuak balioa eman dio Sailaren aurrekontuak izango duen hazkundeari, 2016an baino 4,7 milioi gehiago izango baitira bere konpromisoak gauzatu ahal izateko.

Kultura Sailburuordetzari dagokionez, aurrekontu-proiektuak bi programa jasotzen ditu: Ondare Historiko Artistikoa eta Kulturaren Sustapena. Igoera nabarmena izango du lehenengoak, % 8,9koa, neurri handi batean Euskadi Digitalaren aldeko apustua indartu delako. Ekimen honi lotuta, 1.119.000 euro inbertituko dira digitalizazioari lotutako proiektuetan (e-Liburutegiaren sustapena, Euskadiko Liburutegi Digitalaren finantzaketa, Liburuklik ekimena…). Horrekin batera, 650.000 euro inbertituko dira liburutegien sarearen garapen digitalean.

Sailak proiektu eroale edo ‘traktoreen’ aldeko bere apustua nabarmenduko du 2017an, agerikoa baita proiektu hauen erreferentzialtasuna eta beren garrantzia bestelako kultura-ekimenak sortzen eta elikatzen laguntzeko. Horiek horrela, Guggenheim Bilbao Museoarentzako diru-ekarpena % 29,30 igoko da,  Artiumena % 43 eta Santa Maria Katedrala Fundazioarena bikoiztu egingo da (2016ko 70.000 euroetatik aurtengo 150.000 euroetara). Era berean, Kulturaren Sustapena programaren barruan, Tabakalera bezalako proiektu estrategiko baten jarduera kulturalerako 1,6 milioi euro bideratuko dira (iaz baino % 14,29 gehiago).

Kulturaren Sustapena programaren barruan aurrekontuetan eragina izango duten bi aldaketa nabarmen izango dira: Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzarako bideratutako dirua jaitsiko da (ia 5 milioi eurotik 1,1 milioi eurora, horren amaiera kudeatzeko) eta Tabakalerako eraikina martxan jartzeko diru-ekarpena murriztuko da, lanak amaitu direlako (2,9 milioi eurotik 136.000 eurora). Proiektu horiei lotutako kontu-sailen pisua oso handia zenez eta programaren aurrekontua hein berean murriztu ez denez, 2016an baino diru gehiago izango da aurten bestelako kultura ekimenen sustapenerako. Sailaren diru-ekarpenak nabarmenagoak izango dira arlo hauetan: musika (2016ko aurrekontuan baino % 4,4 gehiago), dantza (% 3,5 gehiago), ikus-entzunezkoa (% 11,9 gehiago) edota arte plastikoak (% 7,4 gehiago).

Azpimarratzekoa da sorkuntza lanari zuzenean emango zaion sostengua, eta horretarako hainbat diru-laguntza eta kontu-sail jasotzen dira aurrekontu proiektuan. Sortzaileentzako deialdi nagusietako bat % 21 haziko da (iazko 145.000 euroetatik aurtengo 197.000 euroetara) eta bi urtean 400.000 euro banatuko ditu sortzaileen lana babesteko, hain zuzen, Sailaren helburu nagusietako bat. Zinemagintza bultzatzeko ere neurri eraginkorrak dakartzate aurrekontuek; besteak beste, % 25 igo da ekoizpenak diruz laguntzeko ekarpena. SKIen aldeko apustuak, gure kultura agerikoagoa egitekoak edo jaialdiak babesteko asmoak ere badute bere isla aurrekontuen proiektuan.

Hizkuntza Politika Sailburuordetza

Hizkuntza Politika Sailburuordetzari dagokionez, nabarmendu behar da euskaldunen kopurua areagotzen jarraitzeko konpromisoari lotutako bi neurri. Batetik, HABEren euskaltegientzako diru-ekarpena % 6 igoko da. Bestetik, 1.250.000 euro bideratuko dira euskararen irakaskuntzan B2 maila bitartean doakotasunaren bidean pauso berriak ematera. Azken neurri hau Hakoban landuko da eta doakotasunaren helburua lortzeko erakundeen arteko lankidetzan sakonduko da aurten.

Euskararen erabilera sustatzeko ere hainbat neurri bultzatuko dira aurrekontu hauen bitartez. Esate baterako, 300.000 euro inbertituko dira euskararen erabilera aisialdian bultzatzeko haur eta gazteen artean. Ekimen ezberdinak bultzatuko dira horretarako aisialdi-elkarteekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean. Halaber, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak kontu-sail ezberdinak aurreikusten ditu aplikazio teknologikoak euskaraz sustatzeko (310.000 euro), euskarazko wikipediaren garapenean sakontzeko (300.000 euro), atzerriko hizkuntzetan ekoiztutako kalitatezko zinea eta serieak euskaraz azpititulaturik ikusi ahal izateko (85.000 euro) edota haurrengan irakurketa-ohiturak sustatzeko ‘Bularretik mintzora’ programaren bidez (30.000 euro).

Ohi bezala, Sailburuordetzak garrantzi handiko diru-laguntza deialdiak bultzatuko ditu euskalgintzako elkarteak laguntzeko eta euskarazko hedabideen lana errazteko. Diru-laguntza izendunen atalak ere bere pisua mantenduko du.

Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritza

Aurrekontu-proiektua onartuko balitz, Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak 8.187.219 euroko aurrekontua izango luke 2017an, iaz baino % 7,5 gehiago. Gizartean jarduera fisikoa bultzatzea izango da bere helburu nagusietako bat, eta 450.000 euro inbertituko ditu hori lortze aldera, batez ere Mugiment 2020 programaren bidez. Horrekin batera, dopinaren aurkako borrokan 200.000 euro inbertituko dira, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren baliabideak areagotuz. Azkenik, berdintasuna kirolean sustatzeko iaz baino 140.000 euro gehiago inbertituko dira 2017an.

Erakunde publikoak

Saileko erakunde publikoen artean, Etxepare Euskal Institutuak izango du hazkunderik nabarmenena 2017an. Erakunde honek iaz baino % 8,16 gehiago izango du eta 2.345.170 euro jasoko ditu Institutuak kultura-diplomazia eta nazioarteko sareak sustatzeko, euskararen irakaskuntza nazioartean indartzeko eta euskal kulturaren sustapena eta nazioarteko hedapena sustatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak