Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Bigarren Hezkuntzako eraikin berria bisitatu du Gueñesen

2018-03-05
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Adierazi du negoziazio-mahaia dela leku egokia hezkuntzaren kalitatearen etengabeko hobekuntza bultzatuko duten akordio positiboak lortzeko 

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak Eretza Berri ikastetxe publikoaren Bigarren Hezkuntzako eraikin berria bisitatu dute gaur eguerdiz, Sodupen (Gueñes udalerrian). Ikastetxeko zuzendaritza taldea lagun zutela, eraikin berriko instalazio nagusiak ezagutu dituzte. Eusko Jaurlaritzak 3,4 milioi euroko inbertsioa egin du eraikin berria egiteko lanetan. Ekitaldian, besteak beste, Gueñes eta Gordexolako alkateak ere parte hartzaile izan dira.

Bisita egin ondoren, bestalde, Lehendakaria eta sailburua Bigarren Hezkuntzako irakasle talde batekin elkartu dira, ikastetxean bertan.

Gueñesko eraikin berria abian jartzearekin, Hezkuntza Sailak bere Azpiegitura Planean jasotako proiektu eta lanak osatzen jarraitzen du. Plan honek 300 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du orotara 2014-2018 aldirako. Azpiegitura Plan honen barnean, aurki amaituko dira beste hiru hezkuntza-azpiegitura garrantzitsu eraikitzeko lanak ere. Hala nola, Zabalgana Institutua Gasteizen; Pagasarribide Institutua Bilbon, eta Lanbide Heziketako Migel Altuna ikastetxea, Bergaran. Aurtengo udarako amaituta egongo diren hiru eraikin hauetan ia 19 milioi euroko inbertsioa egin du Hezkuntza Sailak.

Gainera, hil honetan bertan hasiko dira beste hiru ikastetxe eraikitzeko lanak ere: Errekabarri ikastetxe publikoa Gasteizen; Iruarteta ikastetxe publikoa Bilbon; eta Arroako eskola txikia, Zestoako Arroa auzoan. Hiru proiektu hauetan, berriz, 13 milioi euro pasatxokoa da inbertsioa. 2019-2022 aldirako Azpiegitura Plana prestatzeko lanean ari da egun, Hezkuntza Saila.

NEGOZIAZIO-MAHAIA

Eusko Jaurlaritzak elkarrizketaren, akordioaren eta lankidetzaren alde egindako apustua azpimarratu du lehendakariak. Ildo horretan azpimarratu duenez, negoziazio-mahaiak “irekita daude oraindik, iritziak hurbiltzen eta aurrerapenak lortzen ari dira”, eta hori “bateragarria” da ikastetxeetan normaltasunari eustearekin. “Negoziazio-mahaia da leku egokia lan-baldintzak eta gizarteari eskaintzen diogun hezkuntza-zerbitzua hobetuko dituzten akordio positiboak lortzeko”, adierazi du.

 

Prentsa oharra

Iruzkin bat
  • Argazkia ana
    ana
    2018-03-06

    me alegro mucho @iurkullu hace tiempo que no comentaba , si claro he estado ocupada en todo este tiempo

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)