
Lehendakariak Zabalgana Institutuaren eraikin berria bisitatu du, Gasteizen
- Eusko Jaurlaritzak 8,1 milioi euro inbertitu ditu Bigarren Hezkuntzako Zabalgana Institutua eraikitzeko lanetan, Gasteizen
- Irailean 2018-2019 ikasturtea hastearekin, BDH-ko 193 ikasle sartuko dira instalazio berri hauetara
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria bisitatu du gaur goizez, ikastetxeari izena ematen dion Gasteizko Zabalgana auzoan.
Ia bi urte iraun duten lanen ondoren, irailerako dena prest egon dadin egin beharreko azken ukituetan ari dira une honetan institutu berrian, eta udan zehar berriz, ikasturte hasierarekin martxan jartzeko beharrezko duen ekipamenduaz hornituko da ikastetxea. Azken urteetan Euskadin derrigorrezko etaparako hezkuntza-azpiegituratan egin den inbertsiorik handiena da honako hau.
Orotara 11.000 metro koadrotik gorako azalera eraikia duen eraikin berriak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zazpi lerro eta Batxilergoko lau lerro izango ditu; bi hezkuntza-etapa horietako 940 ikasle inguru hartzeko gaitasuna, beraz. Eraikitzeko 8.128.505,60 euroko inbertsioa (BEZ barne) behar izan duen azpiegitura berri honekin, Eusko Jaurlaritzak erantzun egokia eman nahi die Arabako hiriburuan azken urteotan biztanleria-hazkunderik handiena izan duen auzo honetako hezkuntza-premiei. Hain zuzen ere helburu horrekin eta auzo honetarako bertarako (Zabalganarako), Aldaialde ikastetxe publikoa izango denaren proiektua egia bihurtzeko izapideak egiten ari da une honetan Hezkuntza Saila. Aipaturiko hau, Aldaialde, Gasteizko zonalde honetan Hezkuntza Sailak eraikiko duen Haur eta Lehen Hezkuntzako hirugarren ikastetxe publikoa izango da, Zabalgana eta Mariturri ikastetxeak eraiki ondoren.
Zabalgana Institutuarekin gertatuko den moduan, datorren irailean Euskadin Hezkuntza Sailak sustatu dituen beste hainbat azpiegitura berri ere martxan jarriko dira, ikasturtearen hasierarekin batera, hala nola, Pagasarribide Institutua (Bilbon), Urduliz Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen handitze lanak (4 milioi eurotik gorako inbertsioarekin), Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe berria, eta Haur Hezkuntzareko ikasgela-eraikin berria Dulantzin.
DBH eta Batxilergoa
2018-2019 ikasturtea hastearekin batera sartuko dira Zabalgana Institutuaren eraikin berrira DBH-ko 193 ikasle (lehen, bigarren eta hirugarren mailetakoak), 3 lerrotan banatuta. Ondoren, ikasturtez ikasturte, eta ikasle berriak iritsi ahala, instalazio berri hauek betez joango dira Batxilergoko bigarren mailara iritsi arte, eta ikastetxearen gaitasun osoa bete arte.
Duela bi urte institutua sortu zenetik - 2016-2017 ikasturterako- Zabalgana BHI Gasteizko Ramiro de Maeztu Institutua izan zenaren egoitzan egon da. Zabalgana Institutuan euren eskola ibilbideari jarraipena ematen diote Zabalgana, Mariturri eta Miguel de Cervantes ikastetxeetako neska-mutilek, Lehen Hezkuntza amaitu ondoren.
Zabalgana BHI, eraikin berria
Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berriak “U” forma du, eta lau eraikin-bolumenek osatzen dute. Eraikin errektangular nagusi bat da horietan lehena, erabilera orotarakoa (Zuazoko Atea kalean). Eraikin honek sarrera nagusia eta DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek erabiliko dituzten ikasgelak hartzen ditu. Eraikin nagusi honetatik beste bi eraikin-bolumen irteten dira, U-aren bi besoak osatuz. Bata DBHko eraikina da (errekaren ondoan), eta bestea berriz Batxilergokoa. Eraikin hauetan ikasgelak kokatzen dira, eta bien arteko espazioan berriz, jolastoki zabala. Azkenik, gimnasioa eta pista estalia hartuko dituen eraikin-bolumena DBHko eraikinari atxikirik egin da.
Institutu berriak behe solairua eta horren gainean eraikitako beste bi solairutan banatzen ditu bere instalazio guztiak, eta orotara eraikitako 11.369,83 metro koadroko azalera du.