Berriak Lehendakaritza
Eu

Open Irekia Ekuadorren

2015.eko abenduak 03

Carchiko prefekturak, Carchiko gobernu irekiaren bidez, Irekiaren software askea garatu du Ekuadorreko iparraldeko eskualdean. Webgune berria Eusko Jaurlaritzako Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak eta Carchiko prefekturak azken hilabeteetan egindako elkarlanaren emaitza da eta eskura dago helbide honetan: https://gobiernoabierto.carchi.gob.ec/es

Carchi Ekuadorreko iparraldeko eskualdean, Kolonbiaren mugakidea den horretan, nekazaritza eta merkataritza dira jarduera ekonomiko nagusiak eta bertako hiriburua, Tulcan, zero paraleloan egon arren, Ekuadorreko hiri hotzenetakoa da, 3.000 metrora dagoenez.

Gobernu Irekiaren zuzendari Luis Petrikorena gobernu irekiaren eta opendataren ekimena aurkezteko ekitaldi ofizialean izan da. Tulcan hiriburuan egin dute, Carchiko prefeta Guillermo Herrera eta Melva Cadena prefetordea buru zirela. Plataforma mota horren berrikuntzak nabarmendu dituzte aurkezpenean, Ekuadorri bezala, Latinoamerika osoari onurak ekar diezazkioke-eta.

Eusko Jaurlaritzak lehendik ere bazuen harremana Carchi eskualdearekin, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez. Gainera, Irekiaren ekitaldietan lankide izan den Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiak ere parte hartu zuen, berak gomendatu baitzien Irekia plataforma eskualdeko arduradunei, gobernu irekiaren estrategiari ekiteko oinarri aproposa iritzita.

Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak beste behin erakutsi du Open Irekia plataformaren software askea ahalik eta erakunde gehienek erabiltzea duela xede, etengabeko hobekuntzarako komunitate handiagoa sortzeko, gobernu irekiaren funtsetako bat denez hori.

Besteak beste, Asturiasko printzerria eta Arona zein Quart de Pobleteko udalak, beren gobernu irekiak garatzeko, aurten alderdi asko eguneratu diren Open Irekiaren softwarean oinarritu dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)